Albistea entzun

GEURE KONTU

Distiraren atzean, zalantza ugari

Joxerra Senar -

2023ko otsailak 19

Zurrumurruz betetako itxaronaldi luzearen ostean, asteon baieztatu du Volkswagenek 2026ra arte 1.024 milioi euro inbertituko dituela Landabenen, lantokia auto elektrikoen produkziora egokitzeko. Maria Txibite asteartean bertan izan zen Wolfsburgen, taldearen egoitza nagusian, eta pozarren aldarrikatu zuen «Nafarroan inoiz egin den inbertsiorik handiena» dela. Historikoa da, bai, eta bere legealdi amaierarako garaipen politiko gisa saldu du hainbeste espero zen albistea. Dena den, tentuz ibili beharko luke, lerroburuaren distiraren atzean oraindik zalantza asko geratzen direlako argitzeko.

2020 amaieran, hurrengo belaunaldirako estrategia aurkeztu zuenean VW taldeak, ibilgailu elektrikoen eta autonomoen aldeko apustu irmoa egin zuen. Hiru bateria fabrika eraikitzea aurreikusi zuen hasieratik: lehenengoa, Alemanian; bigarrena, Suedian; eta, azkena, Espainian. Hirugarren hautu hori baldintzatua izan zen, Europako funtsen araberakoa, baina halaxe sartu zituen apustu horren barruan Iruñeko eta Martorellgo Seaten lantokia. Ezin da hiruki hori ahaztu Iruñeko inbertsio historikoa aztertzekoan. Izan ere, Saguntuko fabrika erraldoia egiteak 3.000 milioi euro eskatuko ditu, eta Martorellgoak, beste 3.000 milioi.

Hain zuzen ere, Bartzelonako fabrikak irakaspen latza utzi du. Auto elektriko bakoitza ekoizteko ordu bat gutxiago behar denez, fabrikak kalkulatua du 1.500 lanpostu sobera daudela. Nafarroan ez da halakorik espero, azken urteetan motorrak ez direlako bertan egiten, eta, ondorioz, espero da egungo konbustio autoak egiteko behar den denboraren antzekoa izango dela; alegia, teorian, antzeko lanpostu kopurua beharko da.

Dena den, hori dena ikusteko dago. Orain, zuzendaritzaren eta hautatu berri den langileen batzordearen artean industria proiektuari buruzko xehetasunak negoziatuko dituzte, eta orduan ikusiko da zeintzuk diren VW taldearen asmoak. Erabakitzeko autonomia aldarrikatu nahi du Landabenek: ahalik eta auto gehien ekoitzi, enpleguei eta fabrikatik kanpoko hornidura parkeari eusteko. Kezka dago, iaz ikusi baitzen VW taldeak produkzioaren zati bat Bartzelonara eramatearekin joka dezakeela, hango enplegu galera konpentsatzeko. Susmatzen da, halaber, auto elektrikoari buruzko negoziazio politikoetan PSOEk aldagai hori mahai gainean jarri duela.

Gainera, hiru urte inguru beharko dira fabrika auto elektrikora egokitzeko, eta UGTko Alfredo Moralesek ohartarazi du «basamortuko zeharkaldi luzea» izango dela trantsizio epe hori. Ohiko produkzioa murriztu egingo da, eta horrek ondorioak izango ditu lan arloan. 2026ra onik iristeak ez du derrigorrez esan nahi hortik aurrerako bidea erraza izango denik. Garrantzitsua da Landaben etorkizuneko apustu horretan egotea, baina ikusteko dago baita ere merkatuak nola erantzuten dion apustu horri. Azpiegitura elektrikoak nabarmen azkartu beharko dira, bederen Europa hegoalde honetan, erosleek auto elektrikoak eros ditzaten. Europa iparraldean (Herbehereak, Alemania edo Eskandinavia) egoera bestelakoa da, eta, hain zuzen ere, Iruñeak VW eta Skoda markako auto elektrikoak ekoiztea bada etorkizun ziurgabe horretarako segurtasuneko koltxoi bat —Seaten aldean—.

Azkenik, beste seinale on bat da auto elektrikoetarako bateriak Landabenen muntatzeko pabiloi bat eraikiko dela. Hau da, bateriak ez dira osorik Saguntotik iritsiko. Funtzio hori hartzeak lanpostu batzuk sortuko ditu, baina, gainera, autonomia bat ziurtatzen dio Iruñeari, aurrerago hidrogenoaren aldeko hautu batera egokitu behar izanez gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Iñaut Matauko Rada

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

Martxoaren 8ko manifestazioa, Donostian. ©Jon Urbe Foku

Martxoaren 8a ez da jai eguna izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritzak ez du aldaketarik egin 2024ko opor egutegian.

 ©Joxean Apeztegia

Euriborrak %4ko atarian bukatuko du maiatza

Iker Aranburu

Kuota orain berritu behar dutenek askoz gehiago ordaindu beharko dute: 270 euro gehiago hilean etxea erosteko maileguan 150.000 euro oraindik itzultzeko dutenek

Barazki eta fruitu denda bat Madrilen. ©JAVIER LIZON / EFE

Inflazioa %3,2ra apaldu da maiatzean Espainian

Irune Lasa

Azpiko inflazioak ere bost hamarren egin ditu behera, %6,1eraino.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...