Eneko Gorri.
LARREPETIT

Gure hitzak

2015eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hitzak inportanteak dira. Aktualitateak eta eguneroko biziak etengabe ikusarazten digute hitzen hautuek duten eragina. Zentzu karga handia dute eta gutxitan kasualitatea izaten da hedabideetan eta diskurtso politikoetan erabiltzen diren «mintzaira elementuak». Hizkeraren profesionalei media training formakuntzak ematen zaizkie sotiltasun guziez jabetzeko eta errealitate berri bat eraikitzeko (Orwelen Novlangue famatua).

Azkenaldian, alabaren haurtzaindegiaren biltzar nagusian, elkarteko kide batek diru bilana aurkezten zuela, «soldata masak» aurrekontuaren %80 errepresentatzen zuela zioen eta horretan «kargu sozialek» geroz eta pisu gehiago zutela deitoratzen zuen. Bilana aho batez bozkatu ondoren, bazter solas batean ondoko urtean «kotizazio sozialez» aritzea proposatu nion laguntasun osoz, garagardo bat eskuetan. Berak ezetz, bere ofizioa ezagutzen zuela eta ororen buru gauza bera erran nahi zuela. Nik ezetz, ez ote zuen uste jendartearen ikuspegi liberala garraiatzen duen eraikuntza semantikoa dela, langileria ez dela murriztu beharreko pisu bat eta kotizazioak arindu beharreko ekarpenak (batik bat dimentsio humanoa duen eta gure haurtxoez arduratzen diren egitura batentzat). Xehekerietan galtzen nintzela erranez, urrundu zen eskua kakahuetez betetzera.

Novlangue berriak gure burumuinak kutsatzen ditu molde arras lausoan, eraikitakoa naturala dela barneratzeraino. Gaur egun, «plan sozialek» «kaleratzeak» ordezkatu dituzte, «mugimendu sozialek» «klase borroka», «bideobabesak» «bideozaintza» eta «merkatu ekonomiak» «kapitalismoa». Gure «eskubideak», «pribilegio» bilakatu dira, eta «errefuxiatuak» «klandestino».

Bitartean, igande huntan azken hiru hamarkadetan bezala, «Autonomia eta amnistiaren eguna» ospatuko da Makean. «Gatazkaren ondorioak» eta «lurralde elkargoa» erranaldiek oraindik haizatu ez dituzten bi hitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.