Eneko Gorri.
LARREPETIT

Fusioa(k)

2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Igande honetan jokatu zen Baiona eta Miarritzeren arteko errugbi derbia. Kirolzaleak ez garenontzat, partida horiek ez dute interes handirik, bereziki euskal errugbiak dirdira galdu duen garaiotan.

Iragan sasoi bukaeran, fusioaren «sekuentzia» bizi izan dugu. Mailaz ez jausteko (besteak beste) hurbiltze bat bideratzen ahalegindu ziren gordeka. Bi hirien arteko fusioa baino gehiago, euskal klub handi baten sorrera zen jokagai. Finantza aldetik, partaidetzak optimizatzeko aukera; kirol aldetik, goi mailako jokalariak trebatzeko eta etorrarazteko aukera; nortasun aldetik, txapelketan euskal talde bat lehiarazteko aukera... Metodo akatsetatik haratago, tokiko interes berekoiek dute proiektua porrotera eraman. Zinezko aukera galdu bat. Sasoi bat edo bi itxoin beharko dira oraindik egitasmo hori berriz kartoietatik ateratzeko.

Derbi horren biharamunean bertan, beste fusio baten une garrantzitsua iragan zen. Euskal Aturri kostaldeko hautetsiek HELEP bakarrari buruz beren iritzia eman dute: 10 alde, 22 kontra. Erabakigarria ez, baina adierazgarria bai. Ohargarriak ere kontrakoen justifikazio saioak, batek «boz horrek min egiten» diola, besteak bozketa gordea galdetuz eta azkena iritzi publikoak hautu horretaz eginen duen «interpretazio txarraz» kezkatzen. Baina hitzek pisu gutxi dute ekintzen eragina ikusita.

Herriko kontseiluek dute erabakia. Baina prefetak finkatutako ordezkagarritasunaren baldintzarekin, bost hiri horien deliberoak pisu handia du instituzio berriaren egituratzean. Ohartzen ote dira haien argumentu faltsuek ez dituztela gordetzen haien interes berekoiak? Kontziente ote dira aukera hori galduz gero itxoin beharko dugun epea ez dela sasoitan kontatzen, hamarkadetan baizik?

Lerro hauek idazterakoan, 158 udalerrietatik 24k alde bozkatu dute, eta 7k, kontra. ACBAko hautetsi horiek, historiaren kontra aritzeaz gain, korrontearen kontra ere nabigatu nahi dutela dirudi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.