Eneko Gorri.
LARREPETIT

Lasai baina ozen

2015eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Elkarte munduak ideiak eta ausardia ez ditu eskas, baina horien obratzeko baliabideak bai. Administrazioek, aldiz, baliabideak badituzte, baina iniziatiba gaitasuna falta. Ekuazio hartarik abiatuta, dinamika hibrido bat eraiki zen 2011. urte bukaeran Miarritzen: tokiko euskalgintzaren ideietatik eta euskararen premietatik abiatuta, molde demokratiko eta horizontalean aste oso bat iraunen zuen egitaraua berritzailea muntatu zen. Hein batean, Txillardegik zioen moduan, bi zangoren gainean dabilen zera da euskara.

Lau urte berantago, hor da beti Mintzalasai egitasmoa. Laburra bai, baina guttiestekoa ez den ibilbidea izan du: urtero, hamarnaka antolaketa bilkura, 50 hitzordu antolatuak, 100 laguntzaile mobilizatuak eta urtez urte gero eta elkarte gehiago batzen dituen federazioa.

Hamabost elkarterekin hasi ginen: ikastola, gau eskola, udalekua, kultur elkartea, gaztetxea... Lau urte berantago, oraindik hor dira. Elkarren artean kexatzeko ohitura duen mikrokosmos batean, performantzia ederra da. Baina lau urtez, beste hamar egitura berri federazioan sartu dira. Eguneroko jarduna ez dute euskaraz egiten, ez dira (hurbiletik edo urrundik) «euskal mundutik» etortzen, baina euskarari atxikiak dira eta «zerbait» egiteko prest gainera. Duela bi hamarkada, «elkarte periferiko» horiekin lan iraunkor bat egitea ez zen hain erraza izanen. Zerbait aldatu da. Eta hori gure alde erabili behar dugu. Lapurdi kostaldean, jendeak euskarara hurbiltzeko aukera bakar bat ezin dugu galdu.

Zeregin horretan bere ekarpen xumea egin nahi du Mintzalasai ekimenak: euskaldunei euskara praktikatzeko aukerak eskainiz, ikasten dutenei molde ludikoan erabiltzeko hitzorduak proposatuz eta erdaldunei hizkuntza deskubritzeko aukera eskainiz, aurreiritzi guzien gainetik, aste osoan euskarak batzen gaituela frogatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.