jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Negurik luzeena

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hutsik dago egutegia; ez egunik, ez urtarorik. Pandemiak eraman ditu aurretik: herrietako jaiak, lagun eta familia ospakizunak, eta gorriz markatutako hainbat ospakizun. Honezkero «ofiziala» da San Tomas feriarik ere ez dela izango aurten, ez behintzat hiriburuetan. Udazkenari adio esan eta neguko solstizioari hasiera emateko ospakizun horregatik izango ez balitz, pertsona askok ez lukete jakingo noiz amaitzen den bata eta noiz hasten bestea. Eta are gehiago aurten: bi egunen faltan, zeinek esango luke ez dela negua hasi? Eraikinak aireztatzea komeni delakoan, hotza nonahi: lantegietan, ostatuetan... Eta larriagoa dena: Hego Euskal Herrian hamar etxebizitzatik batean diote zailtasun ekonomikoak dituztela berogailua pizteko. Haiek bezala, familia eta norbanako ugarik fakturari begira pasatuko dute negua, birusaren zabalkunde datuei baino arreta handiagoz, akaso.

Jakina zen hotza etorriko zela. Eta, ondorioz, gasaren garestitzea ere bai. Garestiago, urtarriletik egon baita azken urteetako batez besteko prezioetatik gora. Udan piztu ziren lehen alarmak, argindarrarena marka guztiak apurtzen hasi zenean. Elkar lotuta baitoaz bata eta bestea, gaur-gaurkoz gasa ezinbestekoa delako elektrizitatea sortzeko. Hala, inoizko prezio garestienekin amaituko da urtea. Orain gutxi arte, erakunde eta aditu gehienek esaten zuten datorren urteko udaberrian «normalduko» zirela prezioak; orain, gero eta gehiagok diote ez dela hala izango.

Oraingoz, inor gutxik hitz egiten du energia krisi bati buruz. Denbora beharko da gertatzen ari dena aldi baterakoa den ala egiturazkoa den jakiteko. Baina agerian geratzen ari da bata ala bestea izan ondorioak sakonak izango direla. Izan ere, gasaren auzia deiturikoa ez du COVID-19ak sortu. Urte batzuetatik hona nazioarteko geopolitikaren pieza nagusietako bat da. Batzuek esatea gustuko duten moduan, gasa izaten ari da eta izango da trantsizio energetikoaren energia, berriztagarriak ugaritu bitartean. Eta ekonomiaren berrabiatzearekin batera ikusi da zeinen handia den gasarekiko dependentzia mundu osoan.

Auziari heltzeko asmoz, aste honetan bildu dira Europako gobernuburuak, eta azaleratu dituzte gako batzuk. Batasunaren mugetatik kanpo iristen da kontsumitzen den gas guztia ia, eta bi lekutatik, nagusiki: Errusiako gasbideetatik, Ukrainan zehar, eta AEBetatik, itsasontziz. Eta agintariak Moskura begira jarri dira, beste auzi batengatik, baina lotura zuzena duena gasarenarekin. Errusia Ukrainako mugetan baliabide militarrak hedatzen ari delakoan —2014ko danbor hotsak gogoan—. Europako Batzordeak Putini ohartarazi dio eraso militar batek «ondorio larriak» izango dituela.

Errusiaren, AEBen eta Txinaren artean jokatzen ari da gasaren partida. Aurreneko biak dira munduko lehen produktoreak, eta hirugarrena da bezero nagusia. Europak bere kartak jokatu nahi ditu. Txinaren beharrek garestitu dute kontinentera heltzen den gasa. Eta iritsi, iristen da, kontratuetan jasota dagoen kopuruetan, aldeek onartu dutenez. Baina Europak gehiago behar du, eta merkeago. Biltegiak gutxienekotan daude, eta inportatutako kopuruak mantenduta ere, erreserbak egungoaren mailan egongo lirateke datorren udaberrian, arazoa hurrengo negura luzatuz. Bi aukera ditu Europak: Bata Ukrainatik pasatu gabe Alemaniara doan gasbide berria (Nord Stream 2) zabaltzea litzateke, baina Berlinen baimenen zain jarraitzen du Moskuk —eta interes handia du horretan, Ukraina (AEBen aliatua) zeharkatzen duen gasbidearen menpeko ez izateko—. Bestea, AEBetatik ekartzea; garestiagoa.

Borroka horren erdian Espainiak, Frantziak eta beste herrialde batzuek—funtsean AEBen gasaren menpekoagoak direnak— proposatu dute erosketa bateratuak egitea, COVID-19aren txertoarekin egin den bezala. Baina Alemania buru duen taldeak baztertu egin du aukera hori, ez bada «larrialdi kasu» baterako eta betiere herrialde batzuen artean, baina inolaz ere Europako Batasuna inplikatuta. Argudioa: gasa ez da txertoa; gasaren merkatuan aktore gehiagok parte hartzen dute, eta halako erosketa batek «distortsioak» eragin ditzake barne merkatuetan.

Gasa epe motz-ertaineko politika energetikoen erdigunean egongo da, eta energiaren prezioen aldakortasuna ohikoa izango da. Kasu horretan ezer gutxirako balioko dute gobernuek fakturak merkatzeko hartu dituzten behin-behineko neurriek —BEZaren jaitsiera, bonu sozialak, txekeak...—. Negua iritsi da, eta luze jo dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.