Ekhi Erremundegi Beloki.
ANALISIA

Etxegarairen bi aldeak

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Txaloak jaso zituen Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak joan den larunbatean. Bakegileek deitutako desobedientzia ekintzan parte hartu zuen, euskal presoek pairatzen dituzten salbuespen neurrien kontra zorrotz mintzatuz. «[Emmanuel Macroni] erran nahi diot nolako injustizia bizi dugun, 30 urteko kartzela zigorra bete ondoren hiru presori haien baldintzapeko askatasuna ukatzen zaielarik», salatu zuen Jon Kepa Parot, Frederic Haranburu Xistor eta Jakes Esnalen kasuei erreferentzia eginez. «Euskal presoentzat heriotza zigorra berrezarri du Frantziak. Eta hori erabat onartezina iruditzen zait». Ez da ohikoa Etxegarairen mailako politikari bat adreilu bat eskuan hartu eta Baionako suprefetura aitzinean pareta bat eraikitzen ikustea. Eta hala azpimarratu zuen batek baino gehiagok. Anitz izan ziren sare sozialetan eremu abertzaletik Euskal Elkargoko lehendakariak jaso zituen eskertza eta babes mezuak, EAEko eta Nafarroako lehendakariek gatazkaren konponbidean hartzen duten jarrerarekin alderatzen zutela. Larunbatean, erreferentzia bat zen Etxegarai.

Bezperan, ikasturte hasierako prentsaurrekoa eman zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Azpimarratu zuen segurtasun arazo bat badela Lapurdiko hiriburuan, bereziki Baiona Txikia auzoan, eta, beraz, polizia munizipal gehiago ezartzea erabaki duela. Halaber, jakinarazi zuen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroari eskatu ziola polizia munizipalak dituen baliabide juridikoak emendatzeko, besteak beste, atxiloketak egiteko aukera izan dezaten. Eta segurtasun kamera gehiago ere hitzeman zuen: «Behar bezainbat ezarriko ditugu». Bidaiako jendeen «arazoa» ere aipatu zuen, nahiz eta onartu hiriak ez duela legea betetzen. Eta etxegabeen kontrako neurriak hartu zituen, «herriko bakearen, segurtasunaren eta ordena publikoaren kontrako elkarretaratzeak murrizteko». Ostiralean, kexa eta arrangura eragin zituen Etxegaraik hainbat gizarte taldetan.

Horiek dira Etxegarairen bi aldeak. Lehenari begiratu zioten zenbait abertzalek herriko bozetan bere parioa egin, eta Euskal Elkargoko lehendakari gisa bere alde egiterakoan. Baina lehen hori goratzeak ez luke itsutu beharko bigarrena ez ikusteraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.