Irune Lasa.
GEURE KONTU

Urte berrirako eskaerak

2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ez zen lan erraza. Asteartean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next programa, Europako suspertze mekanismotik 5.700 milioi erakartzeko 800 proiekturekin. Ez zen lan erraza, hasteko, asko izan direlako Europako diruak jaso ahal izateko irizpideei buruzko zalantzak. Hein batean, normala da halako misio erraldoi baten helburu nagusiak oso orokorrak izatea, eta hala dira, ondorioz, laguntzak enkoadratzeko Europako Batzordeak irailean zerrendatutako proiektu enblematikoak ere, orokorrak. Hori bai, joko esparrua marraztu zuten, pandemiaren osteko suspertzea ekarriko duten transformaziorako bideak markatu. Trantsizio energetikoa, trantsizio digitala, lankidetza publiko-pribatua...

Bruselari egotz dakioke ere korrika eta presaka egin behar izatea zer eta ekonomiaren errotiko eraldaketa ekarri behar duten proiektuen zerrenda bat. Gogoan izan behar da, ordea, uztailean Batasuneko herrialde batzuk ez zeudela oso gogotsu suspertze mekanismoarekin, ezta diru hori merkatutik maileguan hartzearekin ere. Mezua argia zen: txantxarako eta luzapenetarako tarte gutxi diruokin. Eta hortik beste baldintza edo zailtasun handi bat euskal proiektuentzat zerrendetan egoteko: 2023rako abiatuta, eta 2026ko abendurako martxan egon behar dute.

Presak, zalantza horiek guztiak eta zehaztasun falta pisuzko arrazoiak izan daitezke Euskadi Nexteko zerrenda modu diskretuan osatu nahi izateko; eraginkortasunean irabazi eta, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak esan bezala, «zarata saihesteko». Baina ez dira nahikoa arrazoi batzuk prozeduratik kanpo uzteko. Justifikatzen oso zaila da, halako lan batean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso inportanteak diren eragile politiko eta sindikalak kanpoan uztea lan horretan, are gehiago, milaka herritarren ordezkari direnean.

Edonola ere, zerrenda osatu da, eta, oro har, ez du abegi txarra izan, zerrenda osatzerakoan kanpoan gelditu diren oposizioko alderdiek lehen irakurketa batean gabeziak antzeman badizkiote ere. Orain, Madrilen galbahea pasatu behar du. Espainiako Gobernuak apirilaren 30era arteko epea dauka bere proiektu zerrenda osatu eta Bruselara bidaltzeko, baina, hala ere, dagoeneko 2021ean egonda ere, ez ditu oraindik irizpideak, joko arauak, argitu. Horrek ere ez du erraztu Euskadi Nexteko zerrenda osatzeko lana.

«Lehen zerrenda bat» dela esan du Jaurlaritzak, «agiri bizia» dela, moldatzeko aukera izango dela. Orain, zerrenda hor dago; bukatu da etapa bat, eta beste bat hasiko da, 2020a joan eta 2021a etorri den moduan. Mugarri bat igaro dela baliatuz, zilegi bitez eskaera batzuk politiken egileei; eskaera gutxi batzuk urte berrirako.

Anbizioa, adorea izateko garaia da. Zerrenda handinahia da Euskadi Nextekoa (bere argi-ilun guztiekin). Eraldatzaileak izateko borondatea eta aukerak dituzten proiektuak daude hor. Baina gehiago behar dira, gehiagorentzat. Eta izan daitezke Madrilen edota Bruselaren ikuspegiek mugatu gabeak. Zergatik ez? Lehen pentsaezinak ziren hainbat politika eta neurri errealitate bihurtu dira joan diren hilabeteetan, txarrerako baina baita onerako ere.

Parte hartzea eta elkarlana lantzeko garaia ere bada. Parte hartze zabala da modu eraginkorrenetakoa politikagintzan bidezkotasuna ziurtatzeko, gutxi batzuen interesak mugatzeko. Kudeaketa gardena eta elkarlana funtsezkoak izango dira orain ere, politika berriak bidezkoak izango badira. Pandemiaren aurretik esaten zen trantsizio ekologikorik ez zela izango bidezkoa ez bazen, trantsizio injustuari kontra egingo ziotela herritarrek. Balio dezake ildoak; euskal ekonomian ez da transformaziorik izango ez bada bidezkoa. Erresilientzia ekonomiko eta sozialik ez da errotzen desberdinkerian.

Urte berrira, politika berrirako; adorea eta elkarlana. Ez da asko eskatzea, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.