xabier martin
GEURE KONTU

Gobernuaren 23. ministerioa

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Asaldaturik azaldu dira egunotan Madrilen eratu berri den gobernuaren aurka munizioa xahutzen dabiltzanak, muzinka Pedro Sanchezek 22 ministerio banatu dituelako koalizioaren beharrei erantzuteko. Gehiago hartzen dituen mahaiak tarta handiagoa behar du gainean. Alberto Garzon kamaradak jakingo du zerbait horri buruz, orain Kontsumo ministro baita. Kontua da 22 ez, baina 23 direla PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernua osatu duten ministerioak, ofizialei beste bat gehitu baitzaie egunotan: CCOOren eta UGTren ministerioa.

Eta zein den haren eginkizuna? Ezkerretik sortzen diren unean uneko matxinada gogaikarriak amatatzea; adibidez, U-30 greba orokorra. Sanchezek baditu lanak eskuin muturraren faxismoari eta haren hedabideei aurre egiten eta, bitartean, Dolores Delgado Justizia ministro ohia fiskal nagusi izendatzen. Ez, Sanchezen kezka handien zerrendan ez dago Hego Euskal Herrian egingo den greba orokorra; besteak beste, UGTri eta CCOOri dagokielako horri aurre egitea, 23. ministerioari, alegia. Eta Unai Sordoren sindikatuak perla hauxe utzi du asteon pentsiodunek greba orokorrari emandako babesa hautsi nahian: «Pentsiodunen objektibotasuna larriki kalteturik dago, greba orokorra babesteko eta bultzatzeko hautua egin dutelako». Nortasun nazional espainiarraren betaurrekoak jantzi gabe nekez utziko dio inork pentsiodunen hautuaren logika ikusteari. Kalean bi urtez hainbat erreibindikazioren alde egon ondoren, hain zuzen aldarrikapen horien aldeko greba orokor bat babestu dute. Baina logika bost CCOOri, «ELArentzat eta LABentzat, nortasun nazionala baita garrantzitsuena, muga fisikoak eta banderak, eskubide sozialen gainetik». Ez da Alfonso Guerraren ateraldi bat, baina haren betaurrekoak jantzita idatzitakoa bai, Uribitarte kalean, hain zuzen,azken bi urteotan pentsiodunak Bilboko udaletxearen aurrean eguzkipean zein euripean bertatik bertara ikusi dituzten bulegoren batean.

Gutunari gutunarekin erantzun dio Urkulluk

23. ministerioan badira are gogorragoak, dena den. Nortasun nazional espainiarra «eskubide sozialen gainetik jartzea» erabaki duen beste bat da UGT, «grebaren helburu bakarra zatiketa delako, eta lurraldetasuna markatzea». Euskal langileen baldintzak finkatuko dituen negoziazio kolektiboa Euskal Herrian egiteko eskubideaz harago, ez dago ezer lurraldetasunarekin lotua U-30 greba deitu dutenen aldarrikapen taulan. Baina lan itunen estatalizazioari muga jartzeko eskatzea nahikoa da UGT eta CCOO mobilizazioaren aurka jartzeko; Euskal Herrian dauden oreka sindikalak gainditu eta negoziatzeko gaiak Madrilera eramateko atea zabaldu zuen Zapateroren erreformak, eta Sanchezen doiketak ez du itxiko ate hori; aitzitik, grebaren aurka dauden sindikatuek Espainian duten ordezkaritzaz euskal langileen baldintzak erabakitzeko duten ahalmenaren atea gehiago zabal dezake.

Estatalizazioak Lander Martinez zenbat kezkatzen duen jakitea ez da erraza, baina Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak ez du grebarik egingo, beldur delako «sektore batzuk hauteskunde asmoekin» ari ote diren. Grebaren kontua ez du argi ikusten zerua konkistatzera iritsi eta Patxi Lopezen betaurrekoak jantzi dituen politikariak.

Iñigo Urkulluri ez zaio gertatzen halakorik. Aspaldian erabaki zuen non kokatu behar duen, eta greba orokorra «greba politikoa» dela. Horregatik ez du onartu Eskubide Sozialen Gutunaren eragileekin elkartzea, eta gutunez erantzun dio haien bilera eskaerari: «Grebak bakarrik kaltea egingo die ekonomiari eta hiritarren egunerokotasunari». Ez du kezkatzen, itxura batean, horrek urra ote dezakeen elkarrizketaren txapeldunaren irudia. Sindikatuen garaipen txiki bat da Urkulluk orain arte bezala ez ikusiarena egiteari utzi eta grebaz aritu behar izatea. Euskal politikak noizean behin eragiten duen surrealismo kuota betez, berriz, Maria Txibitek atea ireki die Urkulluk itxi dienei; perestroikaren kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.