xabier martin
GEURE KONTU

Borondaterik gabeko sindikatuak

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Urliak pentsatuko du, agian, Iñigo Urkullu ezustean harrapatuko zuela Bizkaiko metalgintzan lortu duten hitzarmen kolektiboak, Jaurlaritzako lehendakariak esan baitzuen urri hasieran FVEM patronalak «ahal izan duen guztia» egina zuela, baina sindikatuek ez zutela «akordiorako borondaterik». Urkulluk informazio okerra izango zuela pentsatuko du sandiak, agian, kontuan hartu gabe esaten dena dela bat eta jakiten dena bestea; bi hilabete geroago errealitateak erakutsi baitu, agian, gobernuburuak ongi baino hobeto zekiela negoziazio kolektibo osorako erreferentzia den sektore handian ez zirela lau sos jokoan zegoena patronalarentzat, eta are gutxiago soldatapekoentzat. Eta, bai, langile borrokak, eta zehazki grebak, akordio bat ekar zitzakeela aldeen artean; esan nahi baita, akordiorako borondaterik ez zuten sindikatuen artean eta ahal izan duen guztia emanda zegoen patronalaren artean. Baina horrek begitankor izateko eremu labainkorrera eramango luke berendia, eta, agian, errazagoa izango du euskal oasian gozatzen jarraitzeko tentazioari ez eustearen aukera.

Kontua da Bizkaiko metalgintzako 50.000 langilek baino gehiagok lan baldintzen zoru berria lortu dutela, eta bihar bertan aldeek Lan Harremanen Kontseiluan berretsiko duten akordioa ez zela ameskeria bat, oasiko gerizpea utzi eta eguzkiak eraginda edo. Atzean geratu dira hamar greba egun, eta aste honetan bertan hastekoak ziren beste zortzi gehiago. Atzean geratu dira manifestazio handiak eta Ertzaintzarekin izandako istiluen harrabotsa; baita enpleguari eutsi nahi dioten pertsonen estutasuna eta nekea ere, ziurgabetasun kezkagarria etxekoei begiratzean. Mobilizazioaren lorratzak bere kabuz hitz egiten du, ordea, eta inork ez du sinetsiko orain oasitik irten eta basamortu nekagarria igaro gabe lortu den itunaren sari freskagarria lortuko zutela metalgintzako langileek.

Unai Rementeria eta 'black friday'

Iñigo Urkulluk ezagutzen dituen «manifestatzeko modu jakin baten ezaugarriak» ez dira oztopo izan bidaia horretan, bistan denez, hauspo baizik. Bizkaiko metalgintza baino arreta handiagoa eskatzen dioten gaiek ez zioten utziko lehendakariari lortutakoaz hitzik esaten orain arte, baina patronalaren baietza duen ituna delarik, iritsi da Jaurlaritzaren oniritzia ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren ahotan: «Zoriontzekoa» da enpresariak eta sindikatuak gustura gelditu direlako, eta «kalte handiak» eragin dituen «greba gatazkatsua» bukatu delako. Bi aldeek «egin beharrekoa egin dute», esan du.

Horretan bat datoz akordioa egin duten sindikatuak ere, LAB, CCOO eta UGT; kontua da egin beharrekoaren zerrendan hitzarmenaren aurreko grebak ere sartzen dituztela, baita ELAk ere. Lanuzteak aintzat hartu dituen mobilizazioaren ondorio ikusten baitute lortutako akordioa; eta gehiago lor zitekeela uste duelako oraingoz itunarekin bat egin ez duen sindikatuak ere, ELAk alegia.

U-30eko greba orokorrera deitzeko arrazoiak «gehiegi ere» badirela esplikatzeko agerraldian, Mitxel Lakuntza grebaren balioaz aritu da asteon. «Gauza batzuk ez dira posible grebarik gabe», esan du ELAko idazkari nagusiak. Ez du zehaztu grebarik gabe Bizkaiko metalgintzaren ituna orain den bezala izatea posible ote den, baina ez du beharrik izan ere. «Grebak eramaten du egoeraz jabetzera; grebak gizarte hobea egiten du, aldaketarako atea zabaltzen duelako».

Nostradamus izan gabe jakin daiteke Unai Rementeria ez duela konbentzitu. Pozarren da Bizkaiko ahaldun nagusia akordioarekin, edota greba sorta berri bat ez egitearekin, batek daki. Black friday astean fardel bat igorri dio ELAri haren siglak aipatu gabe: «Sindikatu bat kanpoan gelditu da, baina espero dut egoeraz hausnartuko duela, eta akordiora gehitu dela». Deskontuarekin edo gabe, faktura kobratzeaz ez da ahaztu ELAko afiliatu izan dena atzo goizera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.