Eneko Gorri.
LARREPETIT

Barkamenik galdetu gabe

2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko lehendakaria zen frantses irrati publikoan gomita atzo. Oraindik 50 urte ez dituen korsikar autonomista abenduaren 17an izendatu zuten egitura administratibo goreneko buru, hautesleek hala erabaki ondoren. Egunean berean, Talamoni uharteko Asanbleako lehendakaritza izendatze diskurtsoa korsikera hutsez eskaini zuen. 7 minutu eta 38 segundo aski izan ziren Pariseko mikrokosmos politiko-mediatikoan lurrikara eragiteko. Egunez egun, bi hilabete pasatu dira demokraziaren joko arauek zerrenda abertzaleari Korsikaren geroa eraikitzeko giltzak eman dizkietela. Nabarmena da oraindik zaila zaiela batzuei hautetsontzien epaia onartzea.

Ezinegon hori sentitzen zen irratiko estudioan. Gomita elkarrizketatu aitzin hasiak ziren entzuleria girotzen, betiko leloak prefabrikatuz: abenduan bazter auzo baten kontra izandako erasoaldi arrazistaren aztarnak, igandeko futbol jarraitzaileen gehiegikeriak... Elkarrizketak ere akusazio tonalitatea zuen.

Baina Simeoni ez da zepoan erori. Auto-justifikazioa baino, oinarrizko eskubide unibertsalen gainean eraiki du bere argumentatzea. Diskurtso argia, asumitua, ausarta. Goizero 07:00ak eta 09:00ak artean gehien entzunak diren uhinetan, atzo entzun da arrazakeria ez dela Korsikaren DNAn errotua, «inportatutako ideologia» bat baizik. Etxeen merkatuaren presioaren kontra «egoiliarraren estatutua beharrezkoa» zela berretsia izan da. «Kortsikar populu» bat badela eta «haren eskubideen aldeko borroka batean engaiatua» zela adierazia izan da. «Ideia aurrerakoien abertzalismoak» Europan pizten diren nazionalismoekin ikustekorik ez duela baieztatua izan da. Ahoan bilorik gabe.

Batzuetan, gure hautetsien uzkurkeria ikusirik, estrategia guzia hauteskundeetan zentratzea egokia den galde dezakegu. Holako diskurtsoek duda guziak haizatzeko gaitasuna dute. Esatea, berandu, baina sasoiz dator. Eta hobe inoiz sekula santan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.