Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Lehendakari bat EBren korridoreetan

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
G obernuaren eta lobby baten arteko muga uste baino lausoagoa zeharkatu du aste honetan Maria Txibite Nafarroako lehendakariak. Asteartean, Bruselan izan zen, eta haren alboan ziren Michaek Hobusch VW Nafarroako presidentea eta Roberto Lanaspe autogintza klusterreko burua. Hirukotearen helburua oso argia zen, eta ez zuen ezkutatu: Europako Batzordeari presio egitea atzeratu dezan autoen isurketa neurtzeko arau berria, Euro 7 izenekoa.

Eskaera hori bera egin du ACEA Automobil Ekoizleen Europako Elkarteak, eta Txibitek bere burua behartuta ikusi du presio horretan pertsonalki parte hartzera. Zergatik? Autogintzak oso pisu handia du Nafarroako eta Hego Euskal Herri osoko ekonomian. Industriaren atal nagusia da, barne produktu gordinaren %5etik gora ekartzen du, eta zuzeneko enplegu ematen die ia 60.000 langileri.

Zenbaki handiak dira, eta arriskuan ikusten dituzte Nafarroako Gobernuak ez ezik Eusko Jaurlaritzak ere. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua urrunago joan da sarritan, eskatu baitu EBk atzeratu dezala errekuntza auto berrien salmentaren debekua. «2035 arte ez da denbora asko geratzen», esan du Tapiak. Beste modu batera esanda, Euskal Herriko auto industria estu eta larri ibiliko dela bere burua mugikortasun elektrikorako trantsizioa arrakastaz egiteko.

Trantsizio horretan urrats bat da Euro 7 isurketen araua. 2025eko uztailaren 1ean da indarrean jartzekoa, eta, horren bitartez ,%35 gutxitu beharko da autoek eta furgonetek isurtzen duten NOx gasa, eta %56, berriz, autobusek eta kamioiek isuritakoa. Gainera, lehen aldiz, galgek eta pneumatikoak sortzen dituzten partikula kutsagarriak murriztu beharko dituzte ibilgailuek.

Autogileen patronalak auzitan jarri du Euro 7 arau osoa. Haren argudioa da 2035 eurotik aurrera auto berriek ez dutela gas kutsagarririk isuriko—dela elektrikoak direlako, dela balizko erregai sintetikoekin funtzionatuko dutelako—, eta 2035ean zirkulazioan izango diren autoen %10 baizik ez direla behartuta izango Euro 7 betetzera. Hau da, ez duela merezi milioika euro gastatzea helburu hain ziztrin baterako. Eta inflazio handiko garaietarako beste datu bat ere eman du ACEAk: Euro 7 betetzeko hartu beharko diren neurriek 2.000 euro garestituko dituzte autoak.

Batzordeak, noski, gauzak beste modu batera ikusten ditu. Hark dio autoak 90 eta 150 euro artean bakarrik garestituko direla, eta gas kutsagarri gutxiago isurtzeak milaka bizitza salbatuko dituela. Kalkulatu duenez, 2050. urtera arte autoen %20 eta ibilgailu astunen %50 baino gehiago izango dira errekuntzakoak, eta, hortaz, kutsagarriak. Gainera, oroitarazi du galgek eta pneumatikoek eragiten duten kutsadura txikitzeko neurriek eragiten dietela elektrikoei ere.

%13,9 dira elektrikoak

Trantsizioari buruzko eztabaidak eztabaida, bere bidea egiten ari da auto elektrikoa. Iaz EBn saldutako autoen %12,1 izan ziren erabat elektrikoak, baina martxoan jada %13,9 izan dira. Egia da bi abiaduratan doala prozesua, eta herrialdeen aberastasunaren araberakoa dela: %30etik gorako kuotarekin herrialderik aberatsenetan, eta %5etik beherakoa pobreenetan.

Egia da, halaber, merkatu elektrikoan arrantza oparoa egiten ari direla Tesla —salmentak bikoiztu ditu EBn— eta autogile txinatarrak. ACEA, Txibitek eta Tapiak badituzte kezkatzeko arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.