GEURE KONTU

Hiru urratseko operazioa

Garcia Erauzkin, Euskaltel burtsaratu zenean.
Garcia Erauzkin, Euskaltel burtsaratu zenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Iker Aranburu -

2019ko apirilak 14
Hasi da Euskaltel kontrolatzeko borroka. Iragarritakoa bete, eta Zegonak jada lortu du bere lehen helburua: Euskalteleko akziodun nagusia izatea. Akzioen ia %16 izan ordez, %21 ditu orain funts britainiarrak, eta %19,8an geratu da orain arteko akziodun nagusiaren partaidetza, Kutxabankena. Gehiengoa lortuz gero enpresaren oraingo estrategia aldatu nahi duela iragarri duen arren, egiten utzi diote beste akziodunek. Are gehiago, Kutxabankek lana erraztu dio, akzioen %1,43 saldu baitzituen duela aste batzuk, parte hartzea %20etik behera jaisteak kontabilitatean onurak ekartzen dizkiolako.

Lehen urratsa egin du Zegonak. Baina bigarrena egin ahal izango du? Zer jarrera hartuko dute Alberto Garcia Erauzkinen zuzendaritza taldea babestu duten akziodunek? Euskaltel kontrolatzea da funts britainiarraren bigarren helburua, derrigorrezko urratsa Zegonaren hirugarren eta benetako helburua lortu ahal izateko: etekina ateratzea Euskaltelen egindako inbertsioari.

Oraingoz, urrun du xede hori. Kontuan hartuta akzio gehienak 9,5 euroko prezioan eskuratu zituela —Euskaltelek Telecable erosi zionean—, gutxienez hamar eurotik gora saldu beharko lituzke akzioak negozioa egiteko; ostiralean, 8,4 euro baizik ez zuten balio. Egia da, ordea, Zegonak bere asmoen berri eman zuenean 6,5ren bueltan zeudela.

Nola lortu Euskaltelen akzioek gora egitea? Irabaziak handituta eta enpresa erakargarriago eginez ageri daitezkeen erosleen begira. Zegonak uste du Euskaltelek handira jo behar duela horretarako; orain arteko estrategia utzi behar duela, lurraldez lurralde zabaltzearena olio orban baten moduan, eta Espainia osora berehala hedatu behar duela. Zenbat eta handiagoa, orduan eta gustagarriagoa.

Hautagaiak ez zaizkio faltako Euskalteli zuzendaritza talde berri batek salgai kartela jarriz gero. Kontzentraziora jotzen ari da telefoniaren mundua, lehia estuak irabazi errazak egiteko aukerak gutxitu dituelako, eta kostuak txikitzea delako orain gakoa. Izen bat ematekotan, Orange dator burura. Frantziako telekomunikazio enpresa horrek ukatu egin du orain Euskaltel osorik erosi nahi duela, baina prentsa ekonomikoak, asteak joan eta asteak etorri, Euskaltel Orangeren orbitan jartzen du.

Beste hautagai bat Virgin Mobile da. Enpresa horretatik datoz Zegonako buruak, eta harekin tratua egin dute bere marka erabiltzeko.

Balio emozionala

Aliatuak baditu Zegonak Euskaltel kontrolatzeko. Artemis (%3,75) eta Capital Research (%5,27) funtsak Zegonaren akziodun ere badira, eta beste akziodun batzuei ere ezer gutxi interesatzen zaie Euskaltelen errotzea. Dirua egiteko tresna bat da haientzat, eta bost axola die non dauden lanpostuak —400dik gora Euskal Herrian—, zergak non ordaintzen dituen, hornitzaileek zer helbide duten, eta are gutxiago Euskaltelek Euskal Herriaren iruditeria kolektiboan zer leku duen. Izan ere, balio estrategikoa izan dezake Euskaltelek, baina, gaur egun, ziur aski, handiagoa da Euskaltelek euskal gizartearentzat duen balio emozionala, elastiko laranjako txirrindulariek, publizitate kanpaina ikusgarriek edo euskarari ematen dion tratu duinak sortutakoa.

Balio emozional horren pisua antzemango zuen Eusko Jaurlaritzak bere burua mugitzera behartu duenean. Enpresaren bultzatzailea izan zen, akziodun nagusia, eta Euskaltelek gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen duen kable sarearen jabea ere bai. Baina akzioak diru freskoaren truke aldatu zituen aspaldi, eta orain patrika astindu beharko du Zegonaren azken helburua eragotzi eta errotzea bermatu nahi badu. Funts bat badu horretarako, 250 milioi euro izan behar zituena, baina nekez hustuko du Zegonaren planak zapuzteko. Eta berdin esan daiteke BBK fundazioaz ere: bere burua eskaini du, baina haren poltsak gehienez 70 milioi ditu, akzioen %5 erosteko adina.

Kutxabank da giltzarria Zegona geratzeko frontea osatu nahi badute. Eta, oraingoz, mutu dago Gregorio Billalabeitia buru duen bankua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna