Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Tsiprasen gorbatak ere estutu egingo du

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Egun historikoa izan zen ostiralekoa Grezian, Alexis Tsipras lehen ministroak gorbata jantzi baitzuen lehen aldiz kargua hartu zuenetik. Promesa bat bete zuen horrela: gorbata jarriko zuela Greziak akordio bat lortzen bazuen bere zorraren zama arintzeko. Horixe bera erdietsi zuen ostiraleko lehen orduetan. Zorrari buruzko akordioa ezinbesteko baldintza zen Atenasek zortzi urtez behar izan duen finantza laguntza atzean uzteko.

Europarentzat ere egun historikoa izan zen, inork ospakizunik edo keinurik egin ez bazuen ere. Itun horrek atea irekitzen dio erreskateen aroa atzean uzteari: Greziarekin hasi zen, 2010ean, eta Greziarekin amaituko da, 2018an. Ziklo beltz baten amaiera, euroa bera kolokan jarri duena.

Baina erreskatetik irteteak ez du esan nahi Greziaren amesgaiztoa amaitu denik. Agian ez da orain arte bezain beldurgarria izango, baina greziar gehienentzat oraindik ez da iritsi amets goxoak eta lasaiak izateko garaia. Hurrengo urteotan gerrikoa edo lepoa estuturik izan beharko dutelako. Ez du troikak egingo, Atenasko agintariek berek baizik; Tsiprasen eta haren ondorengoen gorbatek estutuko dituzte.

Izan ere, ez da doakoa izango Tsiprasek erreskatetik ateratzekoeuroguneko beste kideekin sinatutako aseguru poliza. Greziari beste 15.000 milioi euro utziko dizkiote orain, eta, horiei esker, 24.100 milioiko erreserba bat izango du hurrengo bi urteetan bere burua finantzatzeko, merkatuen apeten menpe egon gabe.

Aseguru horren truke, Tsiprasek agindu du 2022ra arte gobernuak BPGaren %3,5eko superabit primarioa izango duela; hots, zorrak pagatzen hasi aurretik, Atenasek gutxi gorabehera 6.000 milioi euroko superabita izan beharko duela; 2023tik 2060ra arte %2,2koa izan beharko du superabit horrek. Zertarako ahalegin izugarri hori? Greziak dirua tentuz erabil dezan, zorraren zati bat ordaintzen has dadin, eta merkatuek Greziari buruzko konfiantza berreskura dezaten. Tsiprasek berak onartu du kale estuan ibili beharko duela legegintzaldia amaitzeko falta zaion urtean: «Ezin dugu utzi erreformen eta kudeaketa zuhurraren bidea». Politikoki bide arriskutsua da, suizida ez esateagatik. Orain arte, troika gorrotatuari leporatu ahal izan diote austeritate mingarria, baina, orain, erabakiak Greziak hartuko ditu. Subiranotasunaren ajeak.

Makila eta azenarioa

EB ez da fio Atenasekin, eta ikuskaritza indartua ezarriko dio: hiru hilean behin, Bruselak Greziaren kontuak gainbegiratuko ditu. Makila prest... eta azenarioa ere bai. Esandakoa betez gero, saria jasoko du Greziak: EBZk haren zorrarekin egindako 4.800 milioi euroren mozkina itzuliko dio; 600 milioi sei hilean behin. Ez da akuilu kaskarra zintzo portatzeko; are gutxiago ikusita hamaikagarren erreforma sorta erreskatea amaitu ondoren ezarri beharko dela, eta pentsioak jaistea dakarrela (%9, batez beste); hamalaugarren aldiz!

Troikaren azken inposizioa? Askok horrela interpretatuko dute, baina ez da ahaztu behar Greziaren arazoa Grezian bertan sortu zela. Greziarrek sortu zuten zulo izugarria beren kontuetan, haiek eragin zituzten ordaintzerik izan ez zituzten fakturak, haiek sortu zuten klientelismoaren eta zerga iruzurraren pipiek jandako estatu bat... eta atzetik etorri ziren Alemania eta enparauak, gaixoa ia-ia hil zuen botika mingots eta krudel batekin.

Eta horrek guztiak arazoa konponduko du? Baietz saldu du Tsiprasek, bere herritar pobretuei itxaropena saldu beharrez; hala saldu du Bruselak ere, behingoz sendatu nahi baitu Greziak eragin dion buruko mina. Baina interesatu zuzenak ez direnek zalantza handiak dituzte, haien artean Christine Lagarde NDFko zuzendaria, handia baita Greziaren zorra, handiegia: 317.407 milioi euro 2017aren amaieran, BPGaren %178,6. Ikuspegi horren arabera —eta oso litekeena da zuzena izatea—, ostikoa eman diote baloiari, eta urrun bidali dute arazoa. Nahikoa urrun? Hori ezin da jakin, eta are gutxiago bere burua arazoetan katramilatzeko zaletasuna duen EB honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.