xabier martin
GEURE KONTU

Urkulluren hitz metalikoak

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Garaipen desfileetan esklabo batek Julio Zesarri aldiro memento mori gogorarazten zion moduan, Iñigo Urkulluk ez luke sobera izango belarrira xuxurlatuko liokeen gururen baten ekarpena noizbehinka. «Hemendik ez, lehendakari», esango zion elkarrizketaren txapeldunari irrist egin baino lehen. Modu horretan, ez zuen izango asteon Bizkaiko metalgintzaren grebaren harira izan duen istripua; istripua, kasurik hoberenean.

EAEko lehendakariak «erabateko segurtasunez» baitaki FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak «ahal izan duen guztia» egin duela lan gatazka horretan. Are, Urkulluk badaki «sindikatuek ez dutela akordiorako borondaterik». Zergatik daki hain seguru? Sindikatuek eta patronalak izandako bilera mordoan egon delako akaso? Ez, batik bat, eta esan duenez, Durangoko bere etxetik metalgintzako beharginen manifestazio bat ikusi duelako; «badakit zertaz ari naizen, eta manifestatzeko modu jakin baten ezaugarriez ere bai». Lehendakaritzatik sektore jakin bateko lan gatazkaren harrabotsera jaitsi den bezala, jaitsi izan balitz etxetik kalera, manifestazio hura hurbilago ikusiko zuen, eta, agian, gehiago jakingo luke gatazkari buruz. Elkarrizketa eta negoziazioa sustatzeko alde biak entzutea oinarrizkoa baita.

Izan ere, kanpoan usoarena eta etxean otsoarena egiten ari dela zabaltzea ez du nahiko lehendakariak. Elkarrizketa hartu du Urkulluk bandera gisa aspaldi honetan, negoziazioa da haren marka. Akordioaren espiritua lagun larrutu ditu berriki Espainiako alderdiak, haien jarrera itxia eta arduragabekeria. Sabin Etxean baino estadista arduratsuagorik inon ez. Eta hori guztia Ivan Redondo moduko aholkulari izarrik gabe. Kontua da aurreko astean Unai Rementeriak errenta irregularren zergaren harira bere atean sartutako gol ikusgarriaren inbidiaz-edo Urkulluk berean sartu berri duela beste bat, eta, agian, Sabin Etxean serio hausnartzen hasi beharko lukete aholkularitza zerbitzuen inguruan, edo, bestela, EAJk sekula izan duen botere instituzionalikhandienak haren agintariei nola eragiten dien. Hauteskundeak badatoz eta.

Negozioentzako eremu adiskidetsua

Baina zerk eraman du Urkullu gizartearen eremu zabal batera metal hots kezkagarri batez iritsi diren hitzok ahoskatzera? BBK-k babesten duen Forum Europaren enpresa giroko berotasunean botatakoak ote dira, inolako kalkulurik egin gabe? Baietz ematen du Urkulluren biharamuneko erreakzioari begira: «Espero dut ongi islatzea esaten ditudan gauza denak, azken orduotako esperientziagatik diot; esaten dut esaten dudana, eta islatu dadila esaten dudana», esan zuen BECen, duela hiru urte Arcelor ACBko langile manifestariekin hartu-eman zuzena izan zuen eraikin berean. Esaldi rajoytar samar horrekin errua mezulariari botatzeko klasiko zaharrera jo beharrak islatu du Urkullu ohartu dela —edo ohartarazi dutela— «lan hitzarmen duin bat» eskatzen ari den metalgintzako sektorean 55.000 langilek dihardutela, eta, haiekin batera, senitartekoek ere bozkatzen dutela.

Gauza bat delako Bizkaia eta Hego Euskal Herri osoa business friendly bihurtu nahi izatea (negozioentzako adiskidetsua), eta bestea, worker unfriendly bihurtzea (langileentzako desatsegina). Ezin baita esan, astebete iraun duen greba gogorraren hasieran patronalaren alde eta langileen ordezkari sindikalen aurka hain argi egitera lerratu delarik, Iñigo Urkullu beharginen lagun azaldu denik. Sindikatuek ez dute espero gobernuaren hausporik langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko borrokan, baina haren kaskarrekoak edozein lurrera botatzeko adinakoak izatea ere ez. Horregatik eskatu du LABek haren dimisioa, eta horregatik esan du ELAk langileengandik aldentzen ari dela gero eta gehiago. CCOOk ere gogorarazi dio prekaritatean bizi diren pertsonen ziurgabetasuna ukatzen duela, Espainiako ziurgabetasun politikoa salatzen duen bitartean. Atera kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.