Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Korsikera, Mediterraneorako leiho zabala

Scola Corsak murgiltze eredua garatuko du irailetik aurrera, Bastian eta Biguglian bi eskola irekita. Elkarteko presidente Tuchinirekin batzartu da BERRIA, proiektuaren berri izateko

Ghjiseppu Turchini Scola Corsako presidentea, herenegun, Biguglian. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Biguglia
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ghjiseppu Turchiniri historia gustatzen zaio. Historia eta hizkuntzak; eta hizkuntzen historia. Eta, noski, hizkuntzen xehetasunak, hitzak, ahoskerak eta beste hainbat kontu aztertzea. Batez ere, korsikerarenak, baina ez soilik horrena: «Korsika mundu italikoaren eta iberikoaren artean dago; hobeto ulertzen dugu katalana gaztelania baino, eta italierarekin ez dugu arazorik. Korsikera hizkuntza italikoa da, baina antzekotasun asko ditu iberikoekin. [Luzio Anneo] Seneka filosofo erromatarra Korsikan izan zen erbesteratua, eta esan zuen korsikera kantabriarren hizkuntza bera zela. Kantabriarrak Kantabriakoak dira, hau da, Ebro ibaiaren goiko partekoak, eta, hortaz, zuen arbasoak. Indoeuropartuak izan aurretik, erromatar aitzineko hizkuntza bat hitz egiten genuen, eta badakigu Korsikan substratu hori mediterraneoarra zela, eta harremanak egon zirela. Batzuek euskara Kaukasoko hizkuntzekin lotzen dute; une batean, alde batetik besterako kate horren parte ginen, ageriko arrazoi prehistoriko eta protohistorikoengatik. Korsofonoa zarenean, italofonoa eta liberofonoa zara... Ordu luzez hitz egin ahalko genuke horretaz, gaia zoragarria baita».

Berez, elkarrizketatzaileak ez zuen Korsikako hizkuntzaren jatorriaz galdetzeko asmorik, baina Scola Corsako presidentearen erantzunak agerian utzi du horretaz jakitea ezinbestekoa dela elkartearen proiektua kokatu eta ulertzeko —1971n sortu zuten—. Izan ere, eskainiko duten eduki pedagogikoak badu Mediterraneoari begirako askorik, korsikerak irekitzen dituen ateengatik.

«Eduki pedagogikoa garrantzi handikoa da, eta gure eskoletan eskainiko dugun irakaskuntzaren kalitateari eta hori korsikeraz izateari garrantzi bera ematen diegu. Herritarrak formatzen ditugu, eta proiektuak hezkuntza proiektu batetik haratago joan behar du, Mediterraneoarekiko begirada bat emateko...», azaldu du Turchinik.

«Gure proiektua eta hizkuntza identitarioak dira, korsikera komunitate baten komunikazio tresna bat da, izateko modu bat, mundua ikusteko era. Horrez gain, komunikazio hizkuntza ere bada: Espainiaren eta Italiaren artean egonda, korsikera ikastean italierarekiko sarbide bat duzu; eta, beste aldetik, portugesarekikoa eta gaztelaniarekikoa. Milioika hiztun dira; hortaz, esaten digutenean itxi egiten garela... Irrigarria da!».

Hizkuntzaz gain, Turchini murgiltze ereduaz ere ari da adierazpen horiek egiten dituen bitartean. Datorren irail hasieran, Scola Corsak Korsika ipar-ekialdeko Bastian eta Biguglian murgiltze ereduko bi eskola irekiko ditu, eta horri buruzko xehetasunak ezagutzeko bildu da BERRIA harekin. Hitzordua Bigugliako Carlu Rocchi kulturgunean jarri du, herriko etxeari itsatsita dagoen eraikinean, eta, hain justu, Eskolim sarearen azken kongresua egin zuten toki berean —Frantziako Estatuaren menpe diren lurraldeetako hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduen elkarteak daude horretan—. Elkarrizketaren ostean, Scola Corsaren presidentea gurasoekin eta herriko auzapezarekin elkartuko da, eskola horiez eta proiektuaz aritzeko.

