Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Fikzioa eta errealitatea

2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Etengabeko hauteskunde kanpaina batean bizitzeak ahitu nau. Dagoeneko (edo beharbada aspaldi esan beharko nuke) asper-asper eginda nago. Hedabideek ere beti-betiko leloari ekin diote eta kitzikagarria den politika gogaikarri bilakatu dute. Fikziora jo dut aseko nauen jolas politikoaren xerka. Eta aurkitu dut. Norvegiako telebista publikoak Okuppert (Occupied) izeneko telesaila sortu du. 90 milioi koroa(9,7 milioi euro) erabili ditu, ondo erabili ere. Hamar kapitulu. Jo Nesb¿ idazle ospetsuaren ideiatik abiatu dute telesaila. Istorioak badu originaltasun beste gaurkotasun: berdeek irabazi dituzte hauteskundeak eta Lehen Ministro berriak hautesleei agindutakoa bete behar du. Petrolio eta gas ustiaketak eten, eta energia garbia den thorit aurkitu berriari ekingo diotela iragartzen du Lehen Ministroak. Europak, orduan, ezetz esaten dio, ezin duela horrelakorik egin. Norvegiako buruzagiak, baina, hauteskunde-agindua egin du eta ez dio jaramonik egin nahi. Hor, hasiera, hortik gora dena korapilatuko da. Europaren aginduz Errusiak Norvegia inbadituko du. Itzelezko kalapita sortu ei zen Norvegian distopia honekin. Diplomazia gorabeherak eragin zituen; Osloko errusiar enbaxadoreak, esaterako, protesta egin zuen «existitzen ez ziren mamuak» agertzen zituelako telesailak.

Ipar Europako beste telesail batek ere, Borgen-ek esaterako, fikziotik kanpo ere izan zuen eragina. Birgitte Nyborg danimarkarra Lehen Ministro bilakatu zen karanbola batzuk tarteko Borgen telesailean. Ona da (Ñabardura gehiegitan sartu barik) eta politikagintzaren barru trikimailuak, erabakiak, negoziazioak azaltzen ditu. Politikagintzari erromantikotasun oro kentzen diote telesailok, eta hala ere, politikaren proposamen interesgarrienak azaltzen dituzte. Ezinbestekoak dira paralelismoak. Fikzioan egiten ote da gaur egungo politikagintzarik onena? Galdera egin eta atoan zelanbaiteko ezinegonak hartu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.