Eneko Gorri.
LARREPETIT

Errealitate ikusezina

2016ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian, euskaldunak beti izan dira, badira eta izanen dira. Baina errealitate ikusezina osatzen dugu oraindik. Estatu zentralizatu, jakobino eta chauvinistak euskara supazterreko hizkuntza familiarra izatera zokoratu nahi izan du betidanik. Baina duela mende erdiko berpizkunde kulturalaren pindarrari esker eta euskalgintzak berreskuratzearen alde eramandako lan porrokatuari esker, gaurkoaeta bizia den euskara oraindik transmititzen da. Mehatxatua bai, baina bizia.

Ezagutzen dugun gainbehera erreala eta larria da. Ukaezina. Urtez urte belaunaldi euskaldunena desagertzen ari zaigu, eta hiztun galtze hori ez da konpentsatua. Baina adin piramidearen beste aldean, badugu esperantzarako iturri. Geroz eta haur gehiagok irakaskuntzari esker eskuratzen du familian eskaini ezin zaion hizkuntza. Transmisio molde horrek baditu bere hutsuneak, baina berreskuratzea hortik pasatuko da. Luzea izango da, garai zailak bizi izango ditugu ondoko hamarkadetan (adin piramidearen punta erabat erdalduna izango delarik), baina belaunaldi berriekin dator berreuskalduntzea. Gaurko haur elebidunak biharko gazte euskaldunak dira, etziko gurasoak eta Euskal Herri euskalduna ezagutuko duten etorkizuneko amatxi-aitatxiak.

Baina, bitartean, euskaldunaren figura aldatzen ari zaigula ez gara aski ohartzen. Euskalduna geroz eta gazteagoa, urbanoagoa eta nortasun-anizkunagoa izango da. Bere hiztun izaera ere desberdina izango da; testu-gaitasunak erraztasun komunikazionalak ordezkatuko dituzte. Paradigma eta errealitate berri horretaz ez gara kolektiboki aski jabetzen; edo euskararen inguruan daramagun diskurtsoan eta eraikitzen ditugun dinamiketan ez da agertzen behintzat. Errealitate ikusezin hori gure alde itzuli behar dugu, ikusi nahi ez gaituztenek zer garen entzun dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.