«Bai, beste bilerak arrakastatsuak izan dira, eta guraso batzuek esan digute konbentzitu egin ditugula, zalantzak zituztela iritsi baitziren bilkuretara». Irailetik aurrera 30 bat ikasle hartuko dituzte Bastiako eta Bigugliako bi ama eskoletan; printzipioz, zazpi ikasleko klaseetan, «gure lagun euskal herritar, katalan, bretoi, alsaziar eta okzitaniarren gomendioak» jarraituta.

Egiaztapen batetik abiatuta

Murgiltze ereduko bi eskolak irekitzeko asmoa egiaztapen batetik abiatu zen: Turchiniren arabera, sistema publikoa ez dagoelako korsikerak bizirik iraun dezan «bermatzeko» moduan.

«50 urteko berantarekin» harturiko erabakia izan da, Scola Corsako presidenteak aitortu duenez: «Sistema estandarrean, ikasleek astean hiru ordu besterik ez dituzte korsikeraz; elebidunaren kasuan, izena du soilik elebidunetik, astean sei-bederatzi ordu artean baitira korsikeraz. [Jean-Michel Blanquer] Frantziako Hezkuntza ministroaren kolegioen eta lizeoen erreformek egoera okertu zuten, eta horrek azken bultzada eman zigun pauso hau emateko, murgiltze eredua abiatzeko. Sindikatuak eta AILCC ondorio berara iritsi ginen; zer da AILCC? Korsikera Irakasleen, Korsikar Kulturako Irakasleen eta Korsikeraz Irakasten dutenen Elkartea... Eta barkatuko didazu une batez, auzapez jauna iritsi da eta [kar-kar-kar]».

Carlu Rocchi kulturgunea pixkanaka betetzen ari da, geroko bilkuran parte hartuko duten protagonistak iritsi ahala. Turchinik aurkezpenak egiteko zeregina hartu du: «Euskal Herritik etorritako kazetari bat da murgiltze ereduaz idazteko; galdera batzuei erantzuteko prest?». «Noski», erantzun du Bigugliako auzapez eta bozen lehen itzulirako Gilles Simeoni Korsikako presidentea zerrendaburu duen Fa Populu Insemeko hautagai Ghjuvan-Carlu Giabiconik.

Bastiako eta Bigugliako herriko etxeen babesa ezinbestekoa izan da murgiltze ereduko bi eskolak datorren irail hasieran irekitzeko. Scola Corsako presidenteak azaldu bezala, bi herriko etxe horiek nazionalistak dira, hasieratik interesa erakutsi zutenak, hautagaitza aurkeztu dutenak eta baiezkoa eman dutenak. «Hori oinarrizkoa izan da: lokalak eskaini dizkigute, ATSEM [ama eskoletako laguntzaileak] kontratatzeaz arduratu dira... Horien laguntzarik gabe, ez ginen gai izango sartze honetan hasteko; agian, jangela batean hasi beharko genuen, Euskal Herrian bezala [kar-kar-kar]».

Bigugliako auzapezaren babesa agerikoa da. Kulturgunera iristean, korsikeraz mintzatu da Turchinirekin eta inguruan dauden beste eragileekin, eta soilik kazetariarekin aritu da frantsesez: «Murgiltze ereduko eskola hauek ezinbestekoak dira korsikerak bizirik iraun dezan; gurasoei aukera gehiago eskaintzen dizkiegu, eta, hizkuntzarentzat, ez da ezer hoberik egunerokoan horrekin harremana izatea baino, gero gizartean zabaltzeko».

Helburu hori betetze aldera, Scola Corsak irekiera gehiago ditu aurreikusiak, «dagoeneko» zazpi udalerri haiekin jarri baitira harremanetan 2022ko sartzeari begira: bost Korsika Garaian eta bi Hego Korsikan. Horrez gain, laster eta luze gabe Bastia inguruan eskola gehiago irekitzea ere bada asmoa, balioko luketenak «kolegio bat elikatzeko, eskualdean lehena bilakatuko litzatekeena».

