GEURE KONTU

'Brexit'-aren lehen ondorioak

Frantziako mugazainak, kamioi bat kontrolatzen, Calaisen. C. PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Nahi zuen argazkia lortu zuenBoris Johnsonek brexit-aren lehen egunetan; edo, hobeto esanda, argazkirik ez egotea, ez ikustea kamioi ilara amaigabeak Doverko portuaren sarreran, edo apal hutsak supermerkatuetan. Baina horrek ez du esan nahi Erresuma Batua EBko merkatu bakarretik ateratzeak ez duela ondoriorik izan. Egia da ez dela izan hondamendi ekonomiko handi baten irudirik, baina brexit-a hasi da aldaketa sotilak eragiten, hedabideetan irudi edo titular ikusgarririk eragiten ez dituzten horietakoak.

Aldaketa antzematen lehenengoetarikoak elikagai industriakoak izan dira. Ez da harritzekoa, haiek zailagoa baitute biltegiak produktuz biltzea, industriaren beste zati handi batek egin duen moduan, itunik ezak ekar zitzakeen kostu gehigarriak ekiditeko. Aldaketak hankaz gora jarri ditu bere hornikuntza kateak, badirudielako haietako batzuk orain ohartu direla arazo batez: jatorriari lotutako arauak. Eguberri bezperan lortutako merkataritza itunak ez dio muga zergarik ezartzen eremu batean sortu eta bestera doan produktu bati, baina bai hirugarren leku batetik iritsita muga zeharkatzen duenari. Hau da, produktu bat Txinatik Erresuma Batura iritsi bada, eta hortik Belgikara joaten bada, bai ordaindu behar du muga zerga. Gaur egun produktu gehienak jatorri desberdineko osagaiekin egiteak are gehiago nahasten du prozesua.

«Muga zerga eza ez da hainbestekoa hizki txikia irakurtzen duzunean», aitortu du Steve Rowe Marks and Spencer saltoki kateko buruak. Irlandako, Frantziako eta Txekiar Errepublikako dendetan hainbat astez zenbait produktu saltzerik izango ez duela aitortu du, bere hornidura katea egokitu arte.

Irlanda da, hain zuzen ere, brexit-aren lehen ondorioak gertuen ikusten ari den EBko herrialdea, Marks and Spencerrekin batera Erresuma Batuko kate handi gehien-gehienak han ere zabalduta daudelako. Gainera, uharte osoan sortu dira arazoak, Ipar Irlandak EBko merkatu bakarrean jarraitzen baitu, hegoaldearekin ahalik eta merkataritza harremanik solteena gordetzeko. Hots, Eskoziatik, Ingalaterratik eta Galestik doazen merkantziek lehen behar ez zituzten osasun eta aduana agiriak behar dituzte EBn eta Ipar Irlandan sartzeko ere. Ondorioa? Tesco, Asda eta Sainsbury supermerkatu kateek onartu dute produktu batzuk faltako direla hurrengo asteetan, eta Irlanda osoan Internet bidez saltzeari utzi diote Lewis eta Debenhams arropa kateek. Burokrazia saiheste aldera, Galestik eta Ingalaterratik barrena Mantxako itsasarteko ferryetara eta tunelera zihoazen ehunka kamioi zuzenean ari dira Irlanda-Frantzia itsasontzien zerbitzu luzeagoa aukeratzen, eta trafikoa asko gutxitu da Irlandaren eta Galesen artean.

Kontrol gehiago bihartik aurrera

Dirudienez, laburra izango da kamioien ilararik ezak Johnsoni emandako garaipen mediatikoa. Urte hasieran dute trafiko gutxien Mantxako itsasartean —6.000 kamioi egunean—, baina aurten inoiz baino gutxiago —2.000—. Hilaren amaieran, biltegiak husten direnean, trafikoa berriro ugaritzea espero da, eta horrekin batera ugarituko dira aduana igarotzeko beharrezkoak diren paperak ez dituztenak. Gainera, garraiolarien artean zabaldu den mezua da bihartik aurrera frantziarrak serio jarriko direla, eta orain baino zorrotzago kontrolatuko dituztela. Londresek urte erdiz atzeratu ditu, ilarak eragozteko eta ez dituelako kontrolak egiteko azpiegitura eraiki.

Ekoizle britainiar batzuek astebete eskas behar izan dute iragartzeko Mantxa zeharkatzeari utziko diotela, burokraziaren kostuak ez dielako merezi. EBn bezero asko dituztenek bi hornidura kate osatzen ari dira: bata EBn; bestea, Erresuma Batuan.

Finantza merkatuetan ere hasi da jokoa. Urteberriaren ondoren burtsak zabaldu ziren lehen egunean, Londreskoak EBko konpainien akzioen salerosketen erdiak galdu zituen. 6.000 milioi euro, egun bakar batean, baina hori huskeria da deribatuetan, swap-etan eta Londresko City jaun eta jabe den beste finantza produktuetan gal dezakeenarekin alderatuta.

47 urtez lotuta egon dena askatzen hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.