Mikroak piztu, ezagutarazteko

Musikaz gozatzeko antolatzen dituzte mikro irekiak. «Lagun arteko» gune «erosoak» dira, jendea ezagutzeko, elkartzeko, norberaren artea ezagutarazteko eta lehenengo aldiz publikoaren aurrean jotzeko. Horren adibide dira Toki Leza taberna eta Open Mikros egitasmoa.

3. Maria Errea. Iruñeko Toki Leza ostatuan hasi zen kantatzen Maria Errea. Han jarraitzen du. Irudian, igandean, kantuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Eskuak eta hankak dardarka nituen, baina oso babestua sentitu nintzen». Horrela gogoratzen du Maria Errea musikariak oholtzara bakarrik igo zen lehenengo aldia.Iruñeko Toki Leza tabernan jo zuen lehenengo aldiz; igandero antolatzen dituzten mikro irekietan. Bost urte igaro dira ordutik, eta ia igandero joaten da; joan den igandean jo zuen, eta datorren igandean joko du berriz.

Nahi duenak jotzeko aukera eskaintzen dute mikro irekiek: gehienetan zerrenda bat egoten da, eta bakoitzak pare bat kanta jotzen ditu. Batez ere, hasi berrientzat lehenengo aukera izaten da askotan; hala ere, ibilbide luzeko musikariek ere parte hartzen dute mikro irekietan.

Halako guneen garrantzia azpimarratu du: «Toki [Leza] mugarri bat izan da; duela hamar urte ez nuke imajinatuko publikoaren aurrean joko nuenik; Tokiri esker izan da». Harentzat «oso leku berezia» da, eta azpimarratu du ordutik lotsa galduz doala: «Han dagoen jendearengatik da: oso jatorrak eta atseginak dira, eta pila bat zaintzen naute». Horrek konposatzen laguntzen diola esan du: «Energiari esker gai berriak okurritzen zaizkit».

Txikitatik izan du harremana musikarekin, neba nagusiek gitarra jotzen zutelako. Pablo Erreak zenbait akorde erakutsi zizkion, baina neba guztiak etxetik joan zirenean, etxean gitarrarik ez zegoenez, jotzeari utzi zion. 25 urte zituenean, senideek gitarra bat oparitu zioten, eta berriz hasi zen jotzen: «Gitarra ikastaro batean izena eman nuen, eta txikitan ikasitakoa errepasatzen hasi nintzen». 30 urte pasatu ziren oholtzara lehenbiziko aldiz igo zen arte: «Hasieran Edurekin [Errea] igo nintzen oholtzara, eta ahotsak egiten nituen. Hasieratik eroso sentitu nintzenez, oholtzara bakarrik igotzea erabaki nuen».

Elkartzeko txoko bat

Life Chences EPa kaleratu zuen joan den urtean, eta uste du Toki Lezan ikasitakoak «eragin handia» izan duela horretan: «Lehenengo aldian sentitu nuen ez nuela ondo egin, baina jendearengandik jaso nituen mezuak oso onak izan ziren: esaten zidaten bide onetik nindoala, eta jotzen eta parte hartzen segitzeko».

Gogoz hartzen ditu igandeak Erreak, Toki Lezan «pilak kargatzen» dituelako. Gaineratu du gune horretan beste kuadrilla bat sortu duela: «Ez da beharrezkoa inorekin geratzea, beti norbait dagoelako. Gainera, aste osorako energia ematen dizu». Euskal Herritik kanpo bizitzen egon denez, ez da nahi beste joan.

«Asko» lagundu dio bertan jotzeak, eta uste du horrelako lekuak «oso lagungarriak» izan daitezkeela hasi berrientzat: «Oraindik ez dut erakusteko daukadan guztia atera, baina pila bat hobetu dut». Bat egiten du horrekin Antonio Armendarizek.Toki Leza tabernako jabea eta mikro irekien antolatzailea da: «Aukerak sortzeko leku bat da, eta jendeari bere estiloa fintzeko aukera ematen dio».

Armendarizek ez du argi noiz hasi ziren Toki Lezan mikro irekiak egiten: 2005ean edo 2006an izan zela esan du. Lehenengo hazia nork jarri zuen ere kontatu du: «Augusto El Espazial izeneko lagun eta bezero bat izan zen». Domotikan lan egiten zuelako deitzen zioten horrela: «Aitzindaria izan zen horretan». Zendu zenean marihuana poltsa bat utzi zien horrekin besta bat egiteko. «Talde askok jo zuten, eta betiko jendea etorri zen. Augustok egin zigun oparia presente dago oraindik». Ordutik, igandero egiten dituzte mikro irekiak, 19:30etik 22:30era: «Mikro ireki bat baino gehiago, klub akustiko bat da».

Armendariz musikaria da, eta 1980ko hamarkadan hasi zen jotzen. Azken urteetan zenbait musika talde izan ditu; lehenengoak Los Refugiados izena zuen. Gaur egun, Los Parrocko's musika taldean dago. «Talde batekin edo besterekin, beti egon naiz musikaren munduan, baina lanarengatik ezin izan ditut beste gune batzuk ezagutu». Kontzertuak antolatzeaz gain, Toki Lezako tabernaria da.

