Albistea entzun

GEURE KONTU

Telelanaren tranpa

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguneko manifestazioko pankarta.
Lan Osasunaren Nazioarteko Eguneko manifestazioko pankarta. M. R. / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko maiatzak 2

Pandemiaren hurrengo olatua antsietatearena eta estresarena izango da. Gaixotasun psikosozialak handitzen ari dira, eta erakundeek garaiz iristeko aukera dute oraindik». Iragarpena Juan Carlos Cardenas UGT Euskadiko lan osasuneko arduradunak egin zuen, asteazkenean, Lan Osasunaren Munduko Egunaren karietara. Alfonso Rios CCOOko haren kargukideak antzeko adierazpenak egin zituen, eta telelanaren hedapenean jarri zuen arreta. Sindikatuek eta erakundeek gertutik bizi dute egoera. Pandemiarekin, areagotu egin dira lanarekin lotura duten edo hark eragindako gaitz psikologiko eta emozionalak, eta, haien eskutik, somatizatzearen poderioz, baita ondorio fisikoak ere.

Argi gorri bat pizten ari da ikusi nahi duenarentzat. Espainiako Lan Ministerioak arrisku psikosozialak detektatu eta salatzeko irizpide berri batzuk ezarri dizkie lan ikuskatzaileei. Iragan apirilaren 14an sartu ziren indarrean, eta lan araudiaren urraketak aurkitzeko eremua zabaldu diete. Isunak ere aurreikusten dira, 40.000 eurorainokoak. Beste tankera batzuetako lan gaitzekin ikusi da ikuskaritzak zorroztea ez dela konponbide magikoa, eragin eremu mugatua dutelako, baina deigarria da lan agintaritzak arrisku psikosozialetan arreta jartzea.

Arrisku psikosozialek aurpegi asko dituzte: jazarpen moral edota sexuala areagotzea, lan erritmoak gogortzea, langileak bakartzea... Eta beste hainbat ondorio: antsietatea, estresa, gaitz psikologikoak... Patroi bat markatzea ez da erraza, esparru publikoan zein pribatuan gertatzen direlako, baina sindikatuak eta Osalan bat datoz bi ohiko aldagai nabarmentzean: batetik, emakumeek maizago jasaten dituzte, eta, bestetik, arrisku handiagoa dago zenbat eta lan prekarioagoa izan. Beldurra aspaldikoa da, baina koronabirusak areagotu egin du mehatxua, eta pandemiak lan munduan eragindako aldaketetako asko luzerako iritsi dira.

Soldatapeko edo autonomo?

Etxetik lan egiteko aukera da aldaketa nabarmenetako bat: telelana, alegia. Alde positiboak ukaezinak dira: COVID-19aren zabalkundea murrizteko erreminta baliagarria da, eta langile askori lanerako joan-etorria arindu eta merkatu die. Baina ez da idealizatu behar. Telelanaren irudi bukolikoa balio erantsi handiko eta soldata oneko lanpostu liberalei lotuta doa: ingeniariak, arkitektoak, etxean lanerako gela bat eduki dezaketenak... Baina pandemiak langile prekarioak ere etxera bidali ditu, eta, orain, 1.000 euro irabazten dituzten telefonistek edo komertzialek etxeko sukaldeko mahaitik dihardute.

Era berean, pandemiak telelangile eredu berri bat sortu du: etxera bidalitako langile finkoa. Lantegi fisikoko baldintzak etxean mantentzen dituzte behargin horiek, baina ez da ahaztu behar pandemiaren aurretik etxetik lan egiten zuten gehienak autonomoak zirela, eta hor datza arriskua, enpresa askok orain ikusi dezaketelako soldatapekoek egiten duten lana autonomoen bitartez bete dezaketela. Esan gabe doa egoitza fisiko baten alokairua ez ordaintzea goxoki erakargarria dela enpresentzat.

Telelanak, baina, arrisku gehiago ditu. Lantokiaren eta etxearen arteko banaketa fisikoak deskonektatzen laguntzen du, eta zehaztasun handiagoz ezartzen da lan egunaren hasiera eta amaiera: lankideak etxera badoaz, zu haiekin. Etxean, aldiz, errazagoa da eternizatzea, eta horrenbestez eguna luzatzea. Telelanak, halaber, langileen atomizazioa dakar: lantaldearen babesetik urrundu eta bakartu egiten du. «Beti konektatuta eta bakarrik dagoen jendetza bat» osatzen dute telelangile horiek, Remedios Zafra filosofoak El entusiasmo saiakeran deskribatu dituen bezala. Ondorioz, langileen arteko elkartasuna lausotzen da, zailagoa da eskubideen alde borrokak ehuntzea eta sendotzea, eta lan arazo kolektiboak arazo pertsonal eta indibidual bilakatzen dira. Jazarpena edo tratu desegokia jasan eta ematea ere errazagoa da: bideodei bat izan daiteke boterekeriaren lekuko bakarra.

Etxetik jarduteak zaintza orduak ere areagotzen ditu. Adinekoen eta umeen zaintza amaiezina delako berez, eta telelanean diharduenak zama handiagoa hartzeko arriskua du: etxean denbora gehiago igarotzen duenak gehiago zainduko du. Eta, jardunaldi murriztuekin gertatzen den bezala, emakumeak nagusi dira telelanera igarotako lanpostu prekarioetan. Harekin datoz lanaldi bikoitza gogortzea, kontziliazioaren balizko oreka haustea, eta gaitz psikosozialak areagotzea. Eta etxea lantokia denean, zer da lan gaixotasuna? Nola ezberdindu zerk eragin duen antsietatea edo estresa? Hori erabaki behar duen mutualitateak zer esango du? Serio hartzen badute, lan ikuskariei ez zaie lanik faltako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Luiz Inacio da Silva <em>Lula</em> Brasilgo presidentea eta Alberto Fernandez Argentinako presidentea Buenos Airesen. ©EFE

'Sur': diru komun berria Hego Amerikan

Iñaut Matauko Rada

Brasilek eta Argentinak, Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenek, diru komun berri bat sortzeko bidea hasi dute aurten. Nahiz eta nazioarteko merkataritzan bakarrik erabiliko litzatekeen, galdera asko sortzen hasi dira gaiaren inguruan, Argentinaren egoera ekonomiko eta finantzario makalagatik batez ere.

Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. ©FOKU

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

Iñaut Matauko Rada

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...