Albistea entzun

GEURE KONTU

Eta hirugarrena, agian Riaden

Funtzionario bat, Xi-Trump bilera amaitu zain, atzo, Osakan.
Funtzionario bat, Xi-Trump bilera amaitu zain, atzo, Osakan. LUKAS COCH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2019ko ekainak 30

Data agendan idatzi dut: azaroaren 21a eta 22a, Riaden (Saudi Arabia). Hor bilduko dira berriro G20 taldea osatzen duten munduko herrialde boteretsuenetako agintariak. Eta, gidoia aldatzen ez bada, hor elkartuko dira berriro Donald Trump eta Xi Jinping, AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren hotsak pixka bat apaltzera.

2018ko abenduko G20koen Buenos Airesko bileran egin zuten lehen su-etena Trumpek eta Xik; bigarrena, berriz, atzo, G20koen Osakako bilkuran. 80 minutuko bileran, bi agintariek hitzartu zuten maiatzean etendako negoziazioari berriro ekitea, eta bitartean elkarren aurkako zigor gehiago ez jartzea. Gainera, Trumpek atea ireki dio Huaweiren kontrako boikota amaitzeari.

Akordioaren ondorioz, Trumpek ez du beteko bere azken mehatxua: tarifekin zamatzea oraindik muga zergak ordaintzen ez dituzten Txinako produktuak. Tresna elektronikoak, telefonoak, jostailuak eta, oro har, kontsumo produktuak dira muga zergak pagatzetik libre ziren bakarrak. Hautesleen patrikari zuzen-zuzenean eragiten dietenez, mugimendu arriskutsua ziren tarifa horiek Trumpentzat.

Zaila da AEBetako presidentearen jarduna hauteskundeen testuinguruan ez kokatzea, eta horrek berak zaildu egiten du Txinarekin inolako akordioa lortzea. Izan ere, soka tenkatuta mantentzea komeni zaio Etxe Zuriko maizterrari, bai baitaki bere hautesleen zati handi batek begi onez ikusten duela Txinarekin, Mexikorekin, edo beste edozein herrialderekin gogor jokatzea; horrek erakusten omen duelako Trump desberdina dela, bere hitzari eusten dion politikaria; hori da, bere jarraitzaileen begietara, Trumpen aktiborik onena. Horregatik, pentsatzekoa da Twitter bidezko tentsioari eutsiko diola, eta soilik lerratuko dela akordio batera baldin eta datu ekonomikoek edo burtsak susto bat ematen badiote. Orduan, akordioa badago, «historiako onena» izango da, bikaina, paregabea, zoragarria...

Pekini ere ez zaio erraza izango ezer sinatzea, Washingtonek eskatutakoak onartzea amore ematea litzatekeelako. Azken finean, Txinak du gehien galtzeko, gaur egungo egoerak mesede egiten baitio: merkatuak ireki dizkiote beste herrialdeek, eta horietan lehiatzen da eskulan merkearekin eta laguntza publiko oparoekin babestutako enpresekin. Eta, aldi berean, bere merkatuak erdizka baizik ez daude irekita atzerriko lehiakideentzat.

EB-Mercosur akordioa

Mundua bi potentzia nagusien arteko ika-mikari begira ari zela, beste bi bloke ekonomiko garrantzitsuk elkarren arteko hesiak botatzea erabaki dute: EBk eta Mercosurrek (Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai) merkataritza librerako akordioa lortu dute. Hogei urte behar izan dituzte, ongi sustraitutako erresistentziak gainditu behar izan dituztelako: Mercosurreko herrialdeak beldur ziren Europako industria produktuek bere industria ahulagoari egingo zioten kalteaz, eta europarrak beldur ziren hegoamerikarren haragiak eta beste nekazaritza produktuek ez ote zituzten bere ekoizleak hondoratuko. Azkenean, bloke bakoitzak erabaki du bere indarguneari lehentasuna ematea.

Horrek, noski, baditu bere arriskuak. Akordioa indarrean jarri aurretik ontzat hartu beharko dute parlamentu guztiek, eta ezin da baztertu nekazaritzak pisu handia duen herrialde batzuek —Polonia, Irlanda, Frantzia...— Bruselaren lehentasunekin bat ez egitea. Ekologistak ere ez daude pozik, Jair Bolsonaro Brasilgo lehendakaria Amazonian baimentzen ari den triskantzari eta pestiziden erabilera masiboari babes politikoa ematen diolako itunak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zamaketariak eta portuko beste langileak Baionako portua blokeatzen, atzo, Tarnosen. ©PATXI BELTZAIZ

Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute

Iker Aranburu

Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean

LABek  elkarretaratzea egin zuen azaroan, Adegiren egoitzaren atarian. ©Jon Urbe / Foku

Lehen bilera Gipuzkoako metalgintzan

Irune Lasa

Sindikatuek langileen erosahalmena bermatzeko adinako soldata igoerak nahi dituzte.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.