xabier martin
GEURE KONTU

200.000 milioiko euriaren uholdea

2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Alemaniak iragarri du asteon 200.000 milioi euroren diru laguntzak emango dizkiela bere enpresei eta herritarrei energiaren faktura ordaindu ahal izateko, eta Europako Batasuneko ardi beltz Victor Orbanek ez du aukera alferrik galdu: «Hau kanibalismoaren hasiera da eurogunean». Hungariako lehen ministroa, ohiko susmagarria denez, ez da arazoa Berlinentzat eta haren enpresak milioi euro publiko askoren euriaz ureztatzeko planarentzat. Bai, ordea, Batasuneko beste bazkide batzuen errezelo, kritika eta isiluneak, denetarik egon baita albistearen erreakzioen bilduman. Batasuneko kideen artean eta Europako Batzordean ere gailendu den kezka da, nolanahi ere, hausten ari ote den Europako Batasunaren oinarrian dagoen lehia arauen eta estatu laguntzen esparrua, alegia, merkatu komuna.

Baina Alemaniaz ari gara, Europako motorra esan dioten klubeko lehen ekonomiaz, eta, orain, Errusiako gas iturri merke zirenak itxiak dituela, inor baino gehiago sufritzen ari den potentziaz euroguneko ekonomia handien artean. Bere gihar ekonomikoaz ere bai, jakina. Estatu kide bakoitzaren ahalmen ekonomikoari buruzko eztabaida baita hau, azken finean. Berlinek bere BPGaren %5aren adinako diru laguntzak eman behar baditu, ahal duelako da, merkatuan zor hori eskatu eta eskuratu ahal duelako, alegia. Haren gobernuarentzat, bigarren mailakoa da neurri horrek Europako bidezko lehian eragiten duen ala ez. Pandemiaren gordinean, salba dadila ahal duena-ren doktrina zabaldu zuen gobernuen beldurrak, Europako bihotzean. Historiak esango du Batasunaren erakundeak berrindartuz gainditu zela aro hori, baina badago oraindik ere, energia krisi sakonaren agertoki konplexu honetan, jarrera horren arrastorik.

«Diru laguntzen lasterketa kaltegarria»

Aurkituko ote du Alemaniak benetako erresistentziarik Batasunean bere plana gauzatzeko? Ez du ematen, inondik inora. Bruselak merkatu komuna zaintzera dei egin du, baina, aldi berean, Berlinen neurrirako jantzi bat egiteko proposamena helarazi die estatu kideei: estatu laguntzak legezko diren epea zabaltzea proposatu die, 2023ko ekainera arte, eta laguntzen gehienezko neurria handitzea. «Erantzun komuna eta koordinatua behar dugu Europako oinarrizko sendotasunari kalterik ez egiteko: gure merkatu bakarra». Margrethe Vestager Lehia komisarioak ohartarazi du merkatu bakarrak ongi funtzionatzeko «giltzarri» dela estatu laguntzen «kontrol eraginkorra» egitea, eta saihestea «dirulaguntzen lasterketa kaltegarri bat».

Estatukideen erantzunaren zain geratu da Batzordea, baina askoren ezinegonaren berri duela. Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak «estrategia ekonomiko globala» adostea eskatu du, aditzera emanez Berlin bere kabuz ari dela. Izan ere, estatu batzuek mahai gainean jarri dute 200.000 milioi euroko euriak —«babesteko aterki handia», esan dio Olaf Scholzek— EBZk inflazioa jaisteko duen estrategiari ere kalte egin diezaiokeela. Ekonomia hozteko beharra azaldu dute sarri EBZko belatzek; ez legoke sobran jakitea zein den haien iritzia 200.000 milioiren laguntzak kontsumoan izan dezakeen eraginaz; adibidez, Isabel Schnabel ortodoxiaren defendatzaile alemaniarrarena.

Ezin da ezkutatu, ordea, estatu bakoitza bere gihar ekonomikoaren araberako tresnekin ari zaiela laguntzen beren enpresei eta herritarrei, eta, gobernuen ildo politikoen arabera, gehiago enpresei edo gehiago herritarrei. Parisek berak argindarraren eta gasaren igoerari muga bat ezarri dio, eta benetako prezioekiko aldea zor publikora desbideratu du. Frantzia da inflaziorik apalenekoa eurogunean (%5,6) eta ez da kasualitatea: bidezko lehiari eta merkatu komunari modu askotara kalte egin dakieke.

Edonola ere, Bruselak nekez lortuko du diru laguntzen «lasterketa kaltegarria» ekiditea Berlinen aurka joan behar badu. Lasterketa horretaz ohartu dira jada Adegi patronalean, «Alemaniaren antzeko zuzeneko laguntzak » eskatu baititu. Euria eskatzea libre da, baina Gipuzkoa ez dago Alemanian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.