Kattalin Miner.
LARREPETIT

Oporraldiaren zera hori

2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Esaldiak hala dio: «Ez dituzu astelehenak gorroto, kapitalismoa gorroto duzu». Horri jarraikiz, eta opor garaian gaudela, esan genezake «ez duzu opor osteko depresiorik, depresio kapitalista duzu». Ez naiz ni izango dugun bizi estiloa erotzeko modukoa dela dioen lehena edo azkena, baina, tira, oporren bueltan humano kapitalistok egiten ditugun gauzek zoratuta gaudela berresteko hainbat pista ematen dizkidate.

Batetik, oporretara joatea erlaxatzearekin lotzen dutenak daude. Zeinak helburu gisa eguraldi ona, hondartza edo erritmoa jaitsiko dien edozein paraje aukeratzen baitute, urtean zehar egin ezin izan duten hori egiteko; hots, ordutegiak ahaztu, lo egin, irakurri, larrua jo, gogotik jan eta edan. Askori, ordea, kosta egiten omen zaio horretara ohitzea, eta zereginak eta planak asmatzen hasten dira denbora bete nahian, «ezer ez egitearen» ideia idealizatu horrek beldur itzela sortzen baitie. Dena den, batzuek behin benetan erlaxatzea lortzen badute, konturatu orduko itzulera ordua izaten dute, eta bi egun lehenago hasten dira etxeratzea madarikatzen, burua laneratzen eta estresatzen.

Bestetik, «mundua ezagutzea» edo «esperientziak bizitzea» oinarri duten bidaiariak daude. Zeren kontuz, ez da gauza bera oporretara joatea edo bidaiatzea. Eta bidaiatzea, lagunok, estresantea da bere horretan. Ezezaguna zaizun lekuetan barrena, ausazko erabakiak hartuz une oro, edota guztiz akigarria den eta inprobisazioari bide uzten ez dion planifikazio zorrotzari jarraituz. Etxeratzean, ordea, mundua sumatuko duzu faltan, bertakoa absurdo bilakatuko da.

Denak itzuliko dira beren egunerokora, eta denek aldarrikatuko dute haien oporraldiaren sublimetasuna lanerako itzulera ahots gora gorrotatzen duten artean, baina, barru-barruan, lasaitua ere hartuko dute, errazagoa delako ezaguna dena gorrotatzea, nahi dugun hori egiteko aukera izan eta porrota onartzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.