Herri txiki, eragin handi

Landa eremuan praktikak egiteko aukera eskaintzen du NUPek. Xedea da despopulazioari aurre egitea landa eremuko Sustraiak Erasmus egitasmoaren bidez. Parte hartzen duten gazteak lau hilabetez aritzen dira despopulazioa pairatzen duten herrietan.

Allotzeko urtegia (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Allotz-Iruñea
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Jendea ezagutu eta herrian errotu. Horretan datza landa eremuko Sustraiak Erasmus programa.Duela bi urte sortu zuen NUP fundazioak despopulazioari aurre egiteko. Horren bidez, despopulazio egoeran dauden Nafarroako herrietan praktikak egiteko aukera eskaintzen du NUP Nafarroako Unibertsitate publikoak. Herrien eta hirien arteko eraginez eta harremanez hausnartzeko egitasmoa ere bada. Proiektuan 28 gaztek parte hartzeko aukera dute.

Parte hartu ahal izateko, bi bide daude: NUPeko edozein gradu, master edo postgradutako ikaslea izatea eta kredituen %50 gainditua izatea edo edozein unibertsitatetako titulua izatea. Lau hilabeteko praktikak dira. Erakundeek 250 langile baino gutxiago izan behar dituzte, publikoak zein pribatuak izan daitezke, eta despopulazioa pairatzen duten herrietan egon behar dute. Batzuetan,bertan lanean geratzeko aukera dago. Programa 30 urtetik beherako gazteentzat da.

Hiru helburu nagusi ditu egitasmoak: tokian tokiko garapena sustatzea, gazteak landa eremuan errotzea eta landa eremuaren inguruko kontzientzia piztea. Bertan, gazteek despopulazioari aurre egiteko proiektu bat garatu behar dute; horrez gain, praktiketako lekua eta inguruko herriak ezagutzeko aukera izaten dute.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, lau udalerritik bat despopulazio arrisku larrian dago; hau da, Nafarroako 272 udalerrietatik 76.Batez ere eragiten die Pirinioei, Zangozari, Nafarroako erdialdeari eta Larrauni. Despopulazio maila guztiak kontuan hartuta, 272 udalerrietatik 174 despopulazio egoeran daude. Horren adibide dira Nafarroako Mendaza, Gesalatz eta Oskotz herriak. Bertan praktiketan daude, hurrenez hurren, Ane Escala Iparragirre, Maider Rezusta Ruiz eta Asier Nuñez Lezea. Hiru hilabete daramatzate praktiketan.

Birsortzen

Nafarroako Gobernuak finantzatzen ditu praktikak; 120.000 euro jarri ditu horretarako. Erakundeak eta proiektuak aukeratzeaz etajarraipenaz arduratzen da NUPFundazioa. Ikasle bakoitzak 3.636,70 euro jasotzen ditu praktikak egiteagatik.

Gazteek nabarmendu dute herri horietan baliabide gutxi daudela, eta, horri esker, baliabide gutxi izan arren zenbait proiektu aurrera eraman daitezkeela. «Oso baliabide gutxi dituzte, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak proiektua aurrera eramaten laguntzen du. Alkatea [Javier Senosiain] adibidez, egun bakarra kontratatuta dago; asko borrokatu behar dute gauzak lortzeko», nabarmendu du Escalak. Ideia horrekin bat egin du Rezustak; Gesalatzeko Udalean praktikak egiten ditu:«Udalean daudenek gauza asko egin nahi dituzte, baina hemendik kanpo beste bizitza bat daukate. Euren lana eta bizitza ez denez udalera mugatzen,oso zaila da; egitasmoari esker,proiektu gehiago garatu ditzakete».

Ane Escala
«Ematen du kanpotik zatozela hiru hilabeteeta bazoazela»

Soziologia aplikatuko azken urtean dago Ane Escala Iparragirre (Iruñea, 1995), eta Mendazako Udalean (Nafarroa) praktikak egiten ari da: «Hirikoa izanda, landa eremua gehiago ezagutzeko aukera bat zela pentsatu nuen; gainera, praktikak egitea oso gomendagarria da». Mendazako turismoaren dinamizaziorako proiektu bat egiten ari da: «Arantxa Urtadok, beste ikasle batek, ezarri zituen oinarriak, eta ni horren jarraipena egiten ari naiz». Bi helburu nagusi ditu proiektuak: herriko ondareari garrantzia ematea eta ekonomia dibertsifikatzea. «Bertako bizilagunen inplikazioa sustatu nahi dugu, ondarea zaintzeko eta kontzientzia kolektiboa sortzeko. Horrez gain, inguruan egiten den lana ezagutarazi nahi dugu». Horretarako, herriko ondarea txosten batzuetan jaso eta ezagutarazteko jarduerak egiten ari dira.

