Albistea entzun

Lurraren barrunbeak ezagutzen

Lurraren barneko prozesuen berri izateko, uhin sismikoak erabiltzen dira. Berriki, ikerketa batek erakutsi du nukleo solidoaren abiadura moteldu egin dela, eta agerian utzi du mantuaren eta nukleo solidoaren arteko abiadura aldea.

Lurraren barneko geruzak eta barne nukleoa.
Lurraren barneko geruzak eta barne nukleoa. ARGONNE NATIONAL LABORATORY Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko otsailak 3

Joan den astean agudo zabaldu zen albistea: Lurraren nukleo solidoa moteldu egin da. Hortik aurrera, askotariko mezuak hedatu ziren: nukleoa gelditu dela, beste aldera ari dela biraka... Yi Yang eta Xiaodong Song ikerlariek Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako ikerketa izan da horren guziaren abiaburua. Haiek bildutako datuen arabera, Lurraren nukleo solidoan aldaketak gertatu dira. «Errotazioan sumatu ditugun aldaketak hamarkada batzuetako zikloetan gertatzen dira, eta Lurraren barne prozesuak hobe ulertzeko balio dezakete», adierazi zuten ikerlari txinatarrek.

Ikerketak ez du deus berririk, aditu askoren arabera, orain arteko ikerketa bidea baieztatzen baitu. Hala ere, garrantzitsua da, Lurraren barrunbeak ezagutzeko bidea luzea baita oraino. Lurraren mantuaren errotazio abiadura eta nukleo solidoarena ez dira berdinak, eta alde hori aldatuz joaten da. Orain, nukleoaren abiadura moteltzen ari dela ikusi dute ikerlariek uhin sismikoen datuak aztertuz, eta mantua eta nukleoa abiadura berean doazela dirudi. Horrek ez du inolako eraginik giza pertzepzioan, aitzitik.

Lurraren barrunbeak aztertzea ez da afera erraza, ezin baita bertatik bertara ikertu. Jakina da Lurraren sakonean nukleo solido bat dagoela, burdinazko esfera moduko bat, eta, horren inguruan, kanpoko nukleo likidoa dago, burdin urtuz osatutakoa. Azken hori da parte likatsua, barne nukleoaren desakoplamenduari bide ematen diona. Hurrengo geruza mantua da, mineral arinagoek osatutakoa, eta, azkenik, lurrazala dago.

Barneko geruza horiek ikertzeko bideak asko hobetu dira azken urteetan, Arturo Apraiz EHUko geologoak dioenez: «Lurraren barnea ezagutzeko metodorik eraginkorrena uhin sismikoak dira, eta sekulako aurrerapena lortu da azkenengo urteetan, uhin sismikoak detektatzeko askoz ere sismografo gehiago dagoelako Lurraren azalean, eta gaitasun informatikoa izugarri handitu delako».

Hain zuzen ere, uhin sismikoen azterketa da Yangek eta Songek egin dutena. Hegoaldeko Sandwich uharteetan (Erresuma Batua) gertatutako lurrikarek uhin sismikoak sortzen dituzte, eta, mantua eta nukleoa zeharkatu ondoren, Alaskako puntaraino iristen dira. Uhin sismiko horiek neurtu dituzte 70 urtean, eta ohartu dira ez direla beti denbora berean ailegatzen lurrikara gertatu den tokitik sismografora. «Horrek esan nahi du zeharkatzen dituzten materialetan aldaketaren bat dagoela, eta, dirudienez, aldaketa hori barne nukleoaren mugimenduan aurkitu dute», azaldu du Apraizek.

Nukleoa planetaren gainerako parteak baino azkarrago mugitzen zela uste zuten, baina orain ikusi dute motelduz joan dela. «Esaten dute barne nukleoa mantua baino apur bat motelago mugitzen ari dela, uhin sismikoak apur bat geroago iristen direlako, eta orain dela 30 urte uhin sismikoak arinago iristen zirenez, barne nukleoa azkarrago mugitzen zela».

Ez da gelditu

Interpretazio horretan izan da arazoa. Nukleoa ez da gelditu, geldotu baizik. Nukleoa beste aldera biratzen hasi dela ere zabaldu da, baina ez da hala. «Mantuaren eta nukleoaren arteko abiadura ezberdintasuna neurtzen dute. Nolabait, biak batera mugitzen badira, esan daiteke barne nukleoa ez dela mugitzen mantuarekiko, baina horrek ez du esan nahi geldirik dagoenik. Ez da geldituko», argitu du Apraizek.

Pertzepzio kontu bat da. Errepidean bi auto abiadura berean badoaz, auto batetik geldi ikusten da bestea, parez pare doalako. Horrek, noski, ez du esan nahi autoa gelditu denik. Ondoko autoak abiadura moteltzen badu, atzera doala irudituko zaio azkarrago doan gidariari.

