Eneko Gorri.
LARREPETIT

Prezioen alde gordea

2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lurramako bolondresak 10. edizioaren muntaketa lanetan ari direla, duela hamabost urte Mixel Berhokoirigoinek idatzitako kronika bat burura datorkit. Bertan mundu modernoaren paradoxa handia agerian ematen zuen: jendarteak aitzinamendu bezala hautematen duela janaria geroz eta merkeago ordaintzea. Familien aurrekontuari begiratzen badiogu, azken 50 urteetan elikadurari dedikatutako partea apalduz joan dela ikusten dugu… eta denbora berean kontsumitutako kantitateak gora egiten.

Elikadura aldetik, kontsumo ohituren aldaketaren belaunaldikoak gara. Gure gurasoek hazkurri industriaren goraldia ezagutu dute. Sukaldatutako platera, fastfood eta airerik gabe paketatu edo izoztutako janariekin haziak izan gara. Irabazitako denbora eta prezio apalak, kalitatea eta jatorria baino garrantzitsuagoak ziren garai hartan. «Gustua galtzea ere zein dugun errexa», dio kantuak. Industrialek hori lortu dute behintzat, baina gosetea mundutik desagerrarazi gabe. Arraina laukia eta ogiztatua zela uste zuten haur belaunaldien ondotik etorri da elikadura burujabetzaren aldeko eta jan txarraren kontrako bolada.

Eta gaur egun, zirkuitu laburrak, ekoizle-kontsumitzaile harreman zuzenak, kalitate labelak, lurraren errespetua… gure praktiketan sartuak dira, zentzua berreskuratzeko goseak liberalismoak inposatutako ereduari gaina hartu balio bezala. Ekosistema guzi horren erakusleiho izango da aurten ere Lurrama saloia. Epe luzearen eta buruargitasunaren parioa egiten dutenen topalekua, dudarik gabe. Publizitarioek saldu nahi dizkiguten prezio apalen gibelean, jendarte hautu oso bat gordetzen dela kontziente garelako. Baina funtsean, gauzak ez dira hainbeste aldatu azkenean: janariaren prezioa oraindik ere salmenta argumentu baita. Logika guziaren abiapuntua ez al da? Fastread jendartean bizi garenez, karaktere kopurua agortu zait. Datorren astea itxoin beharko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.