Gorka Espiau. Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria

«Hurrengo eraldaketa sustatzeko, beharrezkoa da burujabetza»

Nazioarteko eraldaketa prozesuei begiratu eta horietan Euskal Herriak zer rol joka dezakeen hausnartzen ari da Agirre Lehendakaria Center. Espiauk argi du zein den datozen urteetako bidea: «Eskain dezagun Euskal Herria demostrazio gune bezala».

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iosu Alberdi.
Leioa
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Martxoan bete zituen hamar urte ALC Agirre Lehendakaria Centerrek, gizartearen gaur egungo eta etorkizuneko erronkei begira jarrita. Euskal Herria nazioarteko eztabaidetan presente egon dadin sortu zen, eta, Gorka Espiau zuzendariak azaldu duenez (Bilbo, 1972), «eraldaketak sustatzeko» esperimentazio gune izateko dituen ezaugarriak baliatu behar ditu horretarako.

Zer-nolako balantzea egiten duzue orain arteko lanaz?

Pozik gaude, Euskal Herriaren nazioarteko posizionamendua indartzeko sortu baitzen ALC, eta lortu baitugu frogatzea posible dela eztabaida horietan egotea nortasun propioarekin; etorkizunari begira posible dela geure burua eskaintzea esperimentazio gune bezala, transformazioak egiteko.

Nora begira ari zarete lanean?

Oraintxe, giza garapen iraunkorraren eztabaida da inportanteena guretzat. Oso eztabaida potoloa da. Gauza konkretuetan murgilduta gaude askotan, eta ez dugu gaitasunik geure burua benetan kokatzeko halako eztabaida handietan. Halere, uste dugu lortu dugula ikerketa arloan erakustea oso interesgarria dela azken hamarkada hauetan izandako esperientzia, eta Euskal Herrian badagoela eztabaida horietan parte hartzeko interesa eta gaitasuna ere.

Nazioarteko eztabaidez hitz egin duzu. Nola eragin daiteke Euskal Herritik halako esferetan?

Munduan dauden eztabaidetako bat da ea zer motatako gizarteak nahi ditugun. Hau da, ea helburua den daukagun bizi kalitatea mantentzea edo hurrengo eraldaketa prestatzea eta bultzatzea. Nahiz eta oso hitz potoloak iruditu, horrelako eztabaidek izugarrizko eragina dute egunerokoan: nolako osasun eta segurtasun sistemak nahi ditugun, zer-nolako fiskalitatea… Eztabaida horiek ez dira partzialak: herri bezala zer norabide hartu nahi dugun adierazten dute.

Trantsizio garaiaz hitz egiten da. Egoera honetan, zein dira gizartearen erronka nagusiak?

Trantsizio sozioekologikoa ez da aukera bat; jada hor gaude. Bi aukera daude: erantzun inkrementala eman, edo disruptiboa. Erantzun inkrementala da funtzionatzen duena mantentzera jotzea, gauza batzuk aldatuta. Disruptiboa, berriz, pentsatzea datorrenak sistema osoan eragingo duela. Nahiz eta hori orain ez den islatzen, hartzen ari garen erabaki batzuk ez dira disruptiboak, baizik kontserbadoreak. Gure hausnarketa da ezin dugula erantzun inkremental bat eman aldaketa sistemikoa den egoera batean. Beraz, gure rolak izan behar du zehaztea ea nolako transformazio disruptiboa den posible. Hori arlo guztietan islatuko da: hezkuntzan, osasungintzan, industrian...

Eta nolakoa izan behar du erantzun horrek?

Inork ez daki zelan egin horrelako transformazio bat, baina saiatu behar dugu esperimentazio guneak sortzen, ikasteko. Hori da ALCren mezua: behar dugu erantzun esperimentalagoak martxan jartzea, eta esperimentatzeko esparru batzuk ezartzea. Herri bezala, izugarrizko aukera dugu munduari geure burua eskaintzeko esperimentazio gune bezala. Ez arloka soilik, herri gisa baizik.

Zergatik Euskal Herri mailan?

