Behar bati erantzunez

Euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko banderatxoa urruntze politika salatzeko irudi gisa sortu zuten 1995ean, eta hura amaitzear dela utziko dio bere lekua ikur berri bati.

Etxerat-ek egindako mobilizazio bat, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aro baten amaiera irudikatu dute Sare Herritarrak eta Etxerat elkarteak ikur aldaketarekin. Elkarri zuzendutako bi gezi eta Etxera leloa izango dira aurrerantzean euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioetako ikur nagusiak. Urruntze politikaren amaiera gertu dela irudikatu dute aldaketarekin, Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira leloa eta Euskal Herriko mapa dituen ikurra atzean utzita. Duela 28 urte eratu zuten hura, Hernanin (Gipuzkoa). «Imajinazioz, behar bati erantzuteko sortu zen iniziatiba», azaldu dio Elias Minerrek BERRIAri.

Espainiako Gobernuak 1989an jarri zuen martxan urruntze politika, eta, egoera hura salatzeko asmoz, zenbait ekinaldi egin ziren 1990eko hamarkadan. Horietako batean sortu zuten ikurra. Zehazki, Hernaniko herri mugimenduek 1995ean martxan jarritako dinamika batean sortu zen: besteak beste, Etzakit taldearen Gurekin abestia bezala —Jon Garmendiak jarri zizkion hitzak kantari—.

Minerrek adierazi du lehen urratsa kalean kartelak jartzea izan zela, baina berehala kentzen zituztela udalaren aginduz. Hala, pentsatu zuten aldarrikapena herriko balkoietara eramatea: «Eskaerarekin bat egiten zuen jendearen zerrenda egin genuen, partikularren balkoietan ikurrak jartzeko». Helburua: «Hortik ezin zituzten kendu, eta ikusgarritasuna emango genion sakabanaketa salatzeari».

Banderatxoak jartzeko ideia zehaztuta, hari forma ematea izan zen hurrengo urratsa. Euskal presoak Euskal Herrira —gerora, iheslarien herriratzea batuko zen aldarrira— leloa eta hura irudikatuko zuten geziak. Ideia horrekin jo zuten Egin-en errotatibara, eta han Jon Altunak eman zion forma ideiari. «Ordu laurden batean edo ordu erdian egin genuen», azaldu du hark. Euskal Herriko mapari itzala jarri, gezi gorriak bueltan txertatu, eta leloa gehitu.

Hasieran, 50 bat banderatxo egin zituzten, baina berehala zabaldu zen. «Kanpotik ere eskatzen hasi zirenean, kontuak gainditu egin gintuen. Beraz, mugimendu nazionalek hartu zuten euren gain ikurrak egitea», azaldu du Minerrek. Hilabete gutxi batzuk baino ez ziren igaro hori gertatu zenerako.

Izandako harreragatik eta zabalkundeagatik «poza» adierazi du Altunak. «Gogoan dut Sevillako [Espainia] atletismoko txapelketan ere Giraldillek nola atera zuten», gehitu du. 1999ko munduko txapelketako hasiera ekitaldian izan zen. 60.000 lagun inguru zeuden estadioan, eta beste milioika gehiago ari ziren hura telebistaz ikusten, mundu osoan.

Aldaketara egokitzera

Altunak ez du «penarik» sentitzen ikurra aldatu delako, horrek esan nahi baitu preso guztiak Euskal Herriratzear daudela. Halere, Minerrek gehitu du aldarrikapenak ez direla eten behar: «Aldaketa gertatu denez, egokitu beharra dago, baina oraindik ere presoen eskubideak aldarrikatu behar ditugu». Izan ere, azaldu du oraindik ere haien eskubideak urratzen direla, hirugarren gradua ezartzeko oztopoak aipatuta: «Jarraitu behar dugu ikur berria erakusten, eta egoera salatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.