Kontent dago praktikekin, baina ez dator bat praktiken izenarekin: «Ez dut izenburua aproposa ikusten». Gaztearen ustez, Erasmus hitza erabiltzeak ez du ondo islatzen proiektuaren muina: «Ematen du kanpotik zatozela hiru hilabete eta bazoazela; ez zait ondo iruditzen gauzak horrela planteatzea». Zer islatu beharko lukeen azaldu du: «Azpimarratu beharko lukete polita dela, lotura sortu behar duzula lekuarekin, eta jendea ezagutu; dena modu horizontalean». Xedea da modu jasangarrian jendea erakartzea, despopulazioa pairatzen duten herrietan eragina izatea eta mugimendua eta saretzea sortzea.

Gazteleraz ikasten du, ez dagoelako euskarazko aukerarik; praktikak ere gazteleraz dira: «Esaten zuten gomendagarria zela euskaraz jakitea, baina, ez dakitenez, nik ez dut erabili; pena da».

Maider Rezusta
«Denon artean joanen gara ideiak proposatzen eta gauzak sortzen»

Zurezko txabola bateko pareten artean egoten da Maider Rezusta Ruiz (Arraiza, Nafarroa, 2000); beti bezeroak artatzeko prest. Nekazaritza eta Landa Inguruneko Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da, eta Allotzeko urtegian (Nafarroa) egiten ari da praktikak: «Etorkizunean irakaslea izan nahi dudanez, oso aukera ona d,a haurrekin ekintzak antolatzen ditudalako eta ingurumena zaintzen dudalako». Informazio turistikoa banatzen du txabolan; horrez gain, informazio bila doazenekin ingurumenaz hitz egiteko aukera du: «Jende asko dagoenean, paseo bat ematen dut, jendearekin hitz egiteko; zakar poltsak ematen dizkiet zaborra ez botatzeko». Horrez gain, haurrekin birziklatzeko ekintzak antolatzen ditu.

Helburua da Allotzeko urtegia bere kabuz garbi mantentzea: «Jende askok zaborra botata uzten du. Guk nahiko genuke jendeak mendia bezala zaintzea; alegia, sortzen duten zaborra etxera eramatea». Horregatik, behar dutenei zabor poltsak eta hautsontziak ematen dizkiete.

Jende askok utzikeriaz jokatzen duela nabarmendu du: «Azaltzen diet, baina ez dute kasurik egiten; hala ere, gutxi batzuengan eragina badut, kontent egonen naiz». Egindako lanarekin «oso pozik» dago. Azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela proiektuari jarraipena ematea: «Ez dakit nor izanen den hurrengoa, baina denon artean joanen gara ideia proposatzen eta gauzak sortzen».

Egiten ari den praktikak herriarentzat «onuragarriak» direla iruditzen zaio; udalak baliabide «gutxi» dituelako: «Jendea egun-pasa etortzen da, baina hau herri bat da, eta hemengoentzat herria mantentzeko eta proiektuak garatzeko aukera bat da».

Asier Nuñez
«Praktikak amaitzean lan egiteko aukera eskaini didate»

Ekonomiako laugarren maila amaitu du Asier Nuñez Lezeak (Iruñea, 2000), eta Gradu Amaierako Lana geratzen zaio ikasketak amaitzeko. Praktikak egiten ari da Planet Energy enpresan, Oskotzen (Nafarroa). «Despopulazioaren inguruan egiten ari ginen lanari esker ezagutu nituen praktikak». Gertutasunagatik aukeratu zuen Planet Energy; Nuñezen ustez, «oso zaila» da azaltzea zer egiten duten: «Ideia oso erraza da: buelta eman nahi diogu klima aldaketaren arazoari, baina hori nola egin nahi dugun azaltzea ez da batere erraza». Horrek motibatzen du, bereziki. Funtzio asko ditu enpresan: webgunearen testuak idatzi, ikastaroetako atalak diseinatu, enpresaren kostuak begiratu eta ikertu. Gainera, Savory Institute enpresa sortzen laguntzen ari da: «Funtzioetako bat da nekazariei baliabideak ematea kostuak gutxitzeko eta lana errazteko».

Lana «oso gustuko» du, eta hasieran zituen espektatibak gainditu dituela dio: «Oso berria izan da dena: denek bide bera hartu nahi dute lurra lehengoratzeko eta desertifikazioari aurre egiteko; oso erraza da beraiekin lan egitea». Lantaldean gustura dago, baina Altsasutik (Nafarroa) telelana egiten duenez, Zoom bidez eta ikastaro batzuetan ezagutu du jendea: «Bi astean behin, bilera telematiko bat egiten dugu, eta, bi edo hiru hilean behin, harreman estrategikorako bileran elkartzen gara; lehena Bartzelonan, hurrengoa Huescan [Espainia]».

Praktiken kontratuak lan merkatuan sartzeko hauspoa dira gazte batzuentzat; batzuei ziurgabetasuna eragiten die enpresan geratzeko aukerarik ote duten ez jakiteak. Nuñezi hilabete geratzen zaio praktikak amaitzeko: «Praktikak amaitzean lan egiteko aukera eskaini didate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.