Estatu mailan oso zaila da dena aldatzea, eta lokalean egiten dena txikiegia da. Euskal Herria bezalako herriek, baina, tamaina oso interesgarria dute halako esperimentazioak egiteko. Baditugu tresnak arlo juridikoan eta finantzarioan, baina ez dugu burujabetza hori erabili esperimentatzeko, eta hori oker bat da. Eskain dezagun Euskal Herria demostrazio gune bezala. Ezagutza erakarriko dugu, eta hurrengo eraldaketa nola egin ikasiko dugu. Hori da gure mezua datorren hamarkadarako.

Zer arrisku ekar ditzake erantzuteko gaitasunik ez izateak?

Arazorik inportanteena kolapsoa izan daiteke. Kolapsoa etorriko da arlo ekonomikoan, ingurumenean, eta ailegatzen ari da politika publikoetan. Daukagun sistemarekin, ezin diegu erantzun gizarteak dituen hainbat eta hainbat beharri. Hala ikusten ari gara zaintzan, osasungintzan... baita enpresa munduan ere. Esaterako, automozioan iritsi diren aldaketa guztiei ez badiegu aurre egiten era sistemiko batean, gizarte bezala, ezingo diegu aurre egin erronka horiei. Kolapsatu egingo da oraintxe dugun giza garapen iraunkorreko eredua, bizi kalitatea.

Urte hauetan, euskal eredua zer den definituz ere joan zarete.

Kontzeptu interesgarri bat da adierazteko Euskal Herriak historikoki gaitasuna izan duela erronka globalei erantzun propio bat emateko. Azken hamarkada hauetan, lortu dugu beste modu batean interpretatzea gizarteak nolakoa izan behar duen, eta, sistema horretan, berdintasunaren aldeko apustua zentrala izan da. Guretzat oso inportantea da euskal ereduaz hitz egitean berdintasunaren kontzeptuarekin lotzea.

Euskara biziberritzeko prozesua, gastronomia, kooperatibagintza eta abar ikertu ditugu, eta identifikatu dugu atzean zeuden narratibak oso konektatuta zeudela. K faktorea deitzen diogu horri: kultura. Gizartea ulertzeko modu konkretu eta konpartitu bat.

Eta nola bideratu daiteke hori egungo erronkei erantzuteko?

Iraganean, lortu genuen erantzun euskaldun bat ematea, eta erantzun hori berdintasunarekin lotuta dago; bere muga guztiekin. Berdintasunak alderdi asko ditu, eta guk, historikoki, era mugatuan interpretatu dugu; arlo sozioekonomikoari lotua egon da. Orain, berdintasunak kontzeptualizazio sakonago bat du, eta funtsezkoa da nola jartzen den eztabaidaren zentroan. Izan ere, normalean, trantsizio sozioekologiko edo sozioekonomiko bat oso denbora laburrean egiten denean, ezberdintasuna pila bat areagotzen da. Leku guztietan gertatzen ari da, baita Euskal Herrian ere.

Aurrez aipatu duzu K faktorea. Zer garrantzia izan dezake kulturak bide horretan?

Iraganean lortu izan da euskararen presentzia berrasmatzea eta biziberritzea. Datorren testuinguru honetan lortuko al dugu? Euskararen etorkizuna erabat lotuta dago euskal gizartearen eraldatze prozesuarekin; ezin diogu arlo bakoitzari erantzun deskonektatu bat eman. Ikertu dugu iraganean, euskara biziberritzeko prozesuan, ekimen horiek ez zeudela deskonektaturik gizarteko beste hainbat ekimenetatik. Hipotesia zen euskara biziberritzea beharrezkoa zela gizartea eraldatzeko.

Eta orain?

Oraintxe, narratibak jasotzean, ez dugu ikusten jendeak pentsatzen duenik euskara beharrezkoa denik hurrengo eraldaketa bultzatzeko. Hori ez badago eztabaidaren zentroan, oso zaila da halako eraldatze prozesu potente bat egitea. Gure lana da horrelako guneak sortzea, arlo publikoa, pribatua, komunitatea eta herrigintzako dinamikak batuta, orain dela 40 urteko eraldatze prozesuaren antzeko bat martxan jartzeko. Forma aldetik oso ezberdina izango da, baina, funtsean, behar dugu halako eraldaketa handi bat.

Urteurrenaren harira egindako mahai inguruetako batean ateratako ondorioetako bat izan zen diagnosi konpartitu bat falta dela aurrera egiteko.

Ezagutzen ez diren erronkei erantzuteko, diagnostikoak ez dira nahikoa. Erantzuna badakigu, diagnosi bat egin dezakegu: hau da arazoa, eta hau erantzuna. Baina oraingo erronken erantzuna inork ez daki. Diagnostikoa egiteaz gain, kolektiboki interpretatu behar da zer gertatzen ari den, eta esperimentazio guneak sortu, elkarrekin interpretatzeko zelan egin hurrengo urratsak.

Perspektiba tradizional batean, plan estrategikoak erabili dira. Diagnostiko komuna egin, lan ildoak finkatu, eta bakoitzak berean lan egiten du. Hori zahartuta dago. Aldaketa bat egin behar da eztabaidetan, eta onartu inork ez dakiela zelan erantzun erronka horiei. Hortik abiatuta, interpreta dezagun elkarrekin zer gertatzen ari den, eta saia ditzagun gauza berriak. Batzuek funtzionatuko dute, eta besteek ez, baina interpretazio amankomuna egiten badugu, azpiegitura bat sortuko dugu gobernantza adaptatibo bat eratzeko. Hori da euskal ereduak duen erronka: zelan aldatu pentsaera plan estrategikoetatik esperimentazio arlora.

Alderdiek, azkenaldian, asko hitz egiten dute «herri akordioez».

Ez dakit akordioa den hitza, baina ikusi da, bereziki Gipuzkoan, euskal ereduarekin konektatutako printzipio batzuk oso potenteak direla Euskal Herria eraldatzeko. Bada joko eremu konpartitu bat hurrengo eraldaketa martxan jartzeko. Hori guretzat oso inportantea da. Nahiz eta idatzita ez egon, sortzen ari da kontsentsu bat alderdi nagusien artean. Badago zoru komun bat transformaziorako. Zelan lurreratuko den arlo konkretuetan? Kontua da ea lurreratu behar den hasieratik era konkretu batean, edo akordioak izan behar ote duen esperimentazio gune seguruak sortzea eta elkarrekin interpretatzea zer gertatzen ari den. Horrek erabat aldatzen du dinamika.

Zein dira oinarrizko printzipio horiek?

Adibidez, burujabetza. Hurrengo eraldaketa sustatzeko, beharrezkoa da burujabetza. Ez baduzu burujabetza tresnarik, ezin da trantsizio sozioekologiko on bat egin. Funtsezko printzipio bat da, eta uste dut gehiengo bat horren alde dagoela. Sor dezagun esperimentazio gune bat printzipio horretan oinarrituta. Hori lortuta, askoz potenteagoa izango da eremu konkretuetara eramatean.

Burujabetzaz gain, zer beste elementu dira funtsezkoak?

Genero berdintasunarekin eta migrazioarekin lotuta dauden dinamikak. Lan asko dugu egiteko. Diskurtso ofizialak aurrerakoiak izan arren, praktikan ikusten dugu oraindik ere ezberdintzen ari garela euskaldunak eta migratzaileak. Baina ezin da hurrengo transformazioa egin desberdintasun horiekin. Arlo ekonomikoan, berriz, perspektiba neoliberala hartzen badugu, ezin da transformazio justu bat egin. Aterako liratekeen erantzunek desberdintasuna areagotuko lukete. Azkenik, trantsizio ekologikoa ez da jada osagarri bat. Naturarekiko harremanak erdian egon behar du. Burujabetzarekin, berdintasunarekin eta naturarekiko harremanarekin nahikoa da esperimentazio gune aurreratuak sortzeko. Baldintzak badaude, eta posible da hurrengo transformazioa martxan jartzea.

Esperimentazioari lotuta, zenbait herrialdetan ere ari zarete proiektuak martxan jartzen. Zer ekarri daiteke Euskal Herrira?

Gure helburu nagusia da Euskal Herrian bertan egitea, baina gure erronkak globalak dira. Antenak izan behar ditugu mundu osoan, haiekin esperimentatzeko. Gure esperientzia konpartitzen dugu, gure eraldaketaren berri emanda, eta, esperimentazio horietan parte hartzean, ikasi egiten dugu, ideiak eta kolaborazioak erakartzeko Euskal Herrira. Normalena litzateke Euskal Herria bezalakoak diren herrialdeekin egitea hori, baina erronkak globalak dira, eta posible da Eskandinaviako herrialdeetatik eta Quebecetik ikastea, baina baita Indonesiatik, Pakistandik eta Mozambiketik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.