Eneko Gorri.
LARREPETIT

Berrogeita hiru

2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragan larunbatean, Basusarriko euskal dantza taldeak 43 urte bete zituen, herriko plaza mukuruz betez. Gehienetan hamarkada bukaerak ospatzen dira: 20, 50, 100... Baina Basusarrin betidanik gauzak desberdinki egiten dira. Horiek hola, albistea ez da urtemuga «bitxi» hori bete izana, baina horren inguruan antolatutako dinamika ezin ederragoa.

Hamabi hilabetez, belaunaldi guziak bildu dituzte eta berriz dantzan eman, ikusgarri baten prestatzeko aitzakiarekin. 4 urtetik 59 urtera, 120 herritar inguru plazan dantza ari izan dira. Ederra eta hunkigarria.

Errepika garaian harmailan jarririk, herritar horiek guziak zer bilakatu diren begiratzean, azken lau hamarkaden bilakaera egiteko aukera izan da. 1968an, 483 basusartar zenbatzen ziren, baina Baiona-Angelu-Miarritzerekin mugakide izanez, etxe-agentzien espekulazio goseak lo-hiri bilakatu zuen. 1990 eta 2004 artean, biztanleria bikoiztu zen: 1.056tik 2.316rat. Golf bat eta horren inguruan luxuzko auzoak eraiki ziren. Baionara lanera joan, eta Basusarrira lo egitera sartu. Herriko bizia ahuldu da, euskararen erabilera ia desagertu, lurren prezioa itsuski goratu... Baina destino Goliathiar horren kontra borrokatu den David asko izan da Basusarrin. 1980ko hamarkadan sortutako lagunekin dantzan hasi ginelarik, inguruetako ikastoletan euskaraz eskolatutako lehen belaunaldia ginen. Gu aitzin, euskara ematen zuen gazte gutxi zegoen. Baina euskaraz desjabetutako belaunaldia berriz hurbildu da euskarara. Dantzarien artean, ikastolako guraso bilakatu direnak bazeuden, gau eskolari esker euskaldundu diren ausartak ere, sare elebiduneko haurrak eta birjabetze hori beldurrik gabe ikusten duten amatxi-aitatxiak ere. Ikasturte honetan ikastola ere ireki dute. David askoren lanari esker, patua aldatzeko gaitasuna dugu.

Hemezortzi urte preso pasatu ondoren, David Gramont herritarrak herri desberdin bat deskubrituko du 2016an. Ez dugu irabazi, baina ez gara bidean galduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.