Ibaika sartu da denboralea

Haizearen eta uholdeen eraginez, hildako bat, zenbait zauritu eta kalte material ugari izan dira Euskal Herrian. Iruñerrian egoera baretu ostean, larrialdi zerbitzuek Nafarroako hegoaldean jarria dute begirada

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Urak handi eta haizea zakar. Atzo, negu giroko denboralea indarrez sartu zen Euskal Herrian, eta kostaldea nahiz barnealdea gogor astindu zuten uholdeek eta haizeteak. Ezbeharrik larriena Ilharren gertatu zen (Nafarroa Beherea): 72 urteko gizon bat hil zen, autoan zihoala, haizete bortitzak erauzitako zuhaitz bat gainera erorita. D-134 errepidean gertatu zen istripua. Larrialdi zerbitzuek han bertan artatu zuten gizona, baina, suhiltzaileen esanetan, hilik zen ordurako. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, larrialdi zerbitzuek sei pertsona artatu behar izan zituzten, haize zakarrak eragindako erorikoengatik.

Kalte materialei dagokienez, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek pairatu zuten denboralea bere bortitzenean. Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren arabera, departamendu osoan 22.500 etxe argindarrik gabe geratu ziren atzo, horietatik 17.000 Ipar Euskal Herrian. Izan ere, zuhaitz eta adar andana erori ziren errepideetara eta horrek matxurak eragin zituen argindar sare nagusian.

Nafarroan, haizeteak ez, uholdeek eragin zituzten kalterik handienak: urek gainezka egin zuten Arga, Ultzama eta Bidasoa ibaietan, besteak beste, eta suhiltzaileek lau pertsona erreskatatu behar izan zituzten. Nafarroako Gobernuak larrialdi plana martxan jarri zuen atzo goizean, eta gaur ere eutsiko dio alerta egoerari, Erriberan gerta daitekeenaren zain.

Arga ibaia izan zen gainezka egin zutenetako bat. Ordu gutxiren buruan, hamar bider hazi zen ibai horren emaria: ostegun arratsaldean, segundoko 50 metro koadro erregistratu zituen Nafarroako Gobernuak Iruñean duen estazioak; atzo goizean, berriz, segundoko 530 metro koadrora iritsi zen ur emaria. Horren ondorioz, Arga bidetik atera zen Iruñerriko hainbat puntutan: Iruñean, esaterako, ur azpian gelditu ziren Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako parkeak, kaleak eta plazak.

Inguruetatik autoak kentzeko abisua emana zuen udaltzaingoak, eta hainbat kale itxi zituzten. Hala ere, udal garabiek dozenaka auto eraman zituzten Runa parke inguruko aparkalekuetatik, eta hiru pertsona erreskatatu behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek: bat, Vergel kalean, urak haren autoa harrapatu ostean; eta beste bi gidari, Landaben inguruan, itxita zegoen lurpeko bide batetik pasatzen saiatu zirenean. Horietako bat atxilotu eta besteari salaketa jarri zion Foruzaingoak, alkoholemia tasan positibo eman eta gero. Atarrabian ere beste emakume bat erreskatatu behar izan zuten suhiltzaileek, bere etxean ura metro bateko altuerara iritsi zelako.

Han bakarrik ez, beste hainbat tokitan ere eragozpenak izan ziren, uholdeengatik. Ultzama ibaia atera zen Atarrabia paretik; eta Bidasoa ibaiak ere gainezka egin zuen, Bera inguruan. Ezka, Zaraitzu, Irati eta Arakil ibaiak ere bidetik atera ziren. Foruzaingoak dozena bat errepide moztu zituen lurralde osoan.

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Presidentetza kontseilari Javier Remirezen esanetan, ordea, egoera «egonkortuta» dago honezkero. Remirezek azaldu zuen Aragoi, Ultzama eta Bidasoa ibaien emaria normaltasunera iristen ari zela.

Orain, gobernuak Nafarroako hegoaldean jarria du begirada: Argaren hazkundea gauerdian zen Funes ingurura iristekoa, eta Ebroko Ur Konfederazioak «segurtasun neurriak» hartu dituela ziurtatu duen arren, Nafarroako Gobernuak aurrealerta egoera ezarri zuen han, zer gerta ere. Ebro ibaiak ere gora eginen du hegoaldean, eta mailarik handiena gaur goizerako espero dute.

Haizetea kostaldean

Haizea izan zen atzoko beste protagonista. Hainbat zuhaitz bota zituen, eta arazo ugari sortu. GI-636 errepidea, esate baterako, 17:00ak arte itxita egon Irunen (Gipuzkoa), zuhaitzak erori zirelako. Eibarren, berriz, AP-8 autobiderako sarbidea itxi zuten, lur jausi baten ondorioz. Euskalmetek emandako datuen arabera, Matxitxakon (Bermeo, Bizkaia) orduko 160 kilometro haize boladak neurtu zituzten, orduko 152 kilometroko abiaduran ibili zen haizea Karrantzan, orduko 122 kilometroan Donostian, orduko 105 kilometroan Bermeon, orduko 126 kilometroan Jaizkibelen, eta orduko 97,4 kilometroan Arteagan. Aemet agentziak kostaldean emaniko alerta laranja gaur arratsaldera arte egonen da indarrean. Hasieran, alerta gorria piztu zuten, hamalau metro arteko olatuak espero zituztelako, baina orduak igaro ahala, Aemetek alerta maila apaldu zuen.

Osakidetzak ohar batean adierazi zuen larrialdi zerbitzuek sei irtenaldi egin zituztela atzo, denboralea dela eta. Larrialdietan artatu behar izan zituzten, batez ere haize ufadek eragindako erorikoak direla eta. Haizearen ondorioz erori zen txirrindulari bati lesioak artatu zizkioten osasun zerbitzuek, baita lurrera erori edo aparkatutako ibilgailuen kontra jo zuten hainbat oinezkori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.