Irune Lasa.
GEURE KONTU

Berdeak eta berdekarak

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Lurraren Eguna, Europako Klimaren Legea, Joe Bidenek deitutako goi bilera... Astea titulu berdez betea joan da. Baina gauzak beti ez dira izaten zuriak edo beltzak; hobe esanda, asteko tonura eta gaira egokituta, gauzak ez dira beti berdeak edo grisak. Izan daitezke berdekarak, berde itxurakoak, berderantz doazenak, baina ez direnak erabat berde —ez berde ilun, ez berde argi ere—, pixka bat grisak.

Adibidez, ez dago argi Europako Batasunak jaulki nahi dituen bonu berdeak egiaz berdeak izango diren, edo berdekarak. Suspertzerako Next Generation EU funts entzutetsuentzat diruen bila merkatuetara joko du Batasunak, 800.000 milioi euroko zorra jaulkiz. Zor horretatik 250.000 milioi euro bonu berdeetan jaulki nahi ditu, eta, horrela, konpromisoa hartzen du diru hori izango dela finantzaketa jasangarrirako, alegia, beroketa globalari aurre egiteko eta ingurumenaren mesederako inbertsioak finantzatzeko.

Baina bonu berde horiek erosten dituenak nola daki egiaz inbertsio berdeak finantzatzen dituela, dirua ez doala soilik itxuraz berde diren proiektuetara? Hori bermatzera ei dator taxonomia berdea delakoa, zeina hiru urte daramaten lantzen Europako Batzordean. Hartan zerrendatu behar dira zein diren inbertsio jasangarriak ingurumen ikuspegitik, eta ezinbesteko urratsa da bonu berdeen jaulkipenerako.

Taxonomia, jarduera berdeen zerrenda, bi fasetan onartzea erabaki da orain, ikusita ezinezkoa zela, oraingoz, adostasunik lortzea bi energia iturri zehatzetan. Berdea da, taxonomia horretan jasotzeko modukoa, bonu berdeekin finantzatzekoa, energia nuklearra? Ez du karbonorik isurtzen... Eta gas naturala? Herrialde, zientzialari eta merkatuko aditu batzuen ustez, bai. Beste batzuen ustez, ez. Nuklearrei eta gasari buruzko erabakia atzeratu egin du Europako Batzordeak, eta, horrekin, bonu berdeen lehen jaulkipena ere atzeratu egin da; irailerako nahi zuten egin, eta orain, urte bukaerarako aurreikusten da.

Deskarbonizazio helburuak ere izan daitezke berdeagoak edo berde-griskaragoak. Aste honetan Europak bere Klimaren Legea adostu du, eta bere buruari ezarri dio helburua 2030. urterako karbono isuriak «gutxienez» %55 murrizteko, nahiz eta %60ko murrizketa eskatzen zuen Europako Parlamentuak. AEBek ere deskarbonizazio helburua ezarri dio bere buruari aste honetan bertan. 2030erako isuriak erdira murriztu nahi ditu.

Baina bi zenbaki berdeen atzean desberdintasunak daude. Europako Batasunarentzat, %55eko murrizketa 1990. urteko isuriekiko izango da, Parisko Akordioan ezarritako ildoa aintzat hartuz. Joe Bidenek iragarritako %50eko murrizketa, berriz, 2005. urteko karbono emisioekiko da. Isuri kopuru hori 1990ekoekiko kalkulatuta, murrizketa %40koa da. Beraz, ez horren berdea, gehiago berdekara.

Gauzak ez dira beti berdeak edo gris ketuak, ezta BP bezalako energia konpainien deskarbonizazio helburu esanguratsuen atzean ere. Beroketa globalaren kontrako politikak nagusitzen ari direla, jarduera nagusia petrolioa edota erregai fosilak ustiatzea izan duten konpainiak abiadan hasi dira berdatzen, batez ere Europan. Horrela, BPk iragarri du 2050. urterako karbono isurietan neutral izan nahi duela. Eta ari da haren isuriak murrizten.

Baina horrek esan nahi du BPk egiten zituen isuri horiek desagertu direla? Ez. Aurreko astean kontatu zuen Bloomberg-en Rachel Adams-Heard kazetariak. Gogoratu zuen nola BPk 2019an iragarri zuen Alaskako petrolio putzu guztiak saltzen zituela, hain zuzen, ustiatzerakoan isuri gehien eragiten zituztenak. Baina putzu horiek ez dira itxi: konpainia txikiago eta lausoagoek erosi dituzte. Beraz, BP berdatuko zen, baina mundua ez da berdeagoa.

Egia da, berderantz doa mundua, ekonomia, politikak, eta horren erakusle izan da agintariz jositako Bidenen goi bilera telematikoa. Horregatik, hain zuzen, une honetan inoiz baino beharrezkoagoa eta garrantzitsuagoa da titulu eta zenbaki berdekarak egiaz berde direnetatik ondo bereiztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.