Dirua, kezka iturri nagusi

Ezinbestean, finantzaketaren auziak tokia hartu du murgiltze eredua martxan jartzeari buruzko elkarrizketan.

Printzipioz, bost urtez ez dute diru publikorik jasoko, hori baita Frantziako Hezkuntza Ministerioak finkatzen duen proba fasea, onespena eman aurretik. Turchinik, ordea, espero du epea hiru urtera txikitzeko gai izango direla, jaso dituzten babesei esker: «Eskolimek eta bere esperientziak babesten gaituzte, eta, Korsikako Lurralde Kolektibitatea gure alboan dagoenez, espero dugu [Frantziako] estatuak onartu egingo duela. Simeonik esan du lagunduko digula, eta aurkituko ditugula baliabideak. Kolektibitatearen eta Bastiaren eta Bigugliaren babesa izateak pentsarazten digu gai izango garela epea hiru urtera murrizteko».

Bien bitarterako, elkarteak harpidetzarako deia helarazi zuen, eta «nabaritu» dute jende askok babestu dituztela, Korsikan «behar bat» zegoelako: «Gu ginen identitate indartsua duen eskualde bakarra oraindik halakorik [murgiltze eredurik] ez zuena».

Dirua da «arazoa» ; kontratupean ez daudenez, gastu nagusia irakasleen soldatak dira, eta hurrengo mailetara pasatzen direnean, aurrekontua handitu egingo zaie. Kolektibitatea prest dago «esfortzu bat» egiteko, baina Frantziako Konstituzio Kontseiluarekin gertaturikoa ikusita, «oraindik zehazteko dago juridikoki nola egin dezakeen» Scola Corsa laguntzeko, «prefetaren ezezkoa jaso gabe».

Ezinbestean ere, Molac legearen eta Konstituzio Kontseiluaren erabakien inguruan gertaturikoa elkarrizketaren erdigunean jarri da. Iragan hilabetean, murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen kontseiluak: hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen partzialki, eta erabakia «zerbitzu publikoa eskaintzen duen egitura orori» aplikatzen zitzaiola adierazi zuen; hortaz, itunpeko eskoletan ere murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuen.

Asteon, baina, erabaki horren komentarioa argitara atera du, eta horretan zehaztu du murgiltzea «irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa.

Turchiniren ustetan, zehaztapen hori hizkuntza gutxituen elkarteen eta herritarren mobilizazioen ondorio izan da. «Gainera, lehen planoko politikariak ere kontra agertu ziren: [François] Bayrou [MoDem alderdiko presidentea], [Jean-Yves] Le Drian [Frantziako Atzerri ministroa] eta [Jean] Castex [lehen ministroa], zeinak uko egin zion helegitea aurkezteari. Agian hizkuntzekiko ikusmolde berri baten hasiera izango da».

Scola Corsaren presidenteak ez du ezkutatu Molac legearen onarpenak sorrarazi zion poza: «Lege horrekin, lehen aldiz, zibikoki hitz eginda, sentitu nuen bestelako herrialde baten parte nintzela». Iritzi berekoa da Bigugliako auzapeza ere, baina egoerak sortzen dituen kezkez jakitun da: «Erabakia guretzat ez da une onean iritsi, Korsikan murgiltze eskolen sortzearen unean etorri delako. Egia da galdera asko sorrarazi dituela, baina konfiantza dugu Bigugliako eskola handitu egingo dela».

Elkarrizketak amaituta, argazkiak egiteko unea da. Kulturgunearen kanpoaldea toki egokitzat jota, hara bidean elkarri hitz batzuk erakutsi dizkiote Turchinik eta kazetariak, korsikeraz eta euskaraz.

Hor ere agerian geratu da Scola Corsako presidenteak hizkuntzekiko duen interesa; eta, besteak beste, zalantza hau helarazi du Euskal Herriko hizkuntzaz: «Oraindik ez dut ongi ulertu silaba azendutunak non dauden, edo halakorik baldin baduzuen ere... [kar-kar-kar]». Zuhaitza eta autoa hitzekin oroitu da zalantza horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.