Kattalin Miner.
LARREPETIT

Gure garaia da

2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Urte askoren ostean—ez bada lehenengoz—, herri sanferminak itzuli dira Iruñera. Zoriontzekoa da denbora luze honetan jai-erresistentzian aritu direnen lana, jakina baita erresistentzia horiek ez direla izan soilik jaiei lotuak, hiri erresistentea ere borrokatu dutela luzaroan. Aurten, baina, gobernu aldaketa lagun, jai herrikoien gozoa laztandu ahal izango dute iruindarrek zein gerturatzen diren gainontzekoek, eta, zorte apur batekin, sanferminak berak ere berrasmatzeko aukera irekiko da.

Beste aldea, ordea, hots, erresistentziarena, aldarrikapenena, borrokarena, luzea izan da, eta hala izango da aurrerantzean ere. Ezin ditugu ahaztu ikurrin baten bueltan izandako aldarrikapen eta zigorrak, polizia oldarraldiak Billabesaren entzierroari, eta beste hainbat eta hainbat gatazka.

Aurten, ordea, aldaketaren sanferminetan agian txupinazo lasaia espero zuten batzuek, baina oraindik izan da zer aldarrikatu. Mundu mailako mozkortze kolektiboa irudikatzen duten jaietan, eraso sexistak eguneroko ogia dira jaia eta kalea hartu nahi dituzten milaka emakumerentzat; horregatik, agian, azaldu da txupinazo egunean Autodefentsa feminista aldarrikatzen duen pankarta erraldoia. Aldarrikapen hori ere ez da berria, baina plazaratu den espazioa ez da ohikoa. Izan ere, aldarrikapen feministek apenas izan duten inoiz lehen lerroa bozgorailu.

Eta guk, behingoz lehen lerroan gure aldarria ikusi dugunok ere, halaxe uste dugu: hau beste kontu garrantzitsuagoak zeudenean ez zela gertatzen, edo ez zigutela uzten, edo ez zela gure garaia ziotela. Bada, gaur bai, nazkatu gara, eta ez dugu gure txanda gehiago itxaron nahi; gaur gure garaia da, erasotzaileek aurrean izango gaituzte, eta erresistentzian jarraituko dugu, jai herrikoiak ez ezik, eraso sexistarik gabeak lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.