Koronabirusa

Lastertasuna eta zalantza, nahasi

Autodiagnostiko probak egiteko zenbait eremu atondu ditu Osakidetzak. Herritarrek beren buruari egin behar diete antigeno proba, eta emaitza datu basean gordetzen da. Ehunka pertsona igaro dira eremu horietatik.

Andre bat autodiagnostiko proba egiten, Gurutzetako ospitalean. A. LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Barakaldo
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Autodiagnostiko probak abiatu berri ditu Osakidetzak. Bizkaian, Gurutzetako ospitalean eta Urdulizekoan ipini dituzte horretarako guneak; Gipuzkoan, berriz, Donostiako Egiako anbulatorioan. Metodoak «ondo» eta «arin» funtzionatzen duela adierazi du Luis Angel Gallo Estradak, Ezkerraldea-Enkarterri ESIko Erizaintzako zuzendariordeak. Gurutzetako ospitalean bosnaka deitzen dituzte herritarrak, eta bakoitza box batean sartzen da, bere datuak dituen hodiarekin. Bertan, nork bere buruari egiten dio proba, eta hodiak azpil batean uzten dituzte irtetean. Osasun langileek ordu erdiro batzen dituzte laginak, eta laborategira eroaten dituzte. Gallo Estradak adierazi du herritarrek egun batean jasotzen dituztela emaitzak.

Orain arte, osasun langileek egin dituzte probak, baina, Gallo Estradaren arabera, formatu honekin langile gutxiago behar dira: «Autodiagnostikoekin, bi profesionalekin 225 bat test egiteko adina denbora ematen du goiz erdian». Gainera, denbora gehiena prozesu administratiboa egiten ematen dela adierazi du: kontsulta orria batzen, pegatinak inprimatzen eta itsasten, eta lanerako ziurtagiriak egiten.

Azaldu du herritarrek profesionalek baino denbora gehiago behar dutela, «ez daudelako ohituta laginak hartzera». Hala ere, metodo horrek kutsatzeen zenbaketa lastertuko du, zuzendariordearen ustez, herritarrek egun batean emaitzak jasoko dituztelako. «Oraingo bolumenarekin, PCRen emaitzak hiru egunetara ari dira iristen».

Herritarrak, harrituta

Erraztasuna eta arintasuna gorabehera, autodiagnostikoa egin duten zenbait herritar ez daude pozik prozedura aldaketarekin. «Nahiago nuke PCR proba egin izan balidate», esan du Iker Gomezek. Gazteak zalantzak dauzka antigenoen fidagarritasunaz, baina eskaini dioten aukera bakarra izan da. Sartu eta bost minutura irten da eraikinetik: «Oso arin doa».

Antzeko iritzia du Txetxu Lagarrek: «Txarto iruditzen zait proba nik neuk egitea. Haiek egin beharko ligukete, profesionalak dira eta. Azkenean odola ere guk atera beharko diogu geure buruari!». Haserre handiagoa eragin dio distantziak, Enkarterrietatik joan behar izan duelako Gurutzetako ospitaleraino. «Zallara edo Sodupera joatea dagokit niri, eta han, gainera, PCRak egiten dituzte», adierazi du.

Fidagarritasunari buruzko zalantza gutxi dauzka Gallo Estradak, hara doazenak COVID-19aren sintomak dituzten pazienteak direlako, «printzipioz». «Antigeno probetako positiboen %95 baino gehiago positiboak dira PCRan», laburbildu du.

Baikor atera da Eguzkiñe Respaldiza eraikinetik, seme-alaba biekin. «Umeekin sartu naizenez, erizain batek egin digu proba hiruroi». Laburra izan dela nabarmendu dute; «kili-kiliak» bakarrik izan direla gaineratu du alabak. Berak bere buruari egin izan ez badio ere, «flipatzekoa» iruditu zaio Respaldizari Osakidetza autodiagnostiko probak egiten hastea: «Horretarako, nire etxean egin dezaket», kexatu da.

Gallo Estradak azpimarratu du, ordea, etxean egindako antigeno probetan antzemandako positiboek ez dutela balio sistemarako, eta ezin zaiola haien arrastoari segitu: «Honela, probek baliozkotasuna dute, eta emaitzak sisteman sar ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.