Berak jartzen du mikro irekietarako materiala; hortaz, berak jotzen eta kantatzenditu lehengo kantuak. Hala ere, parte hartzeko ez dago zerrendarik; hara joatearekin aski da: «Txandakatzen dira; bakoitzak normalean bere tartea dauka, eta norbait berria etortzen denean lekua egiten diote». Batzuk bakarrik igotzen dira, eta beste batzuk, binaka edota taldeka. «Asko hemengo bezeroak dira, beti musikaren inguruan ibilitakoak»

Musika ardatz

Mikro irekietara igandero joaten den jendea dago, baina berriak ere animatzen direla esan du Armendarizek: «Edonor etor daiteke jotzera; askorentzat lehenengo aldia da, eta oso polita da pare bat kanta jotzeko aukera izatea». Batez ere, folk-rock estiloko kantak jotzen dituzte, gehienak ingelesez. Hala ere, euskarazko kantak ere jotzen dituzte. Adin guztietako jendea joaten da, baina gehienak 40 urtetik gorakoak dira. «Musikarako taberna bat da hau, beti egon da irekia, eta ez da sarrerarik ordaindu behar», azaldu du Armendarizek.

Toki Leza ez da mikro irekiak antolatzen dituen Euskal Herriko taberna bakarra. Badira beste gune batzuk artea, kultura eta sorkuntza sustatu nahi dutenak. Zorrotzaurre inguruan (Bizkaia) horrelako asko antolatzen dituzte. ZAWP Zorrotzaurre Art Work In Progress gunean hilabeteko lehenengo igandean antolatzen dituzte mikro irekiak. Horrekin batera, ZAWPek berritu zuen La Terminalen igande goizetan merkatu bat egiten dute, eta edonorigo daiteke oholtzara.

Horrez gain, Angeluko (Lapurdi) Aperock Cafe tabernan, asteazkenetan, 20:00etatik 23:30era mikro irekiak egiten dituzte. Helburua da kultura eta artea uztartzea eta sustatzea.

Badira beste taberna batzuk artean eta kulturan jarduten ez dutenak baina mikro irekiak antolatzen dituztenak. Adibidez, Iruñeko El Molino de Caparroso tabernan, ostiralero mikro irekiak egiten dituzte, 20:00etan. Duela urte bat jabez aldatu zuten, eta ordutik antolatzen dituzte. Jabe berriak piano bat erosi zuen jangelan jartzeko eta kontzertu akustikoak egiteko.

Donostian ere musikaz gozatzeko zenbait toki daude: adibidez, The Loaf tabernan, Open Mikros izeneko egitasmoan. Berez, okindegi eta gozotegi bat da, baina tarteka mikro irekiak egiten dituzte. Bi ostegunean behin elkartzen dira musikaz gozatzeko.

«Donostian horrelako egitasmo kulturalak antolatzeko beharra zegoela ikusi nuen», azaldu du Joan Gomila Open Mikros egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak. Bi urte daramatza Donostian mikro irekiak antolatzen, baina kontatu du hazia duela bost urte erein zutela: «Jam session-ak antolatzen hasi ginen». Ostean, musika eta poesia uztartzen hasi ziren: «Poeten eta musikarien arteko kolaborazioak eta inprobisazioak egiteko saioak ziren». Azkenik, musika ardatz zeukan gune bat «behar» zela ikusi zuen, eta hortik sortu zen mikro irekien ideia.

Artistentzako txoko bat

Gomilaren ustez, «zaila» da definitzea zertan desberdintzen diren

jam session-ak eta mikro irekiak. «Askotan biak nahasten dira». Jam session-a zertan datzan azaldu du: «Batzuetan musikariek base baten gainean inprobisatzen dute, eta beste batzuetan denek ezagutzen duten kanta bat moldatzen dute». Adierazi du «magikoa» eta «sortzailea» dela.

Mikro irekiak musikariek jotzen hasteko lekuak direla esan du, eta «beharrezkoak» direla publiko baten aurrean lehenengo aldiz jotzeko: «Artistentzako gune bat nahi genuen: lagun artekoa eta erosoa». Hala ere, berria den jendea ez ezik, esperientzia luzea daukan jendea ere joaten dela esan du. «Zerbait berezia sortzen da».

Zenbait artistarekin harremanetan jarri zen, eta parte hartzera gonbidatu zituen; poliki-poliki jendea batuz joan zen. Horrez gain, hasieran QR kode bat sortu zuten jendeak aldez aurretik izena emateko, eta denboraz zerrenda antolatzeko, baina ikusi zuten horrek ez zuela funtzionatzen: «Jendea espontaneoagoa denez, nahiago dute azken momentuan izena eman». Hortaz, jendeak lehenagotik idazten die edo egunean bertan zerrendan izena ematen dute. «Normalean, hasieran kontzertu bat egiten dugu, eta gero mikro irekia».

Bi ostegunean behin elkartzen dira Donostiako The Loaf tabernan, eta gaur berriz elkartuko dira. Gomilak nabarmendu du kultur ekitaldi «handietan» jartzen dela arreta, eta ekitaldi «xumeagoak» bazterrean geratzen direla: «Herriak sortzen ditu mikro irekiak: gaztetxeek, herriko tabernek eta horrelako guneek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.