Literatura

Bizitzako miserietatik libre idazteko aukera

Brian O'Nolan idazle irlandarrak 'An Béal Bocht' (Aho landerra) eleberria argitaratu zuen Myles na gCopaleen izengoitiarekin 1941. urtean. Ingelesez, Flann O'Brien deitura erabili zuen.

Brian O'Nolan, Dublinen, 1950eko hamarkadan. THE IRISH TIMES.
Gorka Arrese.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Umore tanta batez esan ohi da, Irlanda izango dela metro koadroko idazle on gehien dituen herria Europan. Gutxi batzuk aipatzearren: Oscar Wilde, Padraig Pearse, W.B. Yeats, Bernard Shaw, James Joyce, Liam O'Flaherty, Sean O'Faolain, Patrick Kavanagh, Samuel Beckett, Frank O'Connor, Anthony Cronin, Brendan Behan, Seamus Heaney, Edna O'Brien, John Banville, Jamie O'Neill, Anna Burns, Sally Rooney...

Horietako batzuen lanak, hamarrenak zehazki, euskaraz irakurtzeko moduan daude, luze zein labur; baina oraindik ez da Myles na gCopaleen (edo Flann O'Brien) idazlearen kontakizunik, antzerkirik eta eleberririk argitaratu, Irlandako literaturaren historian ospe handikoa den arren.

Brian O'Nolan 1911n jaio zen Ipar Irlandako An Srath Ban (Strabane) herrian. Hamabi anai-arrebetan hirugarrena zen. Administrazio publikoan zeukan lanarengatik, eta zentsurari ihes egitearren, izengoiti ugari erabili izan zuen. The Irish Times egunkarian eta gaeleraz idazten zuenean Myles na gCopaleen goitizenaz baliatzen zen, eta ingelesezko nobeletan, aldiz, Flann O'Brien deituraz. The Irish Times egunkarian ez ezik, Leinster Times eta The Nationalist agerkarietan ere idatzi zuen, eta literatur lanak Envoy eta The Bell aldizkarietan. Dublinen hil zen, 1966an.

Lehendabiziko ipuin laburrak gaeleraz eta Brian O Nuallain sinadurarekin argitaratu zituen Irish Press egunkarian, 1932an. Ingelesez idazteari ekin zion 1934an, eta Flann O'Brien deituraz At Swim-Two-Birds (Bi-Txori-Xirripan) eleberri sofistikatua argitaratu zuen 1939an; arrakasta izan zuen literatur munduan, baina salmenta oso gutxi. Beraz, The Third Policeman (Hirugarren polizia) nobela plazaratzeko editorerik ez zuen topatu 1940an, eta ez zen argitara eman 1967 arte, idazlea hil ostean.

Editoreei muzin eginez idatzi zuen gaelerazko eleberria: An Béal Bocht (Aho landerra), 1941ean kaleratua. Handik gutxira, hiru antzerki lan estreinatu zituen: Thirst (Egarria), Faustus Kelly eta Josef eta Karel Capek anaien Ze zivota hmyzu (Zomorroen komeriak) obraren egokitzapena.

Askoz geroagokoak dira The Hard Life (Bizitza Gogorra, 1961) eta The Dalkey Archive (Dalkey Artxiboa, 1964) nobelak.

Parodia eta kritika

«Gaelikoak! Nire bihotz gaelikoa pozez betetzen da, gaur hemen zuei gaeleraz zuzentzen natzaizuelako, gaeleraren lurraldearen erdialdeko jai honetan. Utzi egidazue esaten, gaelikoa naizela. Gaelikoa naiz burutik oinetaraino, lau aldeetatik gaelikoa. Era berean, benetako gaelikoak zarete zuek guztiak ere. Leinu gaeliko garbiko gaelikoak gara denok. Gaelikoa dena gaelikoa izango da beti. Nik ez dut inoiz esan (ezta zuek ere), jaio nintzenetik, gaelerazkoa ez den hitz bat bera ere, eta are gehiago: esan dudan guztia hizkuntza gaelikoari buruzkoa izan da». Myles na gCopaleen goitizenez argitaratu zuen An Béal Bocht eleberriko pertsonaia baten hitzaldia da hau.

Irlandarrak irlandarrari barre egitea zilegi ote den, klasearen eta generoaren edo perspektibaren eta botere erlazioaren araberakoa denez, litekeena da denei grazia ez egitea. Jonathan Swift idazlearen umorea, kritika eta satira nola hartzen ote ziren XVIII. mendean, ez daiteke egoki neurtu gaur egunean. Baina An Béal Bocht nobela gaeleraz idatzita zegoen, 1941ean agertu zenean berehala ahitu zen, eta segituan berrargitaratu zuten, gauza harrigarria gaelerazko liburuez den bezainbatean.

«Benetako gaelikoak bagara, gaeleraz eta gaelikotasunaz arduratu behar dugu beti. Ez du ezertarako balio gaelera jakiteak, gaelikoak ez diren kontuei buruz hitz egiteko erabiltzen badugu. Gaeleraz hitz egiten dutenak, baina hizkuntzaren arazoaz arduratzen ez direnak, funtsean ez dira benetako gaelikoak; horrelako pertsonek ez diote batere mesederik egiten gaelikotasunari, egiten duten gauza bakarra gaeleraz trufatzea eta gaelikoak iraintzea baita. Munduan ez dago gaeleraz hitz egiten duten benetako irlandar gaelikoak bezain eder eta gaelikorik. Beraz, jai hau gaelikoki inauguratuta dagoela aldarrikatzen dut! Gora gaelikoak! Bizitza luzea gure gaelerari!».

Parodia bat dela bistan da. Askoren ustez, gaeleraz idatzitako eleberrietan handienetakoa da Aho landerra, dibertigarria eta gaiztakeria tantez bustia. A boca pobre galegoz plazaratu zuten 2016an, La boca pobre 2008an Espainian, Le Pleure-misère izenburuarekin frantsesez 1984an, The Poor Mouth ingelesez 1973an.

Corca Dorcha, Irlandako eskualde urrun eta euritsu bateko istorioak dira eleberrikoak. Txirotasun etsian bizi dira, zerri andana baten kiratsaz inguratuta.

Kartzelatik kontatzen

Bonapart O Cunasa delako bat da protagonista, eta bere oroitzapenak kontatzen ditu. Gomutan du, esate baterako, Dublin hiritik herrixkara joan zirela gaeleraren maitale dotore jantziak hitzaldi sutsuak egiten, baina azkar asko alde egin zutela, oharturik han pobreegia zela pobrezia, benetakoegia benetakotasuna.

Narratzailea, abentura beldurgarri batzuen ondoren, azkenean kartzelan sartzen dute hilketa bitxi baten kulpaz. Presondegian, «bizitzako miserietatik libre», garai hartako memoria hunkigarrienak idazteko aukera dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.