Bermeen Batzordeak dio galdeketen legeak ez duela urratzen konstituzioa

Kataluniako Parlamentuak legea irailaren erdialdean onartuko duela aurreikusten dute.Bederatzi kidetik bostek bozkatu dute alde

Frances Homsek uste du erabakiak «argudio sendoak» ematen dizkiela azaroaren 9ko kontsultara deitzeko. MARTA PEREZ / EFE.
Bidatz Villanueva
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Galdeketa legeari oniritzia eman zion atzo Kataluniako Bermeen Batzordeak. Parlamentuari helarazitako testuaren arabera, «ez da Espainiako Konstituzioaren aurkakoa». Are gehiago, « legea betetzeaz harago, balio konstituzionalak indartzeko balio dezake», batzordearen ustetan. Horrela, azaroaren 9ko kontsultak legezko oinarria izateko bidean, Kataluniako Parlamentuak onartzea izanen da hurrengo urratsa. Alderdi independentistek aurreikusten dute irailaren erdialdean ganberak eginen duen bilkuran onartuko dutela; CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPek eginen dute alde.

PSCk ere jakinarazi du galdeketa legeari oniritzia emanen diola «batzordeak gehiengoz onartu duelako». Baina, haien iritziz, azaroaren 9ko kontsultak «ez du babesik» legearekin.

Batzordeko bederatzi kideren artean bost agertu dira galdeketa legearen alde; CiUk eta ERCk proposatu zituztenak, alegia. PSC, PP eta ICV-EUiAk hautatutako kideek kontrako boto partikularra eman dute.

«Kultura konstituzionala duten herrialdeetan, ideia eta ildo politiko guztiak babesten dira, baita sistema ereduaren aurkakoak direnak ere», adierazi du batzordeak. Kaleratutako testuak azaltzen du herritarren iritziaren jakinean egoteko helburua duten kontsultak ez direla legez kanpokoak eta emaitzak ez daukala balio juridikorik.

PPk eta PSCk batzordeari eskatu zioten galdeketa legeaz gain azaroaren 9ko kontsulta epaitzeko, baina ezezkoa eman zien: «Ez dago gure lan eremuaren barruan; ez du ondorio juridikorik izanen, eta zuzenbidearen esparruan ez da sartzen». Akordio politiko bat dela azaldu du batzordeak.

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramaileak galdera erretorikoa bota du: «Nork izan diezaioke beldurra herritarrak adierazten uzteari eta herri katalanaren borondatea ezagutarazteari?». Homsek uste du «arrazoi juridiko sendoak» daudela azaroaren 9ko kontsultara deitzeko. Gainera, Espainiako Gobernuari hots egin dio trabarik ez jartzeko «demokraziaren jardunari; Espainiako ordenamendu juridikoak baimentzen duen jardunari».

Eremu nazionalean eta lokalean kontsultak egitea ahalbidetuko dio Kataluniari legeak, eta instituzio bakoitzak dagokion esparruan jardun beharko du. Hortaz, PSCren argudioa da subiranotasunaren eztabaida Espainiari dagokiola. Alderdi independentistek, ordea, kataluniarren eskumena dela uste dute, eta Generalitateak deitu behar duela kontsultara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.