Itxaro Borda
Urmuga. IRITZIA

Gelditu

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Philippe Jaccottet frantses poeta ospetsuak «edozein atzerri aberri bilakatzen ahal dela» esaten zuen, eta arrazoia du, batez ere mendian ibiltzean, mugak desagertzean direlakoan. Zedarriak edo mugarriak zehazten ditugu baina, askotan, xendrek zentrotik at, zentrotik kanpo jardutera behartzen gaituzte. Neguarekin, euriekin, hotzarekin, larrazkenean laburtzen doazen egunekin, halako prekarietate bat dasta dezakegu, dezentratzea lortzen dugularik bederen. Oinez ibiltzea, erran dugu jadanik, idatz-esperientzia ezinbestekoa da, mundua mundu egiten duen edertasun horren egiatasunetik hurbil gabiltzalako: sentimendu propioak bistan dena, baina ere zuhaitzak, goiztiriak, arrastiriak, eguerdiko eguzkien ziztak, guztiak hor dira, une bateko arroztasuna kitzikatzeko. Eta idazteko tirria bulkatzeko.

Zeharkatu dugun paisaia ez dugu sekula ahanzten. Ibilbideak halako mozkor sentsazioa bat sortzen du gugan: itzalak argitasun geruzekin jostatzen dira, ibaiak kantari dabiltza ezker aldetik eta urrats galduek gure baitako baratza sekretuetako ateetan uzten gaituzte. Mendietako bideak, baita hirietako espaloiak ere, idaztera eraman gaitzake. Ongi badakigu, amesten duguna gara, handienean eta txikienean, ibilian edo geldoan, ikusten dugunean edo begiak zerraturik leku itsuetan kontrabando mistikoan ernatzen garenean... kontrabando mistikoaren kontzeptuak zer erran nahi duen zuzen ez dakigun arren.

Urmuga proiektuaren bigarren edizio honetan parte hartu duten mendizale lagunak jaitsi dira Izabara. Baina nomadak gara, nahiz eta gehienetan sedentarioak izan. Buru-muinaren meandroek geldotasunaren karta marrazten dute, nehoiz ez gaitezen toki erreal edo asmatu murritzetan bizi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.