Baina zergatik gertatzen da abiadura aldaketa hori? Apraizek azaldu du: «Bi faktore daude. Eremu magnetikoaren indar elektromagnetiko batek eragiten du barne nukleoaren mugimendua, eta, gero, baita mantuaren eta nukleoaren arteko grabitazio indarrak ere. Bi indar horien eraginez mugitzen da barne nukleoa. Indar horiek aldatu egiten dira, beraz, ez dute berdin eragiten barne nukleoan».

Bada beste arrazoi bat: barne nukleoa ez da esfera perfektu bat. «Ez da billar bola bat burdinazko magma batean sartua; apur bat esajeratuta, esan genezake arrautzaren tankerakoa dela. Gainera, horren barruan materia ez dago modu homogeneoan hedatuta. Beraz, errotazioa ez da perfektua». Arrautza bat biraraztean zer gertatzen den ikusi baizik ez dago.

Aditu batzuen arabera, ikerketak balio dezake barne nukleoak eremu magnetikoa mantentzeko prozesuan eta planetaren errotazioaren abiaduran duen eragina ikertzen jarraitzeko. Ikerlariek iradoki dute balitekeela aldaketa horiek egunen iraupenean, eremu magnetikoan, eremu grabitatorioan, uraren mailan, kliman eta lurraren itxuran eragitea. Hala ere, ez da kezkatzeko motiborik, Apraizen ustez: «Egunaren iraupenean dagoen eragina milisegundo kontua da: ezinezkoa da guk hori sumatzea. Lurraren eremu magnetikoan izaten diren aldaketa txikiek ere ez dute, printzipioz, eraginik guretzat».

Oso atzera edo oso aurrera begiratu beharko litzateke halako aldaketa handi baterako. «Iragan geologikoan egon dira, eta etorkizun geologikoan ere egongo dira askoz ere aldaketa handiagoak Lurraren inguruko eremu magnetikoa ahulduko dutenak, eta sasoi horiek arriskutsuagoak dira, Eguzkiaren izpi ultramoreak gugana errazago iritsiko direlako eta aldaketak gerta daitezkeelako, bai kliman eta baita bizi baldintzetan ere». Orain horretaz kezkatzea alferrik da, ordea. Ehunka mila edo milioika urte beharko dira hori gertatzeko. «Aldaketa txiki hauek 70 urteko zikloetan izaten dira. Orain dela 70 urteko egoera eta oraingoa bera izango da, eta hemendik 70 urtekoa ere bai, eta tarte horretan ez dugu aldaketarik sumatuko».

Geroz eta sakonago

Arestian aipatu bezala, Lurraren barrunbeak ezagutzeko bideak asko hobetu dira azken urteotan. Horri esker, Lurraren barneko hiru dimentsioko irudiak lortu dituzte ikerlariek. «X izpien bitartez-eta fetuen edo burmuinaren 3Dko irudiak lortzen diren bezala, uhin sismikoak erabiliz Lurraren barnean dauden gauzen hiru dimentsioko irudiak lortzen ari gara», azaldu du Apraizek. Horrek «sekulako aldaketak» ekarri ditu duela 10-15 urte Lurraren barruari buruz zuten jakintzan.

Besteak beste, hauxe: «Jakin dugu zergatik gertatzen diren prozesu bolkaniko asko; esaterako, argiago dago nondik datorren Islandiako, Kanarietako, Azoreetako eta Hawaiiko bolkanismoa». Apraizek esan du lehen ez zela jakina bolkanismo horren jatorria: «Magmarekin zer gertatzen zen bagenekien, baina horren atzean zer zegoen ez. Gaur egun nahiko argi dago Lurraren mantuaren barruko zenbait prozesurekin lotuta dagoela, baina, duela 10-15 urte, ez genekien».

Jakintza berriak ez dagozkio soilik afera horri. Apraizek argi du Lurraren sakonean bilatu behar direla Lurraren azalean gertatzen diren prozesuen arrazoiak. «Gaur egun, baditugu hori bilatzeko bideak, uhin sismikoen azterketak, eta lortzen ari gara Lurrak orokorrean zelan funtzionatzen duen jakitea». Fisikoki ez bada ere, geologoak bide berriak urratzen ari dira Lurraren sakonera ailegatu eta haren barrunbeak geroz eta hobeki ezagutzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Sagardoi Roland Emmerichen telesail batean ari da lanean

Urtzi Urkizu

Gladiadoreen gaineko telesail bat da: Those about to Die. Erromako Cinecitta estudioetan ari dira grabatzen. «Sinestea kostatzen zait oraindik», esan dio BERRIAri Durangon (Bizkaia) jaiotako aktoreak.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...