Onintza Enbeita.
LARREPETIT

'Gordita'

2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Uda honetan gertatu zait. Goiza argitzeko ordu gutxi falta zirela, lau lagun abiatu ginen etxerantz. Udaltzainak etorri zitzaizkigun etxe atarira sartu berritan, eta bota egin behar balute legez jo ziguten atea. Ni goren nengoen eskaileran, eta atetik hurbilen zegoenak ireki egin zien. Udaltzainak ea ondo nengoen galdetu zidan. Altueran hobeto ikusten ninduelako izango zela pentsatu nuen, benetan galdera pluralean egin nahiko zuela. Gure harridurari erantzuten saiatu zen: jaso zuten salaketa baten arabera, hiru magrebtar omen zebiltzan gordita bati jarraika. Isilik gelditu ginen, eta esan zigun barkatzeko, baina perfekzioz egiten genuela bat deskribapenarekin. Mingainaren puntan izan nuen ea haren ustez gordita zein zen galdetzeko gogoa, baina benetan salaketarik egon bazen, hobe zuten azkar alde egitea arazoetan zegoenaren bila.

Ia-ia ziur dakit salaketa ipini zuenak ez zuela gordita esan; gorda baizik. Euskaraz ere egiten dugu bereizketa hori: potoloak dira gauza bat, eta lodiak beste bat. Eta badakit udaltzainarentzat ez zela atsegina izango niri lodia deitzea, eta horregatik esan zuela potola. Eta gogoratu nintzen nola eztabaidatu nuen behin, mutil zoragarri batekin, nire gorputzari buruz. Haren ustez, ni ez naiz lodia: «lodiak beste batzuk dira!». Esplikatu nion baietz, ni lodia nintzela 80 kilo pasatu nituenetik, eta hori oso aspaldi gertatu zela. Kontua da lodia izatea oso gauza negatibotzat hartzen dela, eta zaila da maite duzunari ezaugarri negatiboak jartzea.

Nola hain gaizki ikusita dagoen 42 neurritik pasatzea, pertsona baten begietara desiragarria zarenean, potolo ikusiko zaitu. Badago loditasuna onartzeko ezintasun bat. Osasunarekin mozorrotzen dute, baina nik ez daukat osasun arazorik, eta, hala ere, sarritan gomendatzen didate dietaren bat zuzenean edo zeharka. Eta okerrena da, neu ere, beti ez naizela eroso sentitzen lodia izatearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.