Koronabirusa. Francisco Mera Cordero. Medikua

«Gaixo hauek erantzun immunitario eskasa dute»

Mera medikuak dio gaixoaren osasuna eta bizi kalitatea «nabarmen apaltzen» dituela COVID iraunkorrak, baina sinetsita dago eri gehienak osatuko direla: «Itxaropena badago».

FRANCISCO MERA CORDERO.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
COVID iraunkorrean aditua da Francisco Mera Cordero medikua (Irun, Gipuzkoa, 1977). Sant Feliu de Llobregateko (Herrialde Katalanak) EL Pla osasun etxean dihardu lanean, eta Idiapjgol osasun zentroko ikerlaria ere bada. Berriki, Karlos III.a Institutuaren beka bat lortu du koronabirusaren sintomak luzaroan dituzten gaixoak artatzeko xede duenE-speranza proiektu aitzindaria martxan jartzeko. Laster, Osakidetzak gaixotasuna ikertzeko gidatuko duen beste egitasmo batean ere parte hartuko du.

Noiz eta nola izan zenuen COVID iraunkorraren berri?

Iazko martxo amaieran emaztea eta biok COVID-19arekin kutsatu ginen. Hiru asteren ostean, niosatuta nengoen, baina emazteak sintomekin jarraitzen zuen: nekea, itolarria, takikardiak, buruko mina... Garai horretan sintoma antzekoak zituzten pazienteak artatzen hasi nintzen kontsultan, eta ohartu nintzen hori COVID iraunkorra izan zitekeela. Emaztea lagundu nahian erantzunen bila hasi nintzenean ikusi nuen Montelukas botika eraginkorra zela gaixo hauekin. Asmarekin erabiltzen den botika bat da, eta sintomak luzaroan dituzten eri askoren osasuna hobetzen du. Orain, botika horren eraginkortasuna zientifikoki erakusteko egitasmoa martxan dut: E-speranza ikerketa proiektua.

Zer da COVID iraunkorra?

SARS-CoV-2 birusak eragindako gaixotasuna da. Organo ugariri eragiten dio, eta askotariko sintomak ditu. Sintoma horiek bere horretan jarraitzen dute gaixotasunaren fase akutua igarotzen denetik lau edo hamabi hilabetera, eta luzaroan mantentzen dira.

Zeintzuk dira sintoma ohikoenak?

Berrehun sintoma inguru deskribatu dira. Askotariko sintomak izaten dira: takikardiak, buruko mina, digestio arazoak, nekea, itolarria, giharretako ahuldadea... Desoreka neurologikoak ere ohikoak dira, batez ere kontzentrazio eta memoria arazoak.

Luzera begira, zein ondorio ditu gaixotasunak?

Gaixo direnen eguneroko bizitza erabat baldintzatzen du, eta ondorioak eremu sozialean, familiarrean eta lan arloan sufritzen dituzte. Gaixoaren osasuna eta bizi kalitatea nabarmen apaltzen dituCOVID iraunkorrak, eta ondorio sozioekonomikoak ere ekartzen ditu. Izan ere, paziente askok urtebete baino gehiago daramate gaixorik, eta ezin dute lanik egin. Batzuek lanpostua ere galdu dute. Europan kalkulatzen dute bost milioi biztanle inguruk izan dezaketela COVID iraunkorra. Osasun publikoko arazo bat da egun.

Nolakoa da COVID iraunkorra duen pazientearen profila?

Paziente ia gehienak, %80 inguru, emakumeak dira, nahiz eta azkenaldian gero eta gizon gehiagok sufritzen dute gaixotasun hori. Batez besteko adina 43 urte dira, baina badira gazteagoak ere.

Gaixo gehienak zergatik dira emakumeak?

Hipotesi ugari daude, baina bat ere ez dago egiaztatuta. Badakigu koronabirusak gaixotasun immunologikoa sortzen duela, eta patologia immunitarioak emakumeek sufritzen dituztela nagusiki.

Gaixotasuna sakonago ezagutzeko proiektua martxan duzu. Zer ikertu duzu orain arte?

Badakigu alde immunitarioak garrantzi handia duela gaixotasuna garatzeko. COVID iraunkorra duten eriek erantzun immunitario eskasa dute, hau da, ez dira kapazak birusa neutralizatzeko. Hesteetako arazoei ere erreparatu behar zaie, ebidentzia zientifikoek erakutsi dutelako hesteetan birusaren gordailuak badirela. Martxan dugun ikerketarekin ikusi nahi dugu ea gaixotasunaren fase akutuaren ostean birusak gorputzean jarraitzenduen, eta pazienteen heste-floran zein eragina duen. Izan ere, heste-florak garrantzi handia dauka patologia ugarietan, ez soilik COVID-19aren kasuan.

Osasun sistema prestatua dago gaixo hauek artatzeko?

Osasun sistemak ikusi du eritasun hau arazo bat dela, eta zenbait tokitan paziente hauek artatzeko sistema asistentziala moldatzen ari dira. Bartzelonan, esaterako, osasun asistentzia eta ikerketa uztartzen ari gara, eta artatzen ari garen paziente asko ikerketa proiektuetan ari dira parte hartzen. Diagnostiko eta arta egokia emateko bideak bilatzen ari gara.

Sendatzeko modua izango dute?

Gaixo gehienak osatuko direla sinetsita nago. Itxaropen mezu bat igorri nahi diet, ikerketa lerro asko irekita daudelako. COVID iraunkorrari buruzko ikerketak akuilu izango dira beste gaixotasun asko ikertzeko: gaixotasun autoimmuneak, onkologikoak, kognitiboak, fibromalgiak... COVID iraunkorrari buruzko ikerketa mordoa egin da azkenaldian, eta hori ere baliagarria izango da, noski. Adibidez, aurki gaixotasuna aztertzeko ikerketa bat abiatuko dut Osakidetzarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.