Azterketa sasoia eskiguneentzat

Zuberoako, Okzitaniako, Aragoiko eta Kataluniako eski estazioak gertu daude negu sasoia abiatzeko. Koronabirusak, iaz, eskiguneak ixtea ekarri zuen, eta aurtengoa, beraz, suspertze urtea da gehienentzat. Larra-Belagua oraindik itxita dago, azken ekaintzengatik.

Nordikorako joera. Izarben modalitate nordikoetan ibil daiteke. REMY SAKIROFF.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Abenduaren hasierak esanahi berezia du elurraren, mendiaren eta kirolaren zale ororentzat: eski denboraldiaren hastapena. Aurten, gainera, are bereziagoa izango da berriz ere elurretara joatea. Izan ere, COVID-19aren pandemiak iazko eski denboraldia eta mendiko kirolena bertan behera utzi zuen. Beraz, eski estazioek aurreko urteetako lana halako bi dute: iazko galeren harlauza pisutsuari aurre egin behar diote, batetik; eta aurtengo osasun egoerara moldatutako eskaintza erakargarri eta seguruak proposatu, bestetik.

Iratiko estazioan (Zuberoa), gaurtik hasita, Europako pagadirik handiena zuriz jantzita ikusteko parada izango dute bisitariek; Biarnoko Pirinioetako turismo bulegoko arduradun Remy Sakiroffen arabera, «kostaldetik bi ordura baino ez dago, eta aurten gaua igluetan edo egurrezko etxoletan pasatzeko aukera dago». Lagun taldeentzako eta familientzako programazioak, gainera, elur erraketa, eski eta lera eskaintza izango du.

Neguko kirolei ez ezik, tokiko ondareari eta gastronomiari ere lekua egin gura izan diote. «Horretarako, Ossau-Irati gaztaren inguruko bidaia tematikoa sortu da», dio Sakiroffek.

Handik ez oso urrun, Izarbeko eski estazioak «neguko kirol modalitateen uztarketan» oinarrituko du aurtengo eskaintza, datorren larunbatetik aurrera: «Izarbe elur gaineko lasterketengatik ezaguna izan arren, aurten elur erraketa zeharkaldiak egiteko ingurune paregabea prestatu dute han», Sakiroffen esanetan. Halaber, eskiatzeko zortzi pista dituzte: osotara, 31 kilometro dira. Berrikuntza gisa, trail zuria egiteko aukera ere izango da, gainera.

Nafarroako Larra-Belaguako guneak, berriz, oraindik ez du abiatu neguko sasoia, azken denboraleko elur jasek sortutako arazoak direla medio.

Okzitaniako estazioek, eskiaren neguko industria geldiarazi zuen iazko denboraldiaren ostean, bost milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute instalazioak handitzeko, zaharberritzeko eta egungo egoerara moldatzeko, eta jarduera berriak gehitu dituzte; hori guztia sektorea suspertzeko asmoz. Gourettek eta San Martingo Harriak gaur abiatu dute aurtengo eski denboraldia, eta Artoustek, berriz, hurrengo asteburuan hasiko du.

San Martingo Harriko (Okzitania) estazioko Elorri Puchuren hitzetan, aurtengo denboraldian, eskiatzeko bi kilometro gehiago izango dituzte, eta eski alpinoko hiru pista berri ere bai. «Horietako bat Tete Sauvage izeneko estazioaren oinarritik abiatuko da, eta Pecamouko zirkua zeharkatzera eramango ditu eskiatzaileak».

Horrez gain, leran ibiltzeko egokitutako bi pistak berregituratu dituzte, eskiaren inguruko jarduera osagarriei esangura emateko asmoz. Hain zuzen ere, lera jaitsiera «boladan» dagoen alorra izaki, airboard edo lera puzgarrientzako eremuak ere atondu dituzte, Puchuren arabera. Aurtengo berrikuntza nagusia, baina, fatbike edo noranahiko bizikleta elektrikoak dira: alokairua eta zeharkaldi gidatuak egongo dira eskuragarri. Gurpil berezidun bizikletak dira fatbike-ak, elurrezko eta izotzezko azalerako beren-beregi diseinatuak.

Era berean, San Martingo Harriak izaera nordikoari eutsiko dio: eski modalitate horretarako 11 zirkuitu izango dituzte, eta, guztira, 25 kilometrotik gorako azalera, elur erraketentzako eremuaz gain. San Martingo Harritik bi kilometrora dago Braca baso beltza, eta, han, hain zuzen, txakurrek tiratutako lera zeharkaldiak eskainiko dituzte.

