Altsasuko auziko gazte denak gerturatu eta askatzeko eskatu dute

Erredakzioa
Iruñea
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Zaballako espetxean dira jada Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteetako bi. Astebete inguru berririk gabe egon ostean, senideek atzo eguerdian jaso zuten haien deia Arabako espetxetik; gurasoek jakinarazi dute biak elkarrekin daudela, eta preso dauden gainerako auzipetuekin aurki batzeko esperantza dutela. Albiste agentziek zabaldu dutenez, Cob eta Goikoetxea asteazkenean atera zituzten Madrilgo kartzelatik, eta atzo goizean iritsi ziren Zaballakora. Madril V espetxean (Soto de Real, Espainia) egon dira, zigorra bete zezaten ekainaren 5ean atxilotu zituztenenetik.

Behin-behinean preso jarraitzen dute zortzi auzipetutako zazpi, epai irmoaren zain. Haiei bederatzi eta hamahiru arteko espetxe zigorrak eta besteari bikoa jarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. 2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko taberna batean kaleko jantzita zeuden guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik zigortu zituzten.

Senideak informatu gabe

Ostiralero legez, elkarretaratzea egin zuten atzo Altsasun. Senideek balorazio baikorra egin dute bi gazteak euren bizilekuetatik gertuko kartzela batera ekarri izanagatik, baina nabarmendu dute euren nahia dela auziagatik espetxeratutako denak Euskal Herriratzea eta aske geratzea. Vocento taldeko egunkarietan zabaldu dutenez, datorren astean Madril V espetxetik Zaballakora lekualdatuko dute Aratz Urrizola, baina, senideek azaldu dutenez, haiek ez dute horren eta bestelako lekualdatze gehiagoren berririk jaso. Espetxe horretan dago Iñaki Abad ere; hara eraman zituzten ekainean atxilotutako laurak.

Euskadi Irratiak, berriz, Adur Ramirez de Alda Iruñeko kartzelara ekarriko dutela zabaldu du. 2016ko azaroaz geroztik dago preso, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno bezala. Madrilgo beste hiru espetxetan daude, elkarrengandik banatuta, eta ekainera arte FIES erregimenean egon ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.