xabier martin
GEURE KONTU

Eta 2021eko errebotea, noizko?

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Iazko apokalipsi ekonomikoaren ondoren hazkundearen errebote handi bat espero dutenek galdutzat jo dezakete 2021eko lehen hiruhilekoa helburu hori lortzen hasteko aro gisa. Oraingoz errebote bakarra pandemiarena da, eta jokaleku horretan, konfinamenduek ez diote laguntzen ekonomiari. Tunelaren irteera urrutiago dago, eta munduko erakunde guztiak, baita Euskal Herrikoak ere, hasi dira beren aurreikuspenak doitzen. Krisiaren irteera ez da izango tunel bateko iluntasunetik eguzki epelera ateratzea bezala, itzalez betetako bide neketsu batean aurrera egitea baizik. Ikusteko dago zenbat enpresa, zenbat autonomo txiki eta soldatapeko izango diren gai ez erortzeko benetako helmugara daraman bide malkartsu horretan. «Lehiakorrak izaten jarraitu behar dugu azken txanpa honetan», esan du Gipuzkoako merkataritza ganberak, jakinda oraindik eustea tokatzen zaiela gutxieneko jarduera ekonomiko bat egin ezin dutenei.

Ziurgabetasuna modan jarritako hitza da Trump Etxe Zurira heldu zenetik, baina iazko martxotik beste adiera bat hartu du, maila asko igo baitituzte gizarteak eta ekonomiak ziurgabetasunaren eskaileran. Aldagai horrek galgatuko ditu Euskal Herriko gobernuak seguruenera, Aste Santuan nola jokatu behar den esatean, edo, hobe esanda, ez esatean. Nork jarri behar dio joarea Aste Santua izeneko katuari? Kontu publikoek aspaldian utzi baitzioten koadratzeari gutxieneko batean ere; ez da betiko izango Europako Batasunak eskainitako flotagailu keynestarra; halako batean, betebehar fiskalak iritsiko dira atzera, defizit eta zor erraldoiak bridatzen hasteko. Ez, errebote bat espero baldin badute, ez litzateke urteko lehen seihileko osoa galdu behar, eta horrek esan nahi du Aste Santuan aktibatu beharko litzatekeela orain izozturik dauden ekonomiaren hainbat alor. Nor ausartuko da, ordea, salba dezagun Aste Santua operazio batekin Hegoaldeko ZIUetako oheetan 172 COVID gaixo daudenean?

Hurrengo mugarria: Aste Santua

Kasik bi digitukoa izan da (%9,5) aurreko urteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian egindako zuloa. %8,3koa Nafarroan. BPGak izango duen errebotea %8,6koa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak, baina aurreikuspen hori baikorregi begitantzen da koronabirusaren mutazio kutsakorragoak eta txertoekin dauden hornidura arazoak tarteko. Gipuzkoako ganberak %6 eta %8 arteko hazkundea aurreikusi du asteon, eta bi puntuko tartea zabaltzeak garbi islatzen du bidegurutze batean direla hala gaixotasuna nola ekonomia, soka bereko bi mutur direnez. Edonola ere, jadanik onartua dago Europako ekonomia handienetan 2022. urtera atzeratuko dela COVID-19aren aurrekora itzultzea. Fluzo kondentsadorerik ez dago azkarrago iristeko iraganera. Errebotearen neurria urtearen bigarren erdiaren araberakoa izango da.

Eta atzerapen hori erabakigarria izan daiteke aldi baterako erregulazio baten haritik zintzilik dauden askorentzat, autonomo txikientzat, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutako enpresentzat. Enplegua %8 baino gehiago erori da, eta ABEEn flotagailuak ez ditu salbatuko gaur egun eusten dituen langile guztiak. Pandemiaren hirugarren olatua azken asteetan eragiten ari den osasun alarmak bere bikia izan dezake luze gabe ekonomiaren esparruan, eta, hari lotua, gizartean.

Agintariek egunero aldagai kontrajarriz beteriko erabakiak hartu behar dituzten garai honetan, ez da zaila aurreikustea zein izango den Hegoaldeko exekutiboen hurrengo mugarria: Aste Santuan nola jokatu erabakitzea. Egungo kutsatze maila Gabonetan muga are gogorragoak ezarri ez izanari egosten diote askok, baina argitu gabe azalpen horrek Europa osoarentzat balio ote duen, hirugarren olatua ez baita esklusiboa Euskal Herrian. Batera edo bestera, kutsatze maila ez bada nabarmen apaldu martxo erdialderako, gobernuek ez dute erabaki handirik hartu beharko, jarduera suspertzeko saio bat ametsa baizik ez baita izango. Pandemiaren zenbakiak apalak badira, ordea, ekonomiaren txanda iritsi dela diotenen aldarria inoiz baino ozenagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.