Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Zazpi urterako kutxak nork beteko

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko bazter nahasleek hanka egin ondoren Europako Batasuna harmoniaren paradisua bilakatuko zela sinetsi nahi zuten horiek gutxi beharko dute ohartzeko business as usual dela Brusela aldean. Mahaiaren bueltan 28 aulki izan beharrean 27 izateak ez du mamia aldatu. Norbere interesa defendatzeari lehentasuna ematen diote estatu kideek, eta debate amaigabeek soilik ekarri ohi dute akordioa. Oraingo eztabaidagaia berria: EBren aurrekontua. Zazpi urtean behin erabakitzen dute EBko kideek zenbat diru jarri behar duten kutxa komunerako, eta zazpi urtean behin errepikatzen da eztabaida: aberatsek diru gutxiago jarri nahi dute, eta pobreek gehiago jaso nahi dute.

Charles Michel Europako Kontseiluko buruak bilera batera deitu ditu EBko 27 gobernuburuak, aurrekontua eztabaidatzeko. Ez da baztertu behar goi bilerak larunbatera arte irautea, baina horrek ere ez du ziurtatzen Bruselatik akordio batekin joango direnik. Ohiturak dio —eta ohiturak indar handia du EBn—, gutxienez bi goi bilera direla beharrezkoak ados jartzeko.

Londresek beti protagonismo handia izan du eztabaida horretan, ahalik eta diru gutxien jartzea baitzen beti haren lehen helburua —baita lortu ere, Margaret Thatcherrek negoziatutako txeke britainiarrari esker, zegokion baino gutxiago jartzen zuen—. Oraingoan ez da Bruselan egongo, baina hein handi batean bera izango da protagonista. Izan ere, Erresuma Batua zen gehien jartzen zuten herrialdeen artean bigarrena, eta hark jarritako 10.000 milioi euroak falta zaizkio EBri.

Hiru talde azaldu dira orain arteko negoziazioetan. Batetik, aurrekontua txikitu nahi dutenak daude: Herbehereak, Austria, Suedia eta Danimarka. EBren kutxan gehiago jartzen dute handik ateratzen duten baino. Gehienez, EBren barne produktu gordinaren (BPG) %1 jarri nahi dute; hain zuzen ere, orain arte jarritakoa, Erresuma Batuaren ekarpena aintzat hartu gabe.

Beste aldean, jarri baino gehiago jasotzen dutenak daude: Europa hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko herrialdeak. Haiek eskatu dute %1,11 jartzeko; hau da, Londresek jarriko ez duena beste batzuek jartzea. Haien aldean jar daiteke Europako Parlamentua, guztien artean anbiziotsuena, %1,3 jarri nahi baitu EBren aurrekontuan.

Bien erdian, Frantzia eta Alemania daude. Haiek jartzen dute diru gehien (ekarpenaren %42), baina beste lehentasun batzuk ere badituzte: bere laborarientzat dirua bermatzea Parisek, eta akordioa gehiegi ez atzeratzea Alemaniak.

Nekazariak eta klima aldaketa

Azken asteotan batzuekin eta besteekin negoziatzen aritu da Michel, baina ez du eman aurrerapausoen berri. Espero da Finlandiaren proposamena eramatea bilerara —hura da EBren jarduneko presidentea—. Helsinkik proposatu du EBren BPGaren %1,07 jartzea, eta horrek dakar %12 gutxiago ematea kohesio funtsetarako —herrialde eta eskualde pobreenek jasotzen dituzte—, eta %13 gutxiago NPB Nekazaritza Politika Bateraturako. Azken bi horiek EBren aurrekontu komunaren bi heren hartzen dituzte orain, baina haien pisua jaisten ari da, premiazko beste gai batzuk ere agertzen ari direlako. Europako Batzordeak, esaterako, diru gehiago eskatu du mugazaintzarako, baina, batez ere, bere programa kuttunerako, Europako Itun Berderako. Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak ohartarazi du ez duela onartuko aurrekontuaren %25 baino gutxiago bideratzea klima larrialdiaren aurkako borrokan.

Gaur-gaurkoz argi dagoen gauza bakarrenetarikoa da nekazarientzat diru gutxiago izango dela EBren kutxetan. Zenbat jakitea ez da posible, Frantziak zeresan handia baitu gai horretan, eta aliatuak ez baitzaizkio faltako —Espainia, Irlanda, Polonia...—. Diru gutxiago izateak zaildu egingo du EBren hurrengo erronketako bat: NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.