Gourette eta Artouste estazioetan aurten izango duten berrikuntza nagusia «eskirako formakuntza» da, Karine Hordissan eta Corine Crabe bi eskigune horietako koordinatzaileek adierazi dutenez. «Gouretteko estazioak Pirinioetako elurrik onena duela profitatuko dugu, Espace Bezou ikasketa eremua sortzeko». Artousteko eskiguneko ordezkari Crabek, berriz, Acrobatic Park eremu berria hartu du ahotan: «Edozein mailatako umeek snowpark, snowboard, snowcross, bordercross eta estilo libreko modalitateak segurtasun osoz ikasteko gune bat prestatu dugu».

Okzitaniako eta Zuberoako estazioek, Elurra badago, ilusioa ere bai lelopean, bat egin dute koronabirusaren kontrako prebentzioan: estazioetako gune itxietara sartzeko, COVID ziurtagiria edo azken 24 orduetako antigeno proba negatiboa eskatuko dute; leku horietan, derrigorrezkoa izango da maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, eta jendea ez pilatzea; pistetara igotzeko eta igogailuak hartzeko, taldekako txandak antolatuko dituzte.

Katalunian, Baqueira Bereteko (Katalunia) eskigunea zabalik dago iragan larunbataz geroztik, eta, hasi berri duten denboraldian, hainbat berrikuntza izango dituzte, batez ere, Beret aldean. Eskiatu ahal izateko eremu berriak prestatu dituzte, eta, haietara heltzeko, igogailu berriak instalatu: TSD Clot der Os eta TQ Pla de Beret. Lehen igogailua sei aulkiz osatuta dago, eta Dossau aldearekin lotzen du Beret.

Estazioko arduradunek azaldutakoaren arabera, orduko 2.400 lagun inguru mugitzeko ahalmena duen teleaulki bat da. Bereteko Audeth eremuan hartu ahalko dute, 1.850 metroan; 357 metroko malda gainditu ostean, 2.257 metrora helduko da; eski pista asko daude han.

TQ Pla de Beret izeneko teleaulkia Bereteko eski eremua modu praktikoagoan antolatzeko jarri dute, ingurune hori ikasteko erabiltzen baitute hasiberriek. Orduko 650 eskiatzaile inguru mugituko ditu TQ Pla de Beret igogailuak, 1.838 metrotik 1.881era.

Bestalde, familientzako eskaintza ere izango da Baqueiran: Baqueira Snow Camp. Antolatzaileek umeentzako eta nagusientzako egitasmo bat osatu dute. Horretarako, hastapen eskolak emango dituzte, tituludun monitoreekin.

Azpiegitura eta eskaintza berri horiekin batera, COVID-19aren kontrako estrategia ere prestatu dute. Osasun kanpainaren barruan, ohiko segurtasun neurriez gain, Baqueira Pass eta Baqueira Ticket izeneko plataformak sortu dituzte Interneten; bi euskarri horiek erabiltzea gomendatzen dute, forfait edo eguneko abonamenduak aurretiaz eskuratzeko, eta, modu horretan, informazio guneetan jende pilaketarik ez sortzeko.

Batasunaren indarra

Espainian, Aragoiko Pirinioetako eski estazio nagusiak ere bete-betean sartu dira neguko denboraldian: Astungoak asteazkenean ekin zion zerbitzuak eskaintzeari, eta Candanchun ostegunean jarri ziren abian. Bi eski estazioak batzen ditu Astun-Candanchu taldeak, eta, aurtengo denboraldirako berrikuntza nagusi gisa, 100K egitasmoa plazaratu du: 102 pista, hamalau ibilbide eta 40 igogailu biltzen dituen programa.

Egitasmoaren funtsa, haren izenari jarraikiz, bisitariei 100 kilometroko eskigunea eskaintzea da. Fernando Lopez-Brea Astungo estazioko koordinatzailearen arabera, «bi estazioak batzeko programak modua emango du orduko 46.000 lagun hartzeko».

Halaber, programa horren ertz nagusia garraio publikoa izango da. Koronabirusaren aurkako neurri gisa eta jende pilaketarik egon ez dadin, Astun eta Candanchu artean mugituko den joan-etorriko autobus ibilbidea atondu dute. «Zerbitzu hori doakoa izango da, eta eski pistak zabalik dauden ordutegi osoan egongo da erabilgarri», azaldu du Lopez-Break.

100K egitasmoaren beste jomuga nagusietako bat da kirol eskaintza aberastea: eskiaz gain, modalitate alpinoa, snowboarda, eski nordikoa, biatloia eta elur erraketako zeharkaldiak sustatuko dituzte. Askotariko neguko diziplinen aldeko apustu horren erakusgarri da, bestalde, prestatu duten izotz pista; curlinga, patinaje artistikoa eta izotz gaineko hockeya eskainiko dituzte, besteak beste.

Elur eta izotz arteko entretenimenduaz gain, ondarea eta kultura ere esku-eskura izango ditu bisitariak, Jacara (Huesca, Espainia) bisitaldi kulturalak eta gastronomikoak antolatuko baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.