Nafarroan, iazko superabiteko 113 milioi inbertsio publikorako izango dira

joxerra senar
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak iaz 215 milioi euroko superabit berezia izan zuen, eta orain exekutiboa babestu duten lau indarrek hitzartu dute diru horren erdia baino gehiago (113 milioi euro) inbertsio publikora zuzentzea. Gainerako dirua zorra amortizatzeko erabiliko dute.

Iragan urte amaieran PPren gobernuak eta Nafarroako exekutiboak 2015-2019 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu zuten, eta ondorioz Espainiako administrazioak 215 milioi euro itzuli behar izan zizkion Nafarroari, aurreko urteetan ekarpen bidez gehiegi ordaindu zuelako.

Egonkortasun legearen eta gastu arauaren ondorioz, diru hori osorik zorra ordaintzera bideratu behar zela ohartarazi zuen orduko Ogasun ministroak, Cristobal Montorok. Laukoa osatzen duten alderdiak zirrikitu bat bilatzen aritu dira, eta orain, PSOE Madrilen agintean dagoela, aukera baliatu nahi dute. Foru lege proposamena erregistratu zuten atzo Parlamentuan, berehalako prozedura erabilita. Irakurketa bakarreko tramitazioa izango da eta urriaren 4rako onartzea espero dute.

Lege proposamen horrek bi zati ditu. Batetik, 20 milioi euro Tokiko Inbertsio planean sartuko dira, eta udalek abenduaren 31 bitarteko epea izango dute inbertsio horiek esleitzeko. Bestetik, gainerako 93 milioi euroak beste departamenduetako inbertsioetarako erabiliko dira, batik bat Hezkuntzan eta Osasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.