Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Ipuinak

2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Behin batean (eta bai, Susaetakoari helduko diot neuk ere, duela bi ostiral Doraemonekikoak kitatu ostean), irudi bat hedatu zen, haurrentzako bi ipuin-liburu alboz albo, larrosa bata, urdinagoa bestea, neskentzakoa bata, mutilentzakoa bestea. Irudiari jarraitu zitzaion hausnarketa, genero-rol tradizionalek zer gogor dirauten indarrean, eta haserrea, zerbait egiteko gogoa, eta kanpaina, eta zerbait ere zerbait egitea, azkenean.

Susaeta argitaletxera idazteko deia egin eta biharamunean mezu-eredu bat zabaldu zuen Estitxu Eizagirrek Argiako blogean. Hortxe agortu ziren balizko aitzakia eta pereza denak, email saldoa bidali genuen: eduki sexistadun libururik ez genuen onartuko, demontre. Editoreak asteartez erantzun zion oldeari, urak baretu beharrean areago uhertu zituen ohar batekin, gaztelaniaz. Horren harira bi kontu baino ez, guztiz sintomatikoak.

Baga: icebergaren puntak itsututa. Oharrean esandakoari jarraikiz, liburuak sexuaren arabera sailkatuta daude, printzesak alabentzat eta soldaduak semeentzat, baina hori ez da diskriminatzailea edo sexista. Ipuinak irakurtzeko beharrezkoa balitz bezala adimena, begiak, eskuak baino zerbait gehiago. Printzesa babesgabeak eta soldadu ahalguztidunak ez balira bezala emakume bortizki hilotzen fase goiztiarra. Dena logika beraren parte ez balitz bezala.

Biga: zama astun bat, nahita ala ez, emakumeei; besteek eskuak garbi. Amek eta amonek (gaztelaniaz generikoa ez al zen ba maskulinoa?) erosten dituzte ipuinak. Kasualitatez (ez zaintza-lanen lauza euren sorbaldetan kargatua delako, hori errekonozitzeko asmoz-edo), amak eta amonak dira erosleak: emakumeak, azken batean. Horiek izango dira, finean, matxistenak, ozenen egiten dutenak agiraka pankarta beltzen atzetik.

Hala bazan ala ez bazan... akabatzen gaituzte, betiere, bizirik ere, akabatzen gaituzte. Une oro. Nonahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.