Albistea entzun

Bazterreko ziegan ( eta VI). Andrea, presoen zaintzaile

Aingurak: katigatutako andreak

Andreak izaten dira, gehienetan, presoen —andre zein gizon— arnasa kanpoan; maiz, egoera zailetan egoten dira emakume horiek, baina kasu gutxi egin zaion talde bat dira, ikusezina.
BERRIA

Arantxa Iraola -

2015eko irailak 6

Bilbon, Deustuan du egoitza presoen arretarako Zubiko elkarteak. Paretetan, argazkiak. Horietan, andre, gizon eta umeak: irribarretsu koloretako munduan. «Presoen familiartekoekin batera egiten ditugun txangoetakoak dira». Carmen Gonzalez elkarteko alor soziojuridikoko arduradunarenak dira azalpenak. Irudi horietan nor den nor asmatzea ez dela zaila esan du: «Gizon ia denak presoak dira. Andrazkoak, berriz, haien senitartekoak: bikotekideak, arrebak, amak». Izan ere, kartzelaren munduan etenik gabe aipatzen da hori: presoen —gizon zein andre— kanpoko babesa, gehienetan, haien inguruko emakumeak izaten dira. Ez nekerik gabe. Zubiko-ko alor psikosozialeko arduraduna da Idoia Franco, eta andre horietako askok egoera oso zailak bizi behar izaten dituztela dio. «Askok ezinegon handia izaten dute; emozionalki dena ikusten dute beltz». Horregatik, urteotan bereziki, hasiak dira andre horiei begira ere, lanean. «Arta psikologikoa ematen diegu, eta juridikoa ere bai. Askotan, lehen kontaktua egiten dugunean, galduta egoten dira guztiz, eta etsita. Lagun diezaiekegula ikusten dutenean, informazioa ematen zaienean, asko lasaitzen dira», esan du Gonzalezek.

Lan psikologikoa ez da erraza izaten askotan. «Beren bikotekideekiko mendekotasun emozional handia izaten dute askotan andreek; artatzen ditugun emakume askorengan ikusten dugu hori», esan du Francok. Horrek, hein batean, kartzelara lotzen ditu beraiek ere. Arriskutsuki maiz. «Askok edozer egingo dute, esaterako, kartzelan dagoen gizonari espetxe barrura tabakoa eramateko: edozer. Nahiz eta gero akaso ez izan argia pagatzeko dirurik», azaldu du Gonzalezek. «Presioa sentitzen dute kartzela barruan dauden gizonei laguntza emateko: 'Ni naiz daukan bakarra', esaten dizute. 'Haren arnasa'». Gizonak kartzelan bisitatzeko ere sarri edozertarako gai direla azaldu dute. «Presio handia izaten dute. 'Baina nola ez dut ba bisitatuko?, esaten dizute. Baina askotan ezin dute, umeen zaintza, lana eta ardura pila bat dituztelako. Oso-oso egoera zailak izaten dira». Egoera horietan argia egiten laguntzeko, arta psikologikoa ematen diete emakumezko horiei; banaka, eta taldeka ere bai. Horrela, emakume horiek «ahalduntzen» ahalegintzen dira, indarrak neurtzen ikas dezaten, eta preso dagoenaren eskaerak era itsu-itsuan bete ez ditzaten.

Zubiko elkartean ez da berria gai horrekiko kezka. 2008an, ikerketa lan bat argitaratu zuten: Prisión y genero. Efectos del encarcelamiento en mujeres y hombres presos y en su entorno familiar (Kartzela eta generoa. Espetxealdiaren ondorioak andre eta gizon presoetan, eta haien senitartekoetan). Hainbat senideren eta presoren lekukotasunak biltzen dira, eta horietako askotan agerikoa da emakumeen gaineko zama. Ikusten da, era berean, askotan emakume senideak ez zaizkiela gizon presoei mintzatzen etxean bizi dituzten egoeren gordinaz. «Informazioa ezkutatzen diete». Gizonezkoek, berriz, biktimaren rolari atxikita —«hemen sufritzen ari naizena ni naiz»—, eskean jarraitzen dute: dirua, beren auzibidea bizkortzeko eta arintzeko ahaleginak, bisitak... Aldiz, horiei erantzun ezinik ikusten dira askotan andrazkoak. Hor saiatzen dira laguntzen Zubiko elkarteko kideak, dena ezin dutela egin azalduz, eta informazioa emanez.

Informazio juridiko doi eta egokia izateak, esaterako, zama asko arintzen diela esan dute. «Lagungarria da beraientzat espetxealdiari buruzko gauzak jakitea, epeak zer nolakoak diren argi izatea, gradu batetik bestera igarotzeko zer egin behar den, eta abar». Era horretan, espetxe barrutik presoak egiten dizkien eskakizunei —maiz ugariak, presakoak— taxuz erantzuteko bidea izaten dute.

Sekretuaren zama

Bat datoz biak: ezkutuan mantentzen da, askotan, kartzela. «Bikotekidea denean presoa, esaterako, andre horiek sarri familiari ere ez diote kontatzen senarra preso dutenik; kanpoan lanean ari dela esaten dute. Jakina, horrek beren ezinegona areagotu besterik ez du egiten, laguntza eskatzeko modurik ere ez baitute», azaldu du Gonzalezek. Seme-alabekin ere usu ezkutatzera egiten dela diote: «Txikiak diren bitartean, behintzat, ez zaie ezertxo ere kontatzen. Tira, nik uste dut askotan badakitela zer ari den gertatzen, baina ezjakinarena egiten dute: erosoagoa da, mingarria baita gaia». Umeak handitu ahala, harremanak ozpindu egiten dira askotan. Gizon presoentzat alor hori erosoagoa dela diote; errazagoa. Andrazko preso gutxi artatzen dituzte elkartean, baina haien familia harremanak gehienetan hondatuagoak ikusten dituzte. Ez du dudarik Gonzalezek: «Andreei gutxiago barkatzen zaie, emakume presoa askoz ere okerrago ikusita baitago. Eta seme-alabak ere, oro har, ulerberagoak izaten dira aitekin amekin baino».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Ione Belarra Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren ministroa, Espainiako Senatuan. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Animalien Ongizaterako Legea indarrean sartu da Hegoaldean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Animalia domestikoak abandonatzen dituztenak zigortu ahalko dituzte legearen bidez, eta debekatuta egongo da animaliak ikuskizun publikoetarako erabiltzea, baina salbuespen asko izango dira.

Iruñeko osasun zentro bat, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroan itxaron zerrendak %29 handitu dira bost urtean, Kontu Ganberaren arabera

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

«Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak», ebatzi du Kontu Ganberak. Arreta unitateetako langileen «lan zamaz» ohartarazi du

Entzierro bat, Espainian. ©DAVID FERNANDEZ / EFE

Gizon gipuzkoar bat hil da Espainian, zezen batek adarkatuta

Berria

Olmedo herrian gertatu da ezbeharra (Valladolid, Espainia), entzierro batean.

LAB sindikatuko emakumeen batzarra, atzo, Oiartzunen (Gipuzkoa). ©GORKA RUBIO/ FOKU

LABek eskatu du zaintza lanak eremu pribatutik ateratzea eta «duintzea»

Edurne Begiristain

Sindikatuko 200dik gora emakume Oiartzunen bildu dira, greba feminista antolatzeko. «Zaintza komunitarioa» aldarrikatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...