Salatu dute andre bat eta haren haurrak kaleratu nahi dituztela

Emakumea indarkeria matxista jasandakoa da. Salatu dute Lasarte-Oriako babes ofizialeko 52 etxetako alokairua igo nahi dutela

Barakaldon egindako elkarretaratzea, atzo. OSKAR MATXIN EDESA /FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Etxe eskubidea bermatzeko eskatuz eta etxegabetzeak salatuz elkarretaratze bat egin zuten atzo Barakaldon (Bizkaia), eta beste bat Donostian. Zehazki, emakume bat eta haren seme-alabak etxetik bota nahi dituztela salatu zuten Barakaldon Berri Otxoak eta Argitan elkarteek deitutako protestan; Donostian, berriz, Kaleratzeak Stop plataformak eta beste hainbat elkartek gaitzetsi zuen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) 52 familiari babes ofizialeko etxebizitzaren alokairu soziala igoko dietela.

Barakaldon, udaletxearen aurrean batu ziren, herri horretako emakume bat etxetik kaleratu nahi zutela salatzeko. Emakumeak 41 urte ditu, indarkeria matxista pairatutakoa da, eta lau seme-alaba ditu: horietatik hiru adingabeak dira, 5, 11 eta 14 urtekoak. Emakumea eta bere familia Alokabide elkarte publikoaren etxebizitza batean daude, baina etxetik kaleratu nahi dute, eta auzitegiak etxegabetze agindua eman du maiatzaren 21erako.

Berri Otxoak eta Argitan elkarteetako kideek salatu dutenez, emakumeak «asteak» daramatza ahaleginak egiten Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuek edo Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuak irtenbideren bat topa dezaten, «gaur egun bizi den pisuan edo alogera sozialeko beste etxebizitzaren batean», baina erakundeek ez diote erantzunik eman, «egoera bereziki zaurgarria izan arren, gizarte zerbitzuek egin eta epaitegira bidalitako txostenak adierazi bezala».

52 familia, «larrituta»

Lasarte-Orian ere 52 familia etxea galtzeko arriskuan jakinarazi dute. Azaldu dutenez, babes ofizileko etxebizitzetan bizi diren familia horiei alokairu soziala %50 baino gehiago igo nahi diete abuztutik aurrera. Izan ere, orduan amaituko zaie hogei urterako ezarritako alokairu soziala, eta PBP Gestion de Arrendamientos y Alquileres SM enpresak alokairuak sozialak merkatuko preziora igotzekoa asmoa erakutsi du. Familiak «larrituta» daudela nabarmendu dute, «askok ezingo dituztelako ordaindu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.