Kattalin Miner.
LARREPETIT

Lesbiana nabarmenak

2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Oraindik entzun behar izan nion ezkertiarrok betetzen dugun taberna jator batean tipo bati lehenago inori entzun ez nion deklarazio argigarria: «Niri berdin zait norekin oheratzen diren, baina (bai, baina hori da) zergatik adierazi behar dute une oro?». Eta errematea: «Ni ez noa leku guztietara heterosexuala naizela esanez!».

Izan zitekeen txikitero zaharra, edo betiko matxito bat, baina ez, gazte jator ezkertiar iluminatu bat besterik ez zen. Niri zuzendu ez bazitzaidan ere, inguratu egin nintzaion, eta gozo esan nion: «Zuk uste ez arren, bai, zure existentzia hutsarekin berresten duzu une oro zure heterosexualitatea». Lerdo izatea erabaki dutenetakoa zenez, ezbaian geratu zen esaldi horrek bere alde edo aurka zertatik zuen gehiago deliberatzen.

Kontua da, Ekainaren 28a bueltan denez, pedagogia apur bat oparitu nahi niekeela hala pentsatzen dutenei. Izan ere, ez dira konturatzen, haiek, hain heterosexual, hain jator, hain normal eta onbera, beraiek direla heterosexualitateak berak erregimen politiko gisa irauteko ezinbesteko piezak. Inork ez du oihukatzen «heteroa naiz!» (eta eskerrak) ez dagoelako inongo beharrik. Guztia delako heteroa mundu honetan. Kalea, zinema, politika, familia, eskola, musika, lana, taberna. Ingurura begiratuta zaila da heterosexuala ez den beste zerbait topatzea. Eta oraindik batzuei molestatu egiten die besteon nabarmenkeriak, ozen aditzeak. Hara ba, ni neu ere nazkatuta nago; izan ere, nahiko nukeen baino heterosexualitate dezente gehiago ikusten dut goizero munduratzen naizen momentutik.

Beraz, bai, nabarmentzen jarraituko dugu, lesbiana, trans edo maritxuak garela esaten, ez bakarrik harro gaudelako edo borroka egingo dugulako heteropatriarkatuaren kontra, baizik eta gaur egun, kontrakorik esan ezean, denak garelako heterosexualak de facto. Eta kontzesio asko egin daitezke bizitzan, baina hortik bai ez garela pasatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.