Albistea entzun

Korrika gosea asetzeko

Herrika egitasmoa egingo dute bihar Zuberoan eta Nafarroa Beherean: euskararen alde lasterka arituko dira, eta bildutako dirua AEKri emanen diote. Gazte euskaltzale batzuek antolatu dute.
Gazte bat lekukoarekin, 21. Korrikan, Bokalen.
Gazte bat lekukoarekin, 21. Korrikan, Bokalen. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko ekainak 12

Aste hasieran hasi zen mezua zabaltzen: «Aurten Korrikarik ez? Ez kexa, ekainaren 13an Herrika heldu da. Ozazetik Ortzaizera zuk ere euskara sostengatu». Euskararen alde lasterka arituko dira bihar Ozaze (Zuberoa) eta Ortzaize (Nafarroa Behera) artean eginen duten Herrika egitasmoan. Bi lurraldeetako gazte euskaltzale batzuek antolatu dute, Korrika bertan behera gelditu izanak utzitako hutsuneari erantzuteko. AEK-k bi urterik behin egin ohi duen lasterketaren elementu guziak izanen ditu: herriz herri korrika arituko dira elkarri lekukoa emanez, eta, bukaeran, ekitaldi kulturala eginen dute, Ortzaizen. Bertan, lekukoan eramandako mezua irakurriko dute zenbait pertsona ezagunek. Egitasmoaren bidez lortutako irabazi guziak AEKri emanen dizkiote.

Aurtengo udaberrian egitekoa zuten 22. Korrika, baina, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Horren ordez, Euskal Herriko plazetan ekitaldiak egin zituen AEK-k martxoaren 28an.

Baina horrek ez du ase Ipar Euskal Herriko zenbait gazte euskaltzaleren gosea. «Pentsatu genuen zerbait egin behar zela AEK laguntzeko eta euskara sustatzeko. Besta bat, txapelketa bat... Azkenean, Korrika atxikitzea erabaki dugu. Krisi sanitarioaren gainetik, egin behar zela uste dugu», esplikatu du Iñaki Oillarburuk. Irisarriko (Nafarroa Behera) gaztearekin batera, Baigorri, Ortzaize, Suhuskune (Nafarroa Behera) Altzürükü, Ozaze eta Idauze Mendiko (Zuberoa) gazte batzuk elkartu dira, besteak beste. «Ikastoletako ikasleak gara gehienak; denak ez gara euskaldunak, baina denek badugu euskararekiko atxikimendu hori, eta txikitatik ohitura hori badugu Korrikan parte hartzekoa. Sinbolikoki biziki polita da herriz herri euskararen alde lasterka aritzea», azaldu du.

Horrela sortu zen Herrika egiteko ideia. Korrika iragan beharra zen egun beretan egiteko asmoa zuten hasieran, baina aste bat lehenago osasun neurriak gogortu zituen Frantziako Gobernuak, eta hamar kilometroko perimetrotik harago mugitzea debekatu zuen; beraz, egitasmoa gibelatzea erabaki zuten. Orduan Lapurdin ere egitekoa zuten, Hendaiatik Hazparnera, baina, azkenean, lapurtarrak ez dira animatu asteburu honetan lasterkaldia egitera.

Oillarburuk zehaztu du ez dutela baimen ofizialik eskatu, eta, horregatik, osasun neurriak arintzea itxaron dutela Herrika egin ahal izateko. AEK-k antolatzen duen Korrikaren elementu gehienak izanen ditu, baina, kilometroak saltzea «konplikatuegia» zenez, tixertak salduko dituzte, Korrikako bizkarrekoak bezala. Aurresalmenta bat antolatu dute zenbait ikastolatan, eta, bihar bertan, auto batean ibiliko dira lasterkarien aitzinetik, lekukoaren zain direnei tixertak proposatzeko. «Bazen Korrika egitearen erronka, baina helburua ere bazen diru pixka bat lortzea. Euskal Herrian egin ditugu tixertak; Lasan (Nafarroa Behera) inprimatuak izan dira. Irabazi guziak AEKrentzat izanen dira».

Azken hilabeteak egitasmoa antolatzen pasatu dituzte, asteburuetan bilkurak eginez: leloa atzeman, ibilbidea erabaki, segurtasuna, logistika... Lekuko bat ere izanen dute, beraiek egina. «Korrika antolatzen aritu izan direnengana jo genuen laguntza eske. Segurtasuna zen arazorik handiena». Autoak, motoak, bizikletak eta laguntzaileak lortu dituzte antolaketarako; errepide txikietatik pasatuko dira, autoen zirkulazioa ez trabatzeko.

Bihar, 07:00etan abiatuko dute lasterketa, Ozazeko herriko plazatik, eta 16:00etan iritsiko dira Ortzaizeko plazara. Bertan, ekitaldi kultural bat eginen dute Herrikari bukaera emateko. Zuberoako eta Nafarroa Behereko dantzak, bertsolariak eta mota guzietako animazioak izanen direla iragarri dute. Euskaltzaleei deia egin diete herri bat hautatu eta lasterkaldian parte hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Hainbat herritar Hendaiako hondartzako pasealekuan, artxiboko irudi batean. ©Guillaume Fauveau

Bihartik, Ipar Euskal Herrian ez da maskararik jantzi beharko kanpoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Igandetik aitzina, ez da etxeratze agindurik izanen. Aldaketa espero baino lehenago sartuko dira indarrean, uztailaren 1ean espero baitzen bertan behera gelditzea.

Konstituzio Kontseluaren ebazpena salatzeko protesta egin zuten Baionan, maiatzaren 29an. ©Bob Edme

Konstituzio Kontseiluak murgiltzea onetsi du Seaskan, baina ez sare publikoan

Oihana Teyseyre Koskarat

Maiatzean emandako ebazpenari buruzko xehetasunak eman ditu, murgiltze ereduaren inguruan.

Espainiako presidente Pedro Sanchez, gaur, kongresuan. ©Txema Moya, EFE

Sanchez: «Laster utziko diogu kalean maskara erabiltzeari»

Uxue Rey Gorraiz

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek azaldu du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainaren abiada «egonkortu» egin dela.

Iruñeko Rio Taberna, ostatuen barnealdea atzera irekitzea baimendu zen egunean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Nafarroak edukierak eta ordutegiak zabalduko ditu zenbait sektoretan

Uxue Rey Gorraiz

Ordubete atzeratuko da ostalaritza lokalen barnealdeen itxiera ordua; gauerdira arte izaten ahalko dira zabalik, gehienez %50eko edukiera erabilita. Kultur jardueretarako, %60n zehaztu dute muga. Neurriak ostiralean sartuko dira indarrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna