GEURE KONTU

Etorkizuna asmatzeko lanak

Bitartekari bat, Seulgo (Hego Korea) burtsan. JEON HEON-KYUN / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ez dira iragarpenak egiteko garairik onenak. Laboral Kutxak berak azaldu du nola aldeak handiak izan diren euskal ekonomiari buruzko txostena osatzeko kontsultatu ohi dituen adituen iritzietan. «Ziurgabetasunaren zama» deitu diote.

Oporretarako, ikasturterako, lanaren antolaketarako... Hainbat agertokitarako prestakuntzak ohiko bihurtu diren honetan, ekonomiaren bilakaera posibleari buruzko txosten guztiek ere orain gutxienez bi agertoki dakartzate, suspertzea oso desberdina izan daitekeelako, adibidez Europan, pandemiarenbigarren olatu handi bat iritsi ala ez.

Geroak zer dakarren asmatu nahian, inoiz begiratu gabeko datuei begira dabiltza Wall Streeten ere. COVID-19aren positibo tasak, ospitaleratze kopuruak, eragin demografikoak, lanpostuei buruzko webguneetarako bisitak, gasolinaren kontsumoa, jatetxeetako erreserbak... Ekonomia abian jartzearekin antzemandako suspertzea, hala ere, oso kolokan ikusten dute AEBetan, baikorrenak ere kezkatzeraino.

Europako Batzordeak aste honetan aurkeztutako aurreikuspenek ere ez dute baikortasun handirik. Batzordeak okertu egin ditu hazkunde ekonomikoaz maiatzean egindako iragarpenak, konfinamenduetatik ateratzeko prozesuak uste baino mailakatuagoak izan baitira. Batasuneko herrialde gehienetan aurretik uste baino gehiago hondoratuko omen da BPG barne produktu gordina 2020an, eta 2021. urteko suspertzea espero baino txikiagoa izango da.

Orokorrean, batzuen eta besteen iragarpenek diote onenean bi urte beharko direla pandemia aurreko datu ekonomikoetara iristeko. Eta guztiek diote hiru herrialde handiek, Italiak, Espainiak eta Frantziak hilabete latzak dituztela aurrean.

Herrialde horien kasuan, etorkizunerako agertoki posibleak oso baldintzatuta daude, hasteko, datorren asteburuko goi bilerarekin, zeinetan Europako Batasunak negoziatzekoak dituen epe luzerako aurrekontuak eta pandemiaren ondorioei aurre egiteko suspertze funtsa. Europako diruaren itxaropenak, hala ere, ez du uxatzen turismotik bizi diren eremuek nozituko duten sarraskia.

Dena den, haiek hobeto ibiliko direla pentsatzen dutenek zuhurtzia pixka bat izan beharko lukete. Branko Milanovic ekonomistak maiatzean idatzi du hein batean «alferrekoa» dela oraintxe bertan aurreikuspen ekonomikoak egitea. Hasteko, Milanovicek dioenez, koronabirusarekinmundua sekula ikusi gabeko egoera bati —bi mundu gerrak kenduta— ari zaio aurre egiten, eta bi dira egoera horren ezaugarri nagusiak: bat, krisiaren izaera benetan globala; eta bi, inork ez dakiela pandemiarekin zer gertatuko den: istorio honek bukaera irekia duela.

Milanovicen ustez, gainera, aurreikuspenetarako eredu ekonomikoek nekez har ditzakete kontutan ekonomiaz kanpoko shocken eraginak, besteak beste, shock horiek ezin direlako iragarri. «Une honetan inork ezin dezake esan Txinak Hong Kong inbaditu dezakeen, edo [Donald] Trumpek Txinako inportazio guztiak debekatuko dituen, edo arrazaren inguruko protesten antzekoak gerta daitezkeen beste nonbait». Historiak inporta duela dio Milanovicek, akatsa dela kontrakoa pentsatzea, pentsatzea pandemiak ekarritako aldaketa sozial eta politikoek ez dutela izango eraginik.

Ziurgabetasunaren zama inoiz baino handiagoa denez, eta jabetuta ekonomia ez delazenbakiekin itxitako gauza bat, munduak lanak ditu etorkizuna zein izan daitekeen asmatzen.

Dena den, ezdago gaizki berriz ere ikustea ekonomia ez dela naturalki gertatzen den gauza bat: eskaintza eta eskaria, hazkundea, langabezia... Horiek ez direla fenomeno meteorologikoak; jarrerek, iritziek, politikek, osasun sistemek edo botoek eragina izan dezaketela ekonomian, onerako edo txarrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.