Ostiralekoa. Donostiako 71. Zinemaldia. Proposamenak

Uzta oparotik, aukera sorta bat

Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta, irailaren 30era bitarte, mota guztietako pelikulak izango dira ikusgai: dokumentalak, fikzioa, drama.... Hona eskaintza horren zertzelada batzuk

5. Anatomie d'une chute.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zinemazaleek izango dute asteon non aukeratua. Gaur hasiko da Zinemaldia, eta, irailaren 30era bitarte, estilo eta gai guztietako pelikulak izango dira ikusgai Donostian.

Ikusi gehiago:BERRIAk askotariko formatuetan emango du Zinemaldiaren berri

Prest dago makineria, eta zabalduta alfonbra gorria. Sail Ofizialean, Hayao Miyazakiren Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron lanak emango dio hasiera jaialdiari, eta, foku gehientsuenak atal horrek bereganatuko dituen arren, badira beste hainbat aukera. Hemen hamar aleko proposamen bat:

1.'LOS COLONOS'
Zuzendaria:Felipe Galvez.
Iraupena: 97 min.
Herrialdeak: Txile, Argentina, Erresuma Batua, Taiwan, Frantzia, Danimarka eta Suedia.
Saila: Horizontes Latinos.

Los colonos filma aurkeztuko du Felipe Galvez zuzendari txiletarrak. Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztu zuen lana aurten, eta Fipresci saria irabazi zuen. XX. mende hasieran Patagonian izandako herri indigenen genozidioa du hizpide. Bere lehen film luzea da, baina badu esperientzia zinemagintzan; hala nola film labur hauek zuzendu ditu: Silencio en la sala (2009), film labur onenaren saria Baficin; Yo de aquí te estoy mirando (2011), Rotterdameko jaialdian estreinatua; eta Rapaz (2018), Cannesko Semaine de la Critique atalean emana.

2. 'ORLANDO, MI BIOGRAFíA POLíTICA'
Zuzendaria:Paul B. Preciado.
Iraupena: 98 min.
Herrialdea: Frantzia.
Saila: Zabaltegi - Tabakalera.

Berlinalen lau sari eskuratu zituen —tartean, Epaimahaiaren sari berezia— Paul B. Preciado zinemagilearen Orlando, mi biografía política filmak. Virginia Woolfek 1928an argitaratutako Orlando eleberria du abiapuntu, eta generoari eta sexuari lotutako gaiak ditu hizpide.

Preciado filosofoa, idazlea eta arte komisarioa da, eta bere lehen film luzea da hau. Hainbat liburu ere idatzi ditu: Manifiesto contrasexual (2002), Testo yonqui (2008), Pornotopia (2010), Un apartamento en Urano (2019), Yo soy el monstruo que os habla (2020) eta Disphoria mundi (2022).

3. 'EL SUEÑO DE LA SULTANA'
Zuzendaria:Isabel Herguera.
Iraupena: 85 min.
Herrialdeak: Euskal Herria, Espainia eta Alemania.
Saila: Sail Ofiziala.

Isabel Herguera ekoizle eta animazio zuzendari donostiarraren lehen pelikula luzea da El sueño de la sultana animaziozko filma. Begum Rokeya Hossain idazle bangladeshtarrak 1905ean argitaratutako ipuin baten moldaketa da; Ines izeneko emakume batek iniziazio bidaia bat hasiko du Indian, Ladylan emakumeen lurralde utopikoaren bila. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den Europako lehen animaziozko lana izango da —munduko lehena Mamoru Hosodaren Bakemono no Ko izan zen (2015)—. 2D animazioa landu dute, batez ere akuarelarekin, eta zenbait pasarte beste teknika batzuekin animatu dituzte; esaterako, larruazala koloratzeko erabiltzen den hennarekin. Herguerak ibilbide oparoa du animazioan; haren La gallina ciega (2005), Ámár (2010), La tumba del marinero (2014) eta Amore d'inverno (2016) film laburrek, besteak beste, sari ugari eskuratu dituzte nazioartean.

4.'CAREFREE DAYS'
Zuzendaria:Liang Ming.
Iraupena: 120 min.
Herrialdea: Txina.
Saila: Zuzendari Berriak.

Liang Ming aktore, zuzendari eta gidoigile txinatarraren bigarren film luzea da. Wisdom Tooth (2020) lehen lana arrakastaz erakutsi zuen nazioarteko hainbat zinema jaialditan, eta Carefree Days haren bigarren filmak inauguratuko du orain saila. Ban Yu idazlearen izen bereko nobela bat du oinarrian, eta gaixorik dagoen eta munduan bere tokia aurkitu nahi duen emakume gazte bat du protagonista. Hemeretzi herrialdetako 11 ekoizpen izango dira ikusgai Zuzendari Berriak sailean, zinemagileen lehen edo bigarren filmak denak ere.

5.'ANATOMIE D'UNE CHUTE'
Zuzendaria:Justine Triet.
Iraupena: 150 min.
Herrialdea: Frantzia.
Saila: Perlak.

Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia irabazi zuen Justine Triet zinemagile frantsesak Anatomie d'une chute filmarekin: Urrezko Palma. Sari hori irabazi duen hirugarren emakumea da. Pelikulak emakume bat du protagonista —Sandra Hullerrek antzeztu du—; haren senarra hil egin da, eta, hasieran heriotza istriputzat jo bada ere, emaztea izan den susmoak areagotuz joango dira.

Trietek Sur place (2007) eta Vilaine Fille, mauvais garçon (2011) film laburrekin eta Solférino (2008) eta Des ombres dans la maison (2010) dokumentalekin egin zituen zinemagintzako lehen urratsak. 2013an zuzendu zuen fikziozko bere lehen filma, La bataille de Solférino, eta horren ondoren Victoria (2016) eta Sibyl (2019) filmetan aritu da zuzendari lanetan.

6.'NO ME LLAME TERNERA'
Zuzendariak: Jordi Evole eta Marius Sanchez.
Iraupena: 101 min.
Herrialdea: Espainia.
Saila: Made in Spain.

Jordi Evoleren eta Marius Sanchezen No me llame Ternera lanak hasiko du Made in Spain saila Zinemaldian. Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat da dokumentalaren ardatza. ETAk 2018an desegin zen arte izandako «une erabakigarri» batzuez arituko dira dokumentaleko elkarrizketa «tirabiratsu eta sakonean», Zinemaldiaren arabera. Producciones del Barrio ekoiztetxeak —Evolek sortu zuen, 2015ean— eta Netflixek ekoitzi dute dokumentala. Zinemaldian estreinatu ondoren, plataforma horren katalogoan sartuko dute.

Ikusi gehiago:Jose Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria: «Hitza emateari ez zaio beldurrik izan behar»

Harrabotsa ere sortu du. Hainbat elkartek eta gizabanakok gutun ireki bat helarazi zioten Zinemaldiari, eta, horretan, dokumentala ez zabaltzeko eskatzen zioten zuzendaritzari, ETA eta Urrutikoetxea «zuritzen» dituelakoan. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek ezezko argia eman zien. Ukatu egin zuen dokumentalak ETA zuritzen duela, eta gaineratu zuen agiri horrek filma ikusi gabe eskatzen duela zentsura.

7.'BIZKARSORO'
Zuzendaria:Josu Martinez.
Iraupena: 82 min.
Herrialdea: Euskal Herria.
Saila: Zinemira.

Euskarazko lau film estreinatuko dituzte Donostiako 71. Zinemaldian; erdiak, Josu Martinezenak. Ezaguna du jaialdia, Zinemira sailean aurkeztu baitzituen Sagarraren denbora (2010) eta Paperezko hegoak (2021). Aurten, berriz, bi film erakutsiko ditu sail horretan: Bizkarsoro, alegiazko herri batean kontaturiko bost istorio errealez osatutako pelikula; eta Mirande, film baterako zirriborroa, Jon Mirande idazlearen bizitzari eta lanari buruzko dokumentala —Zinemira saila itxiko du—. Bizkarsoro pelikulako istorioen bidez, XX. mendean Ipar Euskal Herriko herri batean izandako aldaketa sozialak azalduko ditu.

8.'CERRAR LOS OJOS'
Zuzendaria:Victor Erize.
Iraupena: 170 min.
Herrialdeak: Espainia eta Argentina.
Saila: Donostia saria.

Mende erdia igaro da El espíritu de la colmena-k, Victor Erizek bakarka zuzendutako lehen filmak, Urrezko Maskorra irabazi zuenetik Donostiako Zinemaldian. Gainera, aurten, 31 urte film luzerik egin gabe egon ostean, Erizek pelikula berri bat aurkeztu du: Cerrar los ojos. Aukera hori baliatzeko, eta, batez ere, zinemagilearen ibilbidea goraipatzeko, Donostia saria jasoko du jaialdian; irailaren 29an, Viktoria Eugenia antzokian. Cannesen aurkeztu zuen Cerrar los ojos pelikula, lehiaketatik kanpo. Amaitu gabeko film baten eta aktore baten desagerpen misteriotsuaren inguruko istorio bat kontatzen du lanak. Donostia saria eman ondoren pantailaratuko dute.

Javier Bardementzat da beste Donostia sarietako bat, nahiz eta garaikurra ez duen aurten jasoko. Hollywoodeko aktoreen grebagatik, ezin du halako agerraldirik egin, eta, beraz, 2024ko aldian emango diote. Hirugarren Donostia saria, berriz, Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrak eskuratuko du. Hain zuzen, haren azken filmak zabalduko du aurtengo aldia, Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron lanak. Inaugurazio galan jasoko du saria, era birtualean —Tokion egongo baita, eta ez Donostian—. Animazioaren maisua da Miyazaki, eta haren lana omendu nahi dute